Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

Kaputxadunak

(Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Donostiak eta Zinemaldiak badute kolore-sorta oso zabala eskaintzeko bertutea. Eguraldiaren eta eguneko unearen arabera, Donostiak soineko oso desberdinak jantz ditzake. Apartekoa da hiria horretan, aurpegi desberdinak erakusten. Eta Zinemaldiak bi begietan kabitzen zailak diren begiratuak eskaintzen ditu edizioa joan eta edizioa etorri. Aurten ere, zinemarik onena, distiratsuena, gogorrena, arantzatsuena, sinesgarriena, harrigarriena, aldrebesena, kaskarrena, azalekoena, sakonena... gozatzeko aukera izan da. Eta kontua da batentzat distiratsuena dena kaskarrena izan daitekeela bestearentzat. Azal bakoitzak bere modura arnasten ditu filmak. Hor dago koska, magia. Jordi Evoleren “No me llame Ternera” lanak nahikoa zalaparta sortu du. Une batean kaputxa bat jartzen saiatu dira, bi zulotxo horietatik film hori baino ikusten ez genuela. Zinemaldia den kolore eta sentsazio sorta zabal hori galtzeko arriskua ere gertu izan da. Zinemazaleek asmatuko ote zuten kaputxa inposatu hori kentzen...