Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Askatasunaren tenplua da gure gorputza

Estatu Batuetako hainbat eskualdetan abortatzeko eskubidea ukatzeko hartutako erabakiek bultzatu zuten frantziar Estatu burua urrats hori egitera. Geroztik, elkarrizketak abian eman zituen «Veil legea»-n jasotako oinarrizko aitorpena marmolez zizelkatzeko. Erabateko bermerik ez bada ere, balizko hargin-maisuak zailagoa izanen du haurdunaldia eteteko eskubidea lurrera botatzea.

Gizon eta emazteen arteko berdintasuna bere agintaldiaren lehentasun gisa izendatu zuen Emmanuel Macronek momentua zaindu du. Egia da denborak ihes egin diola, 2007an ahoskatu baitzuen aipaturiko helburua. Izan ere, Frantzia abortuaren eskubidea bere Konstituzioan sartuko duen munduko lehen estatu gisa agertu izanak balio politiko eta sinbolikoa du, eta hori probesten jakinen du Eliseoko buruak.

Versaillesen, diputatu eta senatarien bozka amankomun batekin borobildu du Macronek; ezkerreko populuaren bultzadarik gabe, nekez gauzatuko litzateke egitasmoa. Giscard’Estaing presidente zentrista agintean zelarik onartu zen 1975ean abortuaren legea. Bozketa solemne baten bidez egikaritu du Macronek bere presidentetzan aztarna uzteko egitasmoa.

Lehenengo bozketara heltzeko emazteek egin zuten hil ala biziko borroka ezinbestekoa izan zen bezala, gaur ere, hitza askatuz abiadura berri batera pasatu den feminismoak eginiko akuilu lana nabarmentzea ezinbestekoa da. Baita «denon artean eginiko urrats» horren argi-ilunak mahaigainean ezartzea ere.

Eskertzekoa da Macronek eginiko hautua. Oinarrizko eskubidea iraunkortzeko lege egitasmoa aurkeztu baitu balizko erreferendumaren aukerak ekar zezakeen haustura giroari iskin eginez. Handik aurrera, ekimenak bildu duen sostengu zabala ikusita, mesfidantzaz pentsatu daiteke ez zela premiazkoa nehork gutxik zalantzan ematen duen eskubidea egonkortzera jotzea. Hala ere, bozketak utzitako emaitza aztertuta, prebentzioz jokatzea gomendagarria da.

Bozketa kaierari erreparaturik, Macronen aldekoek ekimena aho batez babestu zuten. Diputatu batek, Vincent Bru kanboarrak, abstentziora jo zuen. Esanguratsua da Macron babesten duten aliatu zentristek agerturiko ezinegona. 11 eledun zentristek muzin egin zioten -Gabriel Attal lehen ministroak berreskuraturiko esamoldea baliatutik- «gorputza emazteen askatasunaren tenplua dela» aitortzeari.

Errepublikanoen alderdiari dagokionez, are esanguratsuagoa izan zen atzera jotzeko erantzuna. Talde horrek 58 diputatu eta 99 senatari propio ditu: 50 hautetsik errefusatu zuten testua eta beste 18k abstenitzea erabaki zuten. Finean, Marine Le Penen alderdiak 88 diputatu ditu, eta 3 senatari. Eskuin-muturreko 13 hautetsik ezezko botoa eman zuten eta beste 20k abstentzioaren pean babestu zuten beraien burua.

Sarritan, ezkerraren desadostasunak agerian jartzen dituzte frantziar hedabideek. Oraingoan ñabarduraz beteriko kontsentsu orokor batean urtu dute, ordea, eremu horren sendotasuna. Haatik, emazteek haien eskubide ororen jabe bilakatzeko bidean aliatu iraunkorrak beharko dituztenez, idatzita utzi dezagun, etiketa bat edo bestea izan, legebiltzar ezkertiar guzti-guztiek aldeko botoa eman zutela Versaillesen. •