IKUSMIRA

Nazioarteari begirada

Ukrainak eta Gazak analisi berezia merezi dutela iritzi diogun arren (6-7 eta 26-27 orriak), asko izan dira nazioartean albiste izan diren beste herrialdeak. Zazpi gertaera aukeratu ditugu hemen, baina beste asko ere izan zitezkeen, leku faltagatik kanpoan utzi behar izan ditugunak. Milaka armeniarrek Nagorno Karabakh-en etxea utzi eta ihes egin behar izan dute, Australiako aborigenei botorik ezean ahotsa izatea ere ukatu zaie parlamentuan, Txilen hautsak harrotu ditu Gabriel Boric presidentearen jarrerak, Donald Trumpek albiste izaten jarraitu du irekita dituen ikerketa guztiengatik, Txina eta Estatu Batuen arteko harremanak etengabeko gorabehera batean sartuta daude...

> Brasil

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren milaka jarraitzaile herrialdeko botere desberdinen egoitzak erasaten saiatu ziren urte hasieran, Lula da Silvak hauteskundeetan lortutako garaipena ez zutelako onartzen. Geroztik, Bolsonaroren itzala luzea izan da, justiziaren erabakietatik ihesi herrialdeko ultraeskuindarrak berriz batu nahian. Irudian, bere jarraitzaileak Brasiliako Kongresu Nazionala inbaditzen, urtarrilaren 8an.

(Sergio LIMA | AFP)

> El Salvador

Herrialdeko mara edo banden aurkako borroka banderatzat hartuta, Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteak kezka sortzen duten bere politikekin jarraitu du 2023an. Alde guztietatik autoritarismoa darion agintariaren azken erabakia zenbait hilabetez presidentetza uztea izan da, 2024an berriz ere hautagai izateko. Irudia abuztukoa da, Tecoluca hiriko mega-presondegian hartua.

(Marvin RECINOS | AFP)

> Frantziar estatua

Protesta giroa zabaldu da behin eta berriz 2023an frantziar Estatuko hiri handi eta ez hain handietan. Urteko lehen hilabeteetan erretreten erreforma izan zen langileen haserrea piztu zuena, zeinak erretiroa hartzeko adina 64 urtera atzeratu zuen. Emmanuel Macron presidenteak Elisabeth Borne lehen ministroaren eskuetan utzi zuen lege aldaketaren garapena, eta, hainbat greba eta manifestaldi egin ziren arren, apirilean onartu zen, irailetik aurrera indarrean sartuz. Hori gutxi ez, eta ekainaren 27an polizia batek tiroz hil zuen 17 urteko Nahel Merzouk gaztea trafiko kontrol batean. Lehen bertsio ofizialaren arabera, gaztea poliziak harrapatzen saiatu omen zen, baina bideo batek erakutsi zuen ez zela horrelakorik gertatu. Kale istiluak hainbat egunez luzatu ziren; irudian ikusten direnak Nanterrekoak dira.

(Zakaria ABDELKAFI | AFP)

> Maroko

Irailaren 8ko gauean lurrikara bortitza izan zen Marrakex inguruan. Richter eskalan 6,9 gradukoa izan zen eta 3.000 pertsona inguru hil ziren. Zaurituak ere milaka, eta kalte materialak, zenbatezinak. Marrakexeko erdigune historikoan hartutako irudiak argi erakusten du lurrikarak herritarren artean utzitako samina.

(Fadel SENNA | AFP)

> Niger

Europar kolonialismoaren etengabeko ondorioak sufritzen dituen herrialdeetako bat da Niger, eta aurtengo udan berriz ere albiste izan da, Abdourahamane Tchiani militarrak bere burua estatuburu izendatu zuelako, Mohamed Bazoum kargutik kenduta. Europa eta Amerikako Estatu Batuak berehala irten ziren aldaketa salatzera, Nigerren dituzten interesak arriskuan ikusi ostean. Argazkia Niamey hirian atera zen abuztuaren 3an, Independentziaren Egunean.

(AFP)

> AEB-Mexiko

Irudia munduko beste ia edozein mugatan har zitekeen, baina kasu honetan txarrantxaz jositako hesia gainditzen ari diren emakumea eta haurra amerikarrak dira, abuztuaren 25ean Rio Grande ibaia zeharkatu eta Mexikotik Estatu Batuetara sartu nahian, Eagle Pass inguruan, Texasen. Estatu desberdinek migratzaileen bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen dute etengabe.

(Suzanne CORDEIRO | AFP)

> Argentina

Ultraeskuinaren formula zaharrak eta lider populista berrien arteko nahasketak hauteskundeak irabazteko ahalmena erakutsi du hainbat lekutan, azkena Argentinan. Javier Milei da herrialdeko presidente berria, azaroan hauteskundeak irabazi ostean. Hasi da lehen erabakiak hartzen, herri xehearen kaltetan. Bere izaera ongi erakusten duen argazkia abuztuaren 13koa da.

(Luis ROBAYO | AFP)