Gorka ETXEBERRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Netflixen ez dago gladiatorerik

Netflixen ikus daitekeen «Sex Education» telesaileko afixa.
Netflixen ikus daitekeen «Sex Education» telesaileko afixa. (NETFLIX)

Noizean behin Netflixi trufa egiten dioten memeak iristen zaizkit. Nik neuk, egia esan, gutxi dut esateko plataforma horri buruz, zinema aldetik nahiko pijoa izanik, zuri-beltzeko zinemara eta zinema “alternatiboagora” jotzen baitut. Egia, pentsa daiteke, beti haien buruaz ari diren zinemagile horietara, ni eta nire niari buruz itzulipurdika etengabeko elkarrizketetan diren pertsonaia horietara, kamera joko kontenplatiboetara... Baina bueno, zer egingo diogu, hori da etxean jaso dudan zinema kultura eta, zorionez edo zoritxarrez, zinema “komertziala” arrotzagoa egiten zait.

Zertara nindoan? Ah, bai, Netflix! Plataforma horri buruzko mezuak jaso baino, zehatzago, gizonek bidaltzen dizkidate. Zein barregarria Netflix! Film guztietan ageri da emakume bat protagonisten artean, homosexualen bat, azal zuria ez duen norbait... Joe! Gaur egungo zinema eta serie horiek! Gainera, pertsona enpatikotzat ditudanek bidali dizkidate maiz meme eta txiste horiek. Nolakoa izango litzake xake taula Netflixen serie batean? Dena kolorinetakoa! Kar, kar, kar... Nolakoak izango lirateke dortoka ninjak? Bi neska, beltza eta gurpildun aulkian doana!! Kar, kar, kar...

Pentsarazten didana da, baina jende hau ez da arrandegira jaisten? Ez al dute ikusten lanera bidean doazenean, gurpildun aulkian doana, zu eta biok baino ilunagoa den pertsona edo, guk jakin zein ez, mutilak zein neskak gustuko dituena? Supermerkatura bidean pertsona guztiak Martin Scorseseren film bateko gizonak balira bezala ikusten al dituzte?

Agian, gertatzen dena da garai bateko zineman eta ohiko serieetan gizon zuriak bakarrik agertzen zirela? Neskak agertzekotan, salbuespenak salbuespen, bikote, emazte ala alaba gisa edo erabat “gizonduta”? Xena, printzesa gerlaria; Penny, Sheldonen laguna, maskulinitate-feminitate rolak aldatuta; Sole, “7 Vidas”-ekoa, belarrondokoak ematen zituena... Hau da, beharbada ez dute argi normalaren eta normatiboaren arteko aldea. Denok ez gara Texaseko Walker, Colombo, House doktorea edo Peter Griffin. Gurera ekarrita, nire blokeko bizilagunen artean ez dago Son Gokurik edo Vegetarik. Hatori ninja ere ez da gure auzoko heroia, zoritxarrez.

Gehien ikusten den zinema eta serieak (eta zinema alternatiboaren zati handiena ere) gizon zuri normatiboek hegemonizatuta egon da. Baina hori ez da normala, hori ez da gizarteko errealitatea. Gizarteko errealitatea pantailan ikustea arraroa egiten zaizula? Ongi etorri mundura.

Gogoratu dut, maskulinitatearen antsietate horri lotuta, duela hilabete batzuk bolo-bolo ibili zela gizonek erromatar inperioan pentsatzen dutela guk uste baino maizago. Horretan ere, onartu behar dut, Asterix eta Obelixen komikiak irakurrita nik Julio Zesar izan nahi nuela... Enpin. Gladiator, Spartaco... Soldaduek eta gladiatoreek populatutako inperioa imajinatzen dute, zeinetan emakumeak haiekin maiteminduta eta etxean egongo baitziren, gizonek gizonen gauzak egiten zituzten bitartean. Baina, ene bada, hori imajinatzen duten gizonak ziurrenik esklabo, barbaro edo putetxeetako langile izango ziren benetan existitu zen erromatar inperioan, gerrako elbarri edo txiro baztertu bestela. Hori bai desilusioa! •