Izaro FERNANDEZ IRIONDO
Donostiako Informatika Fakultateko Irakasle eta Ikerlaria, UPV/EHU

Adimen Artifiziala garun ikerketan bidelagun

Gakoa mediku eta zientzialarion arteko elkarlanean dago.
Gakoa mediku eta zientzialarion arteko elkarlanean dago. (David GYUNG | GETTY IMAGES)

Giza garuna oso organo konplexu eta bizia da. Milaka eta milaka neuronen arteko sinkronizazio perfektuari esker gure eguneroko bizitzako jarduerak gauzatu ditzakegu. Neurona sare erraldoi hori aktibo mantentzeko energia kantitate handia kontsumitzen du garunak. Izan ere, burmuinak gure pisuaren %2 hartzen duen arren, gure gorputzak duen energiaren %20 inguru kontsumitzen du atseden egoeran.

Eta nola barnera gaitezke gure garunean? Gaur egun dugun teknologiari esker, erresonantzia magnetikoari esker alegia, garuneko ia mutur guztiak aztertzeko gaitasuna dugu. Hala eta guztiz ere, bidaia horretan garunean gauzatzen diren prozesu konplexuak ulertzeko laguntza behar dugu zientzialariok. Zorionez, burmuineko irudien azterketa horretan aliatu berri bat dugu: Adimen Artifiziala (AA)! Imajinatu AA detektibe nekaezin bat bezala, edozein pertsonak begi bistaz baino datu kopuru askoz handiagoak aztertzeko eta ezaugarri ezkutuak aurkitzeko gai dena.

Baina nola laguntzen digu zientzialarioi AA-k? Hasieran, gizakioi gertatzen zaigun moduan, AA deituriko detektibeak ez daki ezer gure garunari buruz ez baitu inoiz ikusi. Hala ere, pertsona gaixo eta osasuntsuen hainbat eta hainbat irudi erakutsi ondoren gai da gaixotasunaren ezaugarriak antzemateko denbora-tarte labur batean. Horrelaxe, adimen artifiziala laguntza bikaina izan daiteke gaixotasunen diagnosian eta, batez ere, pertsona bakoitzak behar duen tratamenduaren pertsonalizazioan.

Izan ere, tratamendu pertsonalizatua gaur egungo erronka handienetariko bat da. Zergatik? Lehendabizi, pertsona bakoitza mundu bat delako eta ondorioz, bakoitzak bere garun-ezaugarri propioak dituelako. Gaixotasun bera bi pertsonek ez dutelako zertan berdin pairatu; eta gainera, gaixotasun bera izanik eta sintomatologia bera adierazi arren, bi pertsona horiek tratamendu berari oso ezberdin erantzun diezaioketelako. Horregatik guztiarengatik, AA-k gaixotasun bera duten pertsonen artean garun-ezaugarri antzekoak partekatzen dituzten azpitaldeak aurki ditzake eta azpitalde bakoitzerako tratamendu pertsonalizatu eta eraginkorragoen diseinua ahalbidetu dezake.

Eta hain lagungarria dela ikusi ostean, zer pentsatzen du jendeak AA medikuntzan erabiltzeaz? AI4MED (ai4med.org) Adimen Artifiziala medikuntzan erabiltzea helburu duen elkarteak jardunaldi bat antolatu zuen Valentzian 2023ko martxoan eta inkesta bat egin zuten ikusleen artean. Partaideen %95,6k AA medikuntzan erabiltzearekin ados zegoela erantzun zuen. Hala ere, beste galderetako batean AA-k oraindik ere eurengan deskonfiantza edota beldurra eragiten zuela onartu zuten.

Partaideen erdiak baino gehiagok (%57,8) Adimen Artifizialak mediku eta pazientearen arteko erlazioari gizatasuna kentzen ziola erantzun zuen; partaideen %46,7k uste zuen oraindik ere ezjakintasun handia dagoela AA-ren inguruan bai medikuen bai zientzialarion aldetik; %28,9k oraindik AA erremintak ez direla hain zehatzak uste zuen, eta ikusleen %11k AA-ri diogun beldurra beste arrazoi batzuei atxikitzen zien.

Beraz, zer espero dezakegu Adimen Artifiziala medikuntzan erabiltzeari buruz? Adimen Artifizialak, garunaren azterketari aplikatuta, aurrerapen handiak ekarriko dizkigu ikerlarioi; hala ere, gakoa mediku eta zientzialarion arteko elkarlanean dago. Izan ere, zertarako balio du AA tresna itzel batek gero ez badugu praktikan jartzen? Oraindik lan handia dugu aurretik. Alde batetik, zientzialariok medikuen beharrak ulertzeko gai izan behar dugu lagungarriak izango zaizkien tresnak gauzatzeko. Bestalde, medikuek zientzialariok diseinatzen ditugun tresnak ezagutu behar dituzte eta horiek beren eguneroko lanean integratzeko teknikak garatu. Helburu horiek bideratuz, etorkizuna oso oparoa izan daiteke jakintzagai guztietako langileok batera lan egiten badugu jomuga berera heltzeko. •