Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Estetikaz

Oteiza eta Saez de Oizak Bilboko Alhondigarako egin zuten proiektuaren maketa, burutu gabea.
Oteiza eta Saez de Oizak Bilboko Alhondigarako egin zuten proiektuaren maketa, burutu gabea. (G.T.B.)

Wittgensteinek etika eta estetika bat eta bera zirela zioen arren, sarritan kontrajarritako kontzeptu gisa ulertu izan ditugu. Sinple esanda, etikak zuzentasun moralarekin du zerikusia, eta estetikak edertasunaren hautematearekin. Horrela, produktibitatea balio moral gorena den garaian, normala da edertasunaren bilaketa bigarren maila batean geratu izana.

Edertasuna oinarrizko “beharrak” (behar funtzionalak) aseta daudenean onar daitekeen kualitate gisa ikustera ohitu gara, eta beraz, edertasuna bere horretan ez da beharrezkoa, kapritxoa baizik. Erlijioa atzean utziko genuen Euskal Herri modernoan, baina erro judu-kristauak sakonak dira, eta kapritxoa bekatuaren pare da ia. Edertasunaren bilaketa formalak prentsa txarra du gurean.

Quousque tandem. Gogoeta hauek Iskandar Rementeria irakasleak Artiumen egindako hitzaldi bati zor dizkiot. Bertan, modu bikain eta sintetikoan Oteizaren ikerketa estetikoen inguruan jardun zuen, eta oriotarrak arteari egozten zion balio eraldatzailea azaldu zuen. Artearen eta edertasunaren defentsa egiteko, dirudienez, erabilgarria ere badela esatea besterik ez zaigu geratzen. Artista ezkertiar askoren ustez, baita Oteizaren ustez ere, artelanek kapazak izan behar zuten ikuslea hunkitzeko eta balio etikoak transmititzeko, aldaketa iraultzailea sustatuz. Ideia polita da. Denok nahiko genuke gure jardunari esker mundua hobetzea, baina nekez izango gara kapazak gugandik haratago dagoen ezertan eragiteko. Horrek, baina, ez du zertan txarra izan, eraldaketa norberarengan hasten baita.

Oteiza horretaz jabetu zen bigarren etapa batean, eta artean jarduteak eragiten dituen gogoeta eta eztabaida etiko eta estetikoak norbanakoa eraldatzeko gai zirela defendatu zuen. Horregatik, jarduera artistikoa gizarte osoari hedatu behar zitzaion, heziketa estetikoa landu beharra zegoen.

Baina gaitasun eraldatzaile horren potentziala inork baino lehenago baliatu zuten botere ekonomikoek, eta, 50-60ko hamarkadetako pentsaera utopikoei itzuli merkantilista emanez, 80-90eko hamarkadetan nagusitzen hasi ziren ekonomia sortzailearen inguruko diskurtsoak. Zenbait tokitan diskurtso hori arte objektuaren merkantilizazioan gorpuztu zen, eta Bilboko Guggenheim dugu honen eredu argiena. Artea eta arkitektura aitzakia gisa erabiliz, turismoan oinarritutako modelo ekonomiko bat bultzatzen da. Titaniozko eraikinean ez da artea sortzen ez sustatzen, artea kontsumitzen da, eta haren arrakasta kontsumitzaile kopuruak ezarriko du. Guggenheim efektua deritzonak mundu osoan museo ikusgarriak agertzea ekarri zuen, sorkuntza programarik gabe gehienetan.

Badago antzeko lerroan doan baina ezberdin jokatzen duen diskurtso bat, besteak beste Richard Florida soziologoak «Creative Cities» eta «The rise of creative class» liburuetan sakondu duena. Klase berri bat agertu da azken hamarkadatan, artearekin zuzenean lotua ez, baina mundu sortzailean lan egiten duten milioika profesionalek osatua: zientzialari, musikari, teknologia langile, diseinatzaile… Eta badago, aldi berean, hauek erakartzeko hirien arteko gatazka bat, klase sortzaile honen inguruan garatzen baitira gaur egungo ekonomiarik dinamikoenak. Milan, Londres, Toronto, New York, Tokio… Lehen mailako hiriak dira eta beti erakarri izan dute klase sortzaile hori, baina badira joko berean jolastu nahi duten beste hiri asko ere. Malagaren kasua da ezaguna, teknologia Hub bihurtu nahian dabilelako urteotan. Nantes, Basilea, Manchester… beste hiri askok ere teknologia eta diseinua hiri birgaitze prozesuekin uztartu dituzte, eta talentua erakartzeko borroka global honetan abantaila bilatzen dabiltza. Espazioaren erabilerarekin zerikusia duten gatazka guztietan gertatu ohi den moduan, ahulenak irteten dira galtzaile. Hiri hauetan guztietan gentrifikazioa eta gethifikazioa prozesuak gertatzen baitira parez pare, aberatsak erakarriz eta bertako biztanle txiroak zokoratuz.

Gizartearen eraldaketa progresista artearen bitartez egingo zela ziotenen ideia berberak, desberdintasunak gero eta nabariagoak izatearen politiken muina ere badira. Azken finean, ematen du estetika bezalako jarduera hutsalak badituela pisuzko ondorio etikoak ere. Agian, Wittgensteinek zioen moduan, uste duguna baino gertuago daude. •