Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
INDARKERIAK PLURALEAN

Hilketa matxistek alde eta molde desberdinak erakutsi dituzte aurten

Lourdes del Hoyo, Maialen Mazon, Maria Begoña, Zhen Jiang eta Mateo. Indarkeria matxistak 2023an eraman dituen bizitzak dira, praktika sistemiko honen hartzaile zuzenak. Indarkeria mota honek baditu hainbat modu eta aurpegi eta, aurten, horietako bost erakutsi ditu, bere alderik ankerrenean: hiltzeko erabakia hartu duten bost gizonek urratutako bide bana.

Lourdes del Hoyoren omenezko mezua, hil zuten lekuan.
Lourdes del Hoyoren omenezko mezua, hil zuten lekuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Indarkeria matxista sistemikoa eta egiturazkoa bada, esaten denean aurten bost pertsona izan direla Euskal Herrian hildako biktimak, esan nahi da bost hauek ez direla sistema osasuntsu baten zorigaiztoko salbuespen anker. Esan nahi da Lourdes del Hoyo, Maialen Mazon, Maria Begoña, Zhen Jiang eta Mateo txikia ez direla bakanak, nahiz eta bakarra den kasu bakoitza, haien falta zamatzen duten begi-txoko puztuak bezala.

Indarkeria ez da soilik sistema heteropatriarkalaren ondorio, sistemaren beraren sortzaile eta sostengu ere bada. Modu desberdinetan agertzen da, berrasmatzen ditu egonkortzeko eta, are, zabaltzeko bideak: 2022an, indarkeria matxistagatik Hego Euskal Herrian jarritako salaketak %44 hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta, eta aurten, urtarriletik irailera bitartean, 6.448 eraso salatu dira, %6,5 gehiago.

Heriotzak eragiten dituzten kasu bortitzenetan ere aurpegi desberdinak eragiten ditu indarkeria honek. «Icebergaren punta» deritzon hori (hilketa matxista) eskalatzera iristen dena, beraz, izan daiteke auzotarrek «jator» uste zuten gizona, bisaia onberadun senidea edo bulegoko lankide saiatua; ziur aski, biktimaren gertukoa, gutxiengoa baitira ezezagunek eginiko erasoak.

Haurrentzako jolas-parke batetik metro gutxira dagoen bankua lore-sortaz jantzi zuten Orioko bizilagunek maiatzean. Leku horretan, astearte buruzuri bateko egun argiz, hilaren 16an, hil zuen eskopeta tiroz Lourdes del Hoyo haren bikotekide ohiak.

Indarkeria matxistak, pluralean, ertz askotakoak dira, eta ondorioak heriotzara iristen diren muturreko kasuetan ere, desberdinak izan daitezke biolentzia hauek gorpuzteko gizonek erabiltzen dituzten mekanismoak.

Hala eta guztiz ere, biktima-biktimario harremanari so, ohikoenetakoa da Del Hoyoren kasua: bikotekidea edo bikotekide ohia denean hiltzen duena. Azken hogei urteetan 118 emakume hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian; bada, hiltzaileen %70 bikotekidea (%51) edo bikotekide ohia (%19) zen, Berria-ren datuen arabera.

Bi aste geroago, maiatzaren 28an, beste gizonezko batek bere emazte-ohia hil zuen Gasteizen. Maialen Mazon izena zuen, 32 urte zituen eta haurdun zegoen. Senar-ohiak hil zuenean, hiru urteko bere haurraren ondoan zegoen; senideek aurkitu zuten hilotz Mazon, alaba ondoan zuela. Ondoren, gizonak ihes egin zuen eta Zaragozan atxilotu zuten. Polizia iturriek onartu zuten emakumea arriskuan zegoela eta babes neurriek huts egin zutela.

Del Hoyo eta Mazonen kasuetan, gainera, erantzun mediatikoak minak luzarazi zituen. Del Hoyo eta haren erasotzailearen -bere buruaz beste egin zuen krimena egin zuen leku berean- gorpuak argazkian harrapatzeko egindako saiakerak zabaldu ziren komunikabideetan, estaltzen zituzten oihalak odolez, hankak bistan.

Mazonen kasuan, gainera, biktimari ez zegozkion ardurak eta erruak egozten saiatu ziren, erasotzailearen kontra indarrean zegoen urruntze agindua kendu nahi izan zuelako. Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak zera esan zuen hasieran: «Ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea». Familiak, une horretan, galdegin zuen inork ez zuela erasotzailea ez beste errudunik bilatu.

Zhen Jiang eta babesgabetasuna

Zhen Jiang, halaber, bikoteak hil zuen, 2023ko uztailaren lehenengoan. Elkarrekin bizi ziren Iruñean eta taberna bat zuten Ermitagañan. Bertan hil zuen, arma zuri batekin, Zhen Jiang; 47 urte zituen eta lau seme-alabaren ama zen.

Hogei urte zeramatzan Nafarroako hiriburuan bizitzen, eta txinatarra zen jatorriz. Euskal Herrian azken hogei urteetan genero indarkeriagatik hil dituzten emakumeen artean, gutxienez 27 ziren atzerritarrak, kasu guztien %23 (gehiago izan daitezke, ez baita jatorria zehazten kasu guztietan).

Gasteizko mugimendu feministak hirian egin zuen mobilizazioa, Maialen Mazonen hilketaren berri izan ondotik (Endika PORTILLO / FOKU)

Latinoamerika eta Karibeko Emakumeen Sareak auzi hau sakon aztertu du eta sarritan jarri du mahai gainean emakume migranteek babesgabetasun larriagoa sufritzen dutela genero indarkerien biktima direnean; sarri, deportatuko dituzten beldurrez ez direlako salatzera ausartzen, eta bestalde, salatzeak ere ez dielako babesik bermatzen: erakunde honen datuen arabera, Estatu espainiarrean 2006 eta 2016 artean indarkeria matxistagatik hil ziren emakume migranteen %38k jarrita zuen erasotzailearen kontrako salaketa.

Udaltzaingoak 51 urteko gizonezkoa atxilotu zuen, Zhen Jiang hil zuela aitortu ostean, eta behin-behinean espetxeratu. «Genero larrigarridun hilketaz» gain, ohiko tratu txarrak egitea ere leporatu zion akusazioak.

Senideak senidea

Ekainaren 16an, 28 urteko gizon batek 89 urteko amona hil zuen labanarekin. Erasotzaileak bere burua entregatu zuen eta espetxera bidali zuen epaileak. Kasu hauen mota penala «etxeko indarkeria» bada ere, Istanbulgo Protokoloak dio indarkeria matxista gisa ikertu behar direla ustezko hiltzailea eta biktima familia berekoak diren kasuak. Indarkeria matxisten artean, ohikoak dira senideek egindakoak: Euskal Herrian, azken hogei urteetan, senarrak ez beste senideek 31 andrazko hil dituzte, kasu guztien %26.

Azaroaren 7ak itxi zuen urteko hilketa matxisten kontagailua, litekeena da, 2024an berriz hasteko. Orduan, zazpi urteko haur bat izan zen biktima, Mateo. Egun horretan aurkitu zituzten umearen eta haren aitaren gorpuak, Urbasa inguruan.

54 urteko gizonak semea heldu eta amildegian behera egin zuen salto.

Banatuta zeuden Mateoren gurasoak, eta azaroaren 5ean aitak haurra jaso zuenetik ez zen haien berririk izan. Amak Guardia Zibilak Lizarran duen kuartelera jo zuen, semea desagertu zela salatzeko.

Indarkeria bikarioko kasu gisa ikertu zuten, gizonak, haurra hiltzearekin, emazte-ohiari mina egiteko asmoa baitzuen. Orotara, azken hogei urteetan hamabi adin-txikiko hil dira indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian.

Beste aurpegi bat

2023an aurpegi eta mekanismo desberdinak erakutsi ditu indarkeria matxistak. Baina kasu guztietan, Euskal Herriko mugimendu feministak aurpegia eman du, protokoloa martxan jarri, eta kalera egin. «Zuregatik egingo dugu borroka», idatzi zuten, lore sorta baten ondoan, Lourdes del Hoyori bizitza ostu zioten bankuan.