Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Zaurgarritasunari

Kantuak esaten duen bezala; eskerrak ahulak garen.
Kantuak esaten duen bezala; eskerrak ahulak garen. (GETTY IMAGES)

Askotan ezin zaitut begiratu ere egin. Begiratze hutsak min egingo didala uste dut eta ez ikusiarena egiten dut, badakizu, begiak itxi eta inork ikusiko ez banindu bezala jokatzen dut. Haurra nintzenean (naizenean) bezala. Begiratzen bazaitut, ikusi egiten nauzu. Eta ikusten banauzu… jada ezin dut beste alde batera begiratu.

Eta hortxe ikusten zaitut, nire erdi-erdian. Borobil formakoa ikusten zaitut nik. Badakit ez zarela berdina guztiontzat eta toki desberdinetatik mugitzen zarela. Nire kasuan ere horrela ibiltzen zara, batzuetan erdian eta besteetan hemendik hara eta handik hona. Baina begiratzen zaitudanean eta ikusi, erdian zaude eta handitzen joaten zara, gorputz guztian zehar zabaldu arte. Modu bitxi batean lasaitasuna sentitzen dudala esango nuke, nire txikitasunean lasai nagoela. Borrokatu gabe, beste alde batera begiratzeko tentaziorik gabe. Hortxe, txiki, ahul, eta horrekin, lasai.

Bakarrik ez naizela erakusten didazu. Maite ditudanak eta maite ez ditudanak behar ditudala konturatzen naiz, besteak gabe, ez naizela. Eta hori ez dago ez gaizki ez ondo, horrela da eta kito. Onarpenaren aurrean etsi egiten dut eta borrokatzeari utzi. Bakarrik sentitzearen beldurra islatzen didazu, maiteko ez nautenaren ikara. Hortxe zaude, garrantzitsua dena oihukatzen, nire txikitasuna erakusten, ahula naizela gogorarazten, handia den zerbaiten zati naizela esaten, beldurra dudala sentitzen, batzuetan ezin dudala, ez dakidala aurrera nola jarraitu onartzen. Eta hau guztia entzutea ez zait samurra egiten.

Kontraesanetan murgiltzen naiz orduan. Bai, entzun zaitut eta badakit arrazoia duzula, baina beste mila mezu entzun ditut zure aurkako kanpaina egiten. Horrela da, ez jarri harridura aurpegi hori. Askotan esan didate ez zarela konpainia atsegina, indarra kentzen duzula, ahula naizela erakusten duzula. Indartsua izatearen aurkakoa zarela. Entzun izan dut bakarrik aurrera egitea dela helburua, hori dela bilatu beharreko misioa, bakarrik gai naizela erakutsi behar dudala. Eta benetan diotsut, saiatu saiatzen naiz. Baina noizean behin hantxe agertzen zara nire begien pare-parean, eta ezin dut ez ikusiarena egin, eta jada ezin dut indartsuarena egin, ezin zaitut ukatu. Eta agur nire postureoari.

Malabar mentalak egiten hasten naiz segituan; nola bizi mezu kontrajarri hauekin? Nola izan naiteke indartsua, ahula, interdependentea, autonomoa, bakarrik, konpainian, beldurti, ausart…? Bizi al gaitezke denok elkarrekin edo aukeratu egin behar dut zeinekin nahi dudan egon? Aukeratu egin behar al dut zein naizen? Jasangarria al da existitzen zarela ezkutatzen jarraitzea? Egongo ez bazina bezala aritzea?

Nahiz eta nik zuri ez begiratu, hor zaudela erakutsi didazu. Zure aurka borroka egitea alferrik dela. Ez zarela joango. Erakutsi didazu zurekin elkarbizitza dela bidea, esaten didazunak garrantzia duela eta, bizilagun atsegina izateko, zure lekua eman behar dizudala. Nire etxea handia dela eta denok sartzen zaretela bertan. Emango dizut, beraz, merezi duzun lekua, ez zaitut giltzapean gordeko eta entzungo ditut esateko dituzunak (saiatuko naiz, behintzat, ezagutzen duzu nire borrokatzeko joera). Eta bai, lagun, kantuak esaten duen bezala; eskerrak ahulak garen. Eskerrak hor zauden. •