Juantxo EGAÑA

Korrikaren bigarren edizioaren amaiera Donostian

(ARTURO DELGADO. KUTXATEKA.)

1982ko maiatzaren 22an abiatu zen Iruñetik Korrikaren bigarren edizioa. Hasiera batean, Nafarroako gobernadore zibilak, Ansoateguik, debekatu egin zuen, baina azkenean atzera egin zuen, eta Nafarroako lurraldetik joateko baimena eman zuen. Korrikaren leloa "AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde" izan zen. Maiatzaren 31n, Korrikaren bigarren edizioa Donostian amaitu zen, harrera jendetsuarekin. Arturo Delgado argazkilariak gerorako utzi zituen Korrika Donostiara iritsi zeneko irudiak. Irudian, Prim kalean, Remigio Mendiburu eskultoreak diseinatutako lekukoa ikus daiteke, Joxe Azurmendi idazleak eskuetan duela, eta pankarta eramanez, ezkerretik eskuinera, Josu Landa eta Iñaki Uria kazetariak, Txema Ormazabal argazkilaria atzeraxeago, Xabier Etxaniz Erle idazle oñatiarra, Joxemi Zumalabe kazetari, marrazkilari eta "Euskaldunon Egunkaria"-ren sustatzaileetako bat, Baleren Bakaikoa idazle, ekonomista eta irakaslea, eta Julio Pardo margolari eta irakasle iruindarra.