Itzea URKIZU ARSUAGA

Igogailuan behera

Erditik ireki da atea, eta sartu egin naiz. Botoia sakatu dut zerogarrenera jaisteko, eta bere tokira eraman dut bufandari beti bezala erori zaion muturra; nik egotea nahi dudan tokira. Orduan begiratu diot lehenengoz igogailuko ispiluari, eta azken hilabeteotan inoiz ez bezala ikusi dut hark itzuli didan isla: bakarrik.

Haur jaioberria soinean ibili bainaiz, erabat, kabina honetan gora eta behera. Hala atera ditut dozenaka erretratu mugikorraz, bizitzako aro hau noizbait ahaztuko dudanaren beldurrez-edo, betikotzeko, sekula ez amaitzeko: bera eta ni, ni eta bera, biok. Bi baina bat, biok bat. Ez baikara kanguruak, ez, baina, behar dugu jaio eta beste bederatzi hilabetez, gutxienez, gure amei itsatsita bizi, kanpo-haurdunaldi batean bezala.

Kontua da, gaur oraindik ez direla bost hilabete ere igaro erditik ireki eta unibertso honetan bigarrenez sartu nintzenetik. Gaur, goizegi da honetarako; goizegi pisuz pisu etxetik urrutiratzeko. Ez dut nahi, berak ere ez du nahi; berak behar nau, elkar behar dugu. Azkarregi doa igogailua behera, hura ere bere izen eta izanaren kontrakarrean, zergatik ez beheragailu, nola da posible, oihukatu nahiko balit bezala gertatzera doana lekuz kanpo dagoela.

Banekien gaurkoa bazetorrela. Bazekien buruko egutegiak, nahiz eta gorputzekoaren tempoa beste bat izan. Saiatu naiz lantokira, erritmo produktibo kapitalistara, itzultzeko momentuarekin gehiegi ez pentsatzen; are, astroren batzuk elkar jo eta itzulera hau ez zela gertatuko ere sinetsarazi diot neure buruari zenbait gautan. Baina iritsi da.

Iritsi zen, duela bi aste. Zurrunbilo eta anbibalentzia formatuan, nola ez. Nire uste guztien kontra, on egin didalako burmuina aspaldi utzitako zereginetara nahiko ondo itzuli dela ikusteak. Eta, nire uste guztiekin bat eginik, itzulerarekin eroso samar sentitze horrek erru dosi berri bat sartu didalako zainetara. Hori ere bai baita amatasuna: igogailu izanda ere, behera jaitsi behar izatea. •