Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Ez da zure nekea, kapitalismoa da

Gugandik at dagoen zerbait behar dugu.
Gugandik at dagoen zerbait behar dugu. (GETTY)

Ez dauka ez hanka ez buru oso nekatuta egoteak eta, aldi berean, podcast bat entzuten beranduagora arte geratzeak loak hartu gabe. Baina horixe egin dut aste osoan zehar. Nire alde esan beharra dut Podemosen barne historiari buruzko podcasta zela eta irri maltzur batekin entzun dudala konpultsiboki gauero. Primeran pasa dut alderdi horretako militante ohien bilorik gabeko hitzak entzuten.

Izan ere, hasieratik jarraitu nuen haien bilakaera. Ikasle pisuan bizi ginenean, Pablo Iglesiasen La Tuerka ikusten genuen pozik, Espainian iritzi emaile interesgarriak ere bazeudela deskubrituz. Hauteskundeetara aurkeztu zirenean ere luze eztabaidatu genuen, ea nori egiten zioten kalte edota mesede, ea zer egon zitekeen haien asmoen atzean eta ea noraino iritsi ahalko zuten. Nola eraman zuten Euskal Herriko ezker subiranista espainiar gorteetako hauteskundeetan inoizko emaitzarik okerrenak lortzera eta nola irauli den hori urte gutxitan berriro.

Podemosen historia laburra (orain artekoa gutxienez) bereziki interesgarria da: Izquierda Unidarekin koalizioa, Errejonen kontraproposamena, txaletaren auzia, gobernukide bihurtzea, Yolanda afera… Nire lagunek barre egiten didate Podemosen barne eztabaidak kanpotik jarraitu ondoren noren alde egingo nukeen esaten diedanean. Ez dizuet esango zuei, barra ertzean topatzen banauzue galdetu eta kontatuko dizuet. Luzerako joko luke, baina ez nuen horri buruz aritu nahi gaurkoan.

Arazoa da ohera joaterakoan ere zerbait kontsumitzeko beharra sentitzen dugula: gogoko duzun podcastaren azken zenbakia, Twitterreko txio berrienak, Instagramen gustatzen zaizunak estekatu duen azken bideoa… Gugandik at dagoen zerbait behar dugu gure burua asetzeko. Gero eta zailagoa da ohe ertzean duzun liburu hori bukatzea. Nire kasuan liburu kuadrilla osatu dute dagoeneko. Zin egiten diet oporrak hartu bezain laster nirekin eramango ditudala eta haietan murgilduko naizela, baina jada ez didate sinisten.

Lanean ere badirudi lan egiteak berak baino, egiten dugunari edo egin beharko genukeenari buruz idazteak izugarrizko garrantzia duela nagusientzat. Berriro ere, gure buruan edo lanean zentratu beharrean, beste norbaiten abaroan egon behar dugula dirudi. Etengabeko txostenak betetzea gerorako uzteak ere ez du laguntzen. Hor nonbait, gure buruaren atzeko bazter batean geratzen baitira zain, noiz beteko. Eta horrek ere izugarri nekatzen du.

Sendagileek komentatzen dutenez, jende asko ari zaie kontsultara hurbiltzen nekea dela eta. Baina analisiak egin ondoren ez omen da ageri ezer berezirik. Nekeak eguneroko gauzak aurrera eramatea zailtzen du, egin beharrekoak ahaztera eramaten du eta, oro har, den-dena zailago egiten du.

Ezin konta ahala aldiz gogorarazi dit Amagoiak nire zutabearen zain dagoela eta hilabetero, idazteko gaiari buruz hausnartu orduko, ahaztu egiten dut. Horrexegatik eskertu nahi diot gaurkoa Gaur8-ri, hilabetez hilabete, arratsalde batez ordenagailu aurrean eseri eta nire buruan dudana ordenatu, horri forma eman eta lasai idazteko parada ematen baitit. Tartetxo batez, kapitalismotik ihes egin ahal dugula sentiarazten baitit. •