Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
EMAKUME ABERTZALEAK

Emakume Abertzale Batzaren inguruko ikerlana, haren 100. urteurrenean

Ehun urte joan dira Emakume Abertzale Batza sortu zenetik. Emakume haien ibilbidearen berri ematen duen ikerlan bat argitaratu dute Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga EHUko irakasleek emakume haien omenez eta euskal memoria historikoan dagokien lekua izan dezaten.

EABko kideak Bartzelonan, tartean Kontxa Azaola.
EABko kideak Bartzelonan, tartean Kontxa Azaola. (SABINO ARANA FUNDAZIOA)

Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Tene Mujika eta beste hainbat emakumeren izenak ezagunak dira, kulturari lotuak; ikastolei, euskal literaturari eta, arlo horretatik kanpo, asko jota, zaintza lanei. Ez da gutxi emakume horiek eta beste askok arlo horietan egin zuten lana; hala ere, hori baino gehiago ere izan ziren, eta ez ziren emakumeen kontutzat jotzen ziren jardunetara mugatu. Baina emakume haiek, emakumeek oro har, ez dute ez izen ez izan ofizialik izan, emakumeak zirelako, hain zuzen. Politika, langile edota gizarte mugimenduen protagonistak gizonak zirela dio historiografiak, aipatzen diren emakume bakanak ez dira militante edo ideologo gisa agertzen .

Izena bazuten eta baziren, ordea, baita euskal abertzaletasun sortu berrian, haien jendarteko borroketan parte hartzeko, duela mende bat antolatzeari ekin ziotenak ere. Militanteak ziren militantea gizonezkoen kontutzat jotzen zen garaian, eta ez bigarren mailakoak. Horren kontzientzia osoa zutela jardun zuten.

Askotariko ardurak izan zituzten emakume haiek, zaintza eta gizarte laguntzatik espioitzara. Eta errepresioaren jomuga izan ziren, kartzelatuak, jendaurrean umiliatuak eta are fusilatuak ere. Hala ere, historiaren zulo ilun batean geratu ziren.

«Euskal bezain unibertsalak»

Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteagak, EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta Garaian ikertaldeko kideek, “Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte” ikerlana argitara eman dute Sabino Arana Fundazioaren eskutik eta Memoria Institutuaren laguntzarekin. Historiografiak baztertutako emakume haiei ahotsa ematea da egileen helburua, haien presentziarekin, haien jardun militantearen lekukotzarekin, euskal memoria historikoa osatzeko asmoz.

Gurutze Ezkurdia, Karmele Perez eta Begoña Bilbao, liburuaren egileak. (SABINO ARANA FUNDAZIOA)

«1936ko gerra gordinaren minean eta gerraostearen ezinean, gudak berak hartu du, ulergarria denez, protagonismoa. Guk, ordea, ai ama! ordukoen oihartzunak aintzat harturik, emakumeak jarri ditugu aurrean aitzindari, emakume ekumenikoak, euskal bezain unibertsal direnak, alegia». Horrela diote egileek “Emakumeak Aberria Eginez” liburuaren sarreran.

Lan itzela egin dute argitaratu gabeko informazio eta argazki ugari liburu horretara bilduta, hala nola erakunde hartako kide askoren biografiak. Ikerlana, aldi berean emakume haiei eskainitako omenaldia dena, azaroaren 6an aurkeztu zuten, Bilbon, Memoriaren Institutuan.

Liburuaren azala (Endika PORTILLO / FOKU)

Aurrekariak

Aurelia Arkotxak idatzitako hitzaurre modukoan dioenez, «mendebaldeko emantzipazio mugimenduen testuinguru berean» sortu zen Emakume Abertzale Batza (EAB). Europa eta munduko hainbat lekutan emakumeak antolatzen hasi ziren eta erakundeak sortzen, gizonezkoen zerbitzuko laguntza hutsa izan gabe. Testuinguru hori agertzen dute egileek lehen atalean, “Emakumeak historiaren eragile” izenburupean, emakumeen lehen aldarrikapenak batu eta azalduta: XVIII. mendean abiatu, XIX.ean atzerakada izan eta XX.ean garatu eta indarra hartu zuen mugimendu feministaren nondik norakoak, hain zuzen.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak indartu eta zabaldu ziren mundu osoan, besteak beste, sufragismoak indar handia hartuta, eta Euskal Herrian ere horien pareko «berpizkundea» izan zen.

Atal oso bat eskaintzen diote liburuan EABren sorrerari. Ez zen bat-batean sortu, ordea. Emakumeen antolakuntzak zenbait aurrekari izan zituen Euskal Herrian.

1904an Gaztedi Sozialistatik Bilboko Emakumeen Talde Sozialista sortu zen. Komunisten eta anarkisten artean ere sortu ziren emakume taldeak, eta ondoren haietako zenbait kide erreferentzia izan ziren, hala nola Dolores Ibarruri, Alderdi Komunistako idazkari izan zena, edo Kaxilda Hernaez anarkista zizurkildarra.

1906an, Euzko Gaztediren bultzadarekin, zenbait euskal emakume prentsan idazten hasi ziren, “Aberri” aldizkariaren deia jasota. 1906ko testu hau, Garbiñek idatzia, horren erakusgarri: «Difícil tarea me he impuesto al querer corresponder a vuestra invitación… y a pesar de las dudas que he podido abrigar… no he desmayado y con ello os doy una prueba evidente de que la mujer tiene pensamientos elevados y como piensa escribe».

1908an, ongintzako emakume erakunde bat sortu zuten: Euzkel Jantzitegia, ongintzaz gainera euskararen irakaskuntza eta beste jardun batzuk ere bazituena. 1921ean, Afrikako gerraren testuinguruan, Euzkotarren Aldezko Jel-Bazkuna ere sortu zuten, hara eramandako sodaduen eta haien familien aldeko batzordea.

1918an, bereziki Katalunian eta Euskal Herrian hedatzen ari zen abertzaletasunaren aurka egiteko deia egin zuen ANMEk (Asociación Nacional de Mujeres Españolas), eta 1919an, agerraldi abertzale batean, Maria Aizpuru Urkaregi atxilotu eta kartzelatu zuten Getxon, matxinada leporatuta. Lehen emakumezko preso politikoa izan zen, eta berehala beste emakume batzuen elkartasuna eragin zuen. Diru bilketa bat antolatu zuten, baita omenaldi ekitaldi bat, aldi berean ANMEren deialdiaren salaketa ere izan zena.

Sorrera

1919ko abenduaren 7 eta 8an Euzko Gaztediren Federazioak lehen Batzar Orokorra egin zuen Gasteizen eta bertan erabaki zuten emakumeek tokian tokiko elkarteak osatzea. Hori izan zuten gai nagusietakoa ondorengo batzarretan. 1921ean, ordea, EAJren banaketa gertatu zen, Comunión Nacionalista batetik eta Aberri bestetik, eta bertan behera geratu zen asmo hura.

Bittori Etxeberria Agerrerberre, Elizondoko EABren presidentea, mitina ematen. (SABINO ARANA FUNDAZIOA)

1922ko apirilaren 10ean, Ambrose Martin O’Daly irlandarra Bilboko Euzko Gaztediren egoitzan izan zen, Eli Gallastegik gonbidatua. Euskal abertzaleek eredu zuten irlandarren borroka. Ekitaldian Paule Ramosek ere hitz egin zuen eta emakumeen elkarte bat egitea proposatu zuen. Eli Gallastegik Euzko Gaztediren egoitza eskaini zien.

Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922ko maiatzaren 7an jaio zen, Euzko Gaztediren babesean sortutako emakume talde gisa. Hilabete baten buruan 300 ziren. Eta milaka izatera iritsi ziren 1930ko hamarkadan; izan ere, 36ko gerra hasterako, 28.500 afiliatu zituen.

Pentsaera

EABren pentsaeraren oinarria Sabino Aranak JEL (Jaun Goikoa eta Lagi-Zarra) leloan laburbildutako pentsamoldea zen, funtsean. Aberria denen artean eraiki behar zela eta horretarako ere gizonezkoak bezain garrantzitsuak zirela uste zuten. Kontzientzia hori zuten, ez bigarren mailako abertzaleak, borrokalariak zirenekoa.

Lau ardatz nagusi zituen erakundeak: Propaganda, Ongintza, Hezkuntza eta Giza-langintza.

EAB sortu zen urte berean, euskararen aldeko konpromisoa agertu zuten emakume haiek. Abenduaren 3an Euskeltzalien Batzarrean parte hartu zuten, Karmele Errazti buru zutela.

EABk ez zuen garai samurrik bizi izan, baina. Ondorengo urtean Primo de Riveraren diktadurak klandestinitatera behartu zituen, eta haren ondoren, Francoren diktadurak, beste horrenbeste.

Loraldia

Errepublika garaian EABren loraldia izan zen. Iruñean 1931n eta Gasteizen 1932an eratu zen, eta Bizkai eta Gipuzkoako gune industrializatuetan zabaltzen hasia zen. Garai hartan 20.000tik gora militante zituen. 1936ko gerra hasterako, 28.500 afiliatu zituen: 1.500 Araban, 15.000 Bizkaian, 10.000 Gipuzkoan eta 2.000 Nafarroan.

Emakume haietako askok idatziz edo ahoz zabaldu zuten orduko abertzaleen borroka. Honela mintzatzen zen Sorne Unzueta: «Emakumeok! Ez pentsa ahulak zaretenik; pentsa ur tantek soltean ez dutela ia ezer balio; elkarrekin, ostera, korronte indartsuak eratzen dituzte, munduko turbina handienei eragiteko bestekoak!».

Ipar Euskal Herrian Begiraleak emakume taldea sortu zen 1935ean, EABren ereduari jarraituta, Pierres Lafittek sustatuta, euskararen, fedearen eta euskal ohituren zaintzaile izatea helburu zuela. Madalena Jauregiberri idazle zuberotarra izan zen haren sortzaile eta arduradun nagusia. 1937an Hego Euskal Herriko erbesteratuentzako laguntza lan ikaragarria egin zuten ordurako hiru lurraldeetan antolatuta zeuzkaten 30etik gora taldeek, horretarako batere aproposa ez zen giro batean. Izan ere, Ipar Euskal Herriko hautetsiak eta eliza, salbuespenak salbuespen (Lafitte bera zen haietako bat), Francoren faxisten alde agertu ziren.

Hezkuntza...

EABren zuzendaritzetan egon ziren emakumerik gehienak maistrak ziren. Eta nabaritu zen. EABk hezkuntza formala eta ez-formala bideratu zituen. Etxeko lanetarako, joskintza, sukaldaritza eskolak, baita gimnasia, dantza eta kantu eskolak ere... Oinarrizko hezkuntzari dagokionez, solfeoa, pianoa, euskal kultura eta euskararen inguruko hitzaldiak eskaintzen zituen, baita etxetik kanpoko ogibideetan trebatzeko eskolak ere: marrazketa, ingelesa, kontabilitatea, takigrafia eta mekanografia, eta oratoria eskolak, emakumeak jendaurrean hitz egiteko prestatze aldera.

1932ko Aberri Eguna, Bilbon. 6.000 emakumek hartu zuten parte ekitaldian (SABINO ARANA FUNDAZIOA)

EABren hezkuntza formaleko jarduerari dagokionez, liburuaren egileek Euzko Ikastola Batzaren aurrekariak hartu dituzte kontuan. Diotenez, euskara tresna eta helburu zuten irakaskuntzan. Euzko Ikastola Batza Euzko Gaztedik eta EABk antolatu zuten: «Errepublikaren aire berriek arnasa ekarri zioten hezkuntzari, baina euskaldun fededun ikuspegitik bi oztopo gainditu behar ziren oraindik: eskola ofiziala aurrerakoia bai, baina laiko eta ez euskalduna ere bazen». Hartara, Euzko Ikastola Batza «erresistentzia eskola» izan zen.

Bosgarren atalean, ongintzatik gizarte laguntzarako jauzia aztertu dute. 1933an, Euzkel Jantzitegia eta Euzkotarren Aldezko Jel-Bazkuna aurrekari izan zituzten ongintza zerbitzu guztiak EAJren Gizarte Laguntzako Batzordean integratu ziren EABko buru Teresa Azkueren ardurapean. Euskal Gurutze Gorria, Erizainen Elkartea eta erizain prestakuntza antolatu zituzten.

Atal oso bat eskaini diote 1932an sortutako Euzko Gexozañak egitasmoari, gerran berebiziko garrantzia izan baitzuen.

Gerra eta erbestea

1937ko udan, gerra galduta, agintari, gudari eta familiek erbestera jo zuten. Gexozañen jarduna oso garrantzitsua izan zen, ospitaleetako lanaz gainera, Bizkaian ziren 80.000 errefuxiatu ingururi laguntza eman behar zieten eta.

EABko emakumeek ez zuten gerra frontean parte hartu, baina bai atzegoardian, erizain gisa eta beste eginkizun arriskutsu askotan, hala nola espioitzan, azken atalean azaltzen den bezala.

Aberrigintzan jarraitu baitzuten erbestean ere. Lan ikaragarria egin zuten erbestera joan ziren haurrekin, bidaian eta atzerriko bizilekuetan, haietako asko bakarrik joan baitziren.

Hainbat herrialdetan antolatu ziren, eta batzuek Euskal Herrian jarraitu zuten lan klandestinoan; esaterako, Alava Sarearen bidez presoei elkartasuna helaraziz. Sare hartako asko EABko afiliatuak ziren, eta espioitzan ere jardun zuten frontean ez zeuden gizon batzuekin batera.

Ikerlariek diotenez, erbesteko guztien egoera latza izan zen, baita errefuxiatuen kolonietan ibili ziren andereño eta erizainena ere, baina Hego Euskal Herrian geratu zirenek ez zuten egoera hoberik bizi izan: denek jasan zuten errepresioa maila batean edo bestean, lehenengo Araba eta Nafarroakoek, eta Gipuzkoa eta Bizkaikoek gero. Larrutik ordaindu zuten beren aberriaren aldeko lana: kartzelatu egin zituzten, ondasunak konfiskatu zizkieten, ihes egin behar izan zuten, umiliazioak jasan eta dozenaka fusilatu zituzten.

Lan osoan, gertaerez gain, erakunde hartan beren herriaren alde beren onena eman zuten hainbat emakumeren izen, biografia eta bestelako informazioak agertzen dira.

«Aberrigintzaren nahiz herrigintzaren alde buruturiko lanagatik, har bezate ordainsari gure esker ona!», diote egileek. Eskertzekoa da, halaber, euren lana, historiaren zulo ilunetan arakatu eta haren protagonista isilarazi asko argitara atera izana.