Juantxo EGAÑA

Ferdinand Berillon-en estudioko argazkiak, 1860ko hamarkadan

(FERDINAND BERILLON. THE J. PAUL GETTY MUSEUM)

Ferdinand Berillon, XIX. mendeko bigarren erdialdean Ipar Euskal Herrian nabarmendu zen argazkilaria, jatorriz Pariskoa zen eta argazki estudio bana zuen Baionako 1. zubi berriaren arkupeetan eta Biarritzeko Udaletxeko plazan. Hainbat ikerketaren arabera, 1860 eta 1890 urteen arteko argazkilari aktibotzat jotzen da. Gaur egunera arte iritsi diren irudi gehienak estudioan egindako erretratuak dira, “carte de visite" formatuan. Berillonen argazkiak bere zorroztasunagatik nabarmentzen dira, baliabide ugari erabiltzen baititu pose landuagoak lortzeko. Bigarren Karlistaldian, Berillonen estudioak Ipar Euskal Herrian aterpetutako boluntario karlista ugari hartu zituen, Santa Cruz apaiza kasu. Artikulua ilustratzen duten bi emakume langileren argazki hauek, beren saskiekin, 1860ko hamarkadan atera zituzten Ferdinand Berillonek Baionan zuen estudioan, eta The J. Paul Getty Museum-en bildumakoak dira.