Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Hezkuntza eraginkorra

Iraultza beharrean, proposamen xumeak behar dira eskolan.
Iraultza beharrean, proposamen xumeak behar dira eskolan. (GETTY IMAGES)

EAEko hezkuntza sistemari buruzko eztabaida bukatu zen, egun Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez ikusiarena egitea erabaki zutenean. Egungo egoera linguistikoak orain berrogei urtekoarekin batere zerikusirik ez duela? Berdin dio, funtzionatzen ez duen zatiketa linguistikoarekin jarraituko dugu. Euskadi Aurrera (edo dena delakoa, egun Jaurlaritzak erabiltzen duen lema absurdoa).

Eredu linguistikoak gorabehera, eztabaida mikaztu zuena kontzertuen hedapen izugarria izan zen, une honetan jada EAEn ikasleen gutxiengoa baitago sare publikoan ikasten. Ondo adierazi zuen Urkulluk zein den bere lehentasuna, langile publikoek kalitatezko lana zerbitzu onen bermea dela aldarrikatu zutenean (eta berriro joko dute grebara datorren asteartean). Lehendakariaren arabera, utopikoa da pentsatzea gobernuaren aurrekontua zerbitzu publikoei begira eraikitzea, bera enpresen lehendakaria ere bada eta. Definitiboki, nik ez dut ulertzen liberalismo hori, zeinetan zerga sistemaren helburua sektore pribatua puztea den. Adam Smith gajoa begiak zabal-zabal egongo litzake Urkulluri begira (egungo neoliberalei, oro har, harrituta begiratuko zien, filosofo eskoziarraren pentsamenduan enpatiak, elkartasunak eta gutxi batzuek aberastasuna pilatzeari mugak jartzeak leku garrantzitsua baitzuten).

Hezkuntza legeari buruzko eztabaidan euskaltzaleon artean berriro arrakalak ireki diren bitartean, itzalean egon da benetako onuraduna, Kristau Eskola. Baina zoritxarrez eztabaidan sartu ez dena gure hezkuntzaren eraginkortasuna da. Edo, hobe esan, eraginkortasunik eza. Kanpo azterketen arabera, inoizko gaitasun gutxien dute gure ikasleek. Irakurtzen dutena gero eta gutxiago ulertzen dute eta matematiketan gero eta zailtasun handiagoak dituzte problemak ebazteko. Egia esan, bi faktore horiek erabat lotuta daude, problema ebaztea oso zaila baita enuntziatua ulertzen ez badute. Halaber, EAEn inon baino handiagoa da familia migranteen seme-alaben eta gainontzeko ikasleen arteko arrakala.

Esan dezakegu PISA azterketa antolatzen duena OCDE erakunde neoliberala dela, baina hori gorabehera, azterketa horietan gero eta emaitza okerragoak eskuratzeak alarmak piztu beharko lituzke. Jada Eusko Legebiltzarrerako kanpaina abiatu den honetan, nolabait heldu beharko zaio gaiari. Orain gutxi arte Finlandia aipatzen zen, baina bertako hezkuntza sistemaren azterketa seriorik egin gabe eta konturatu gabe hango emaitzak ere gero eta kaskarragoak direla.

Iraultza pedagogikoaren beharra aipatu du EH Bilduko lehendakarigaiak. Baina une honetan kopiatzen ari garen iraultza pedagogikoa, Eskozian martxan jarri zutena 2010ean Curriculum for Excellence delakoarekin, bertan behera utzi dute. Hamahiru urtez praktikan jarri dituzten pedagogia berri delakoen emaitzak katastrofikoak izan baitira. Asmo onek gidatutako irakasleek moralinaz bete ditzakete hezkuntza fakultateak eta klaustroak. Baina gelan behar dena gure ikasleek irakurtzen dutena ulertzea da. Jai dago bestela, nahiz eta sarean inoiz baino informazio gehiago egon eskuragarri, ez baitira gai izango informazio hori ulertzeko. Iraultza beharrean, proposamen xumeak behar dira eskolan, egunerokotasunean aplikatzeko. Zein praktika dira eraginkorrak eta zeintzuk ez. Lehentasuna eraginkortasunean jartzea berehalako eginbeharra da, eta ez da horren zaila. •