INTERNAZIONALISMOA ANTOLATZEKO BEHARRA

Askapenak antolakuntzaren beharra nabarmendu du abian duen brigada internazionalistak osatzeko kanpainan

Askapenak aurtengo brigadetan parte hartzeko deialdia egin du eta internazionalismoaren antolakuntzaren beharra nabarmendu du; bestela, «elkartasuna borondate oneko baina eduki gabeko mezuetan geratzen delako». Grezia, Venezuela, Brasil, Argentina eta Uruguaiko herrien borrokak ezagutzeko aukera izango dute brigadistek.

Duela bost urte Brasilen egindako brigada.
Duela bost urte Brasilen egindako brigada. (ASKAPENA)

Askapenak 47 urte daramatza munduko herrialde ugaritan bere brigadak antolatzen, hango borrokak ezagutzeko, elkartasuna zabaltzeko eta Euskal Herriko borrokekin bat egiteko.

Joan den otsailean, internazionalismoaren garrantzia nabarmendu nahi duen kanpainari ekin zion. «Ezinbestekoa da elkartasun internazionalista antolatzea; ezinbestekoa da herrion arteko antolakuntzan aurrerapausoak ematea», dio erakundeak. Bai Euskal Herrian baita nazioartean ere egin beharrekoa dela gaineratzen du.

Aurten, Greziara, Venezuelara, Brasilera eta Argentina-Uruguaira joango dira brigadistak, herriek bizi duten egoera eta «ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera».

Aurtengo kanpainan elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi izan du zentroan: Euskal Herrian egin beharreko antolakuntza eta «nazioartean egin beharrekoa».

Erakundeak nabarmendu zuenez, «Palestinako herriaren aurkako erasoak potentzia inperialisten eta ordena burgesaren basakeria eta hipokrisia berretsi ditu».

«Horren guztiaren aurrean, bi aukera daude: langileen amorrua ordena burgesa zalantzan jartzen ez duten bitartekoen bidez bideratzea, hau da, egungo statu quo-a normalizatzea eta onartzea; edo erasoaldi hau geldiaraziko duen erantzukizuna herri langileon antolakuntzan kokatzea», gaineratu zuen kanpainaren aurkezpenean. «Internazionalismoa praktikan jartzen dugunok argi aldarrikatzen dugu elkartasuna norbere herriaren eta besteen erresistentzian eta borrokarako eskubidea defendatzean oinarritzen dela. Elkartasuna herrion arteko harreman zubiak eraikitzeko tresna da, sozialismoa sortzeko bidean batzen gaituen lan-tresna», dio Askapenak. Baina ekimen isolatuez ohartarazten du, hutsean gera daitezkeelakoan.

Izan ere, «elkartasun hori antolakuntzarik gabe egiten bada, airean geratzen diren borondate oneko baina eduki gabeko mezuetan geratzen da». «Ezinbestekoa da elkartasun internazionalista antolatzea; ezinbestekoa da herrion arteko antolakuntzan aurrerapausoak ematea», berretsi zuen. Eta martxan jarritako kanpaina ildo horretatik eraman nahi dute Askapenako kideek. «Brigadek, herrion arteko harremanetan sakotzen laguntzen diguten aldetik, gure borrokak indartzen ere laguntzen dute».

Formakuntza zikloa

Horrela, Grezian, Venezuelan, Brasilen, Argentinan eta Uruguain, «herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka, memoria historikoa eta mugimendu eta alderdi faxisten gorakada» jorratuko dituzte.

Askapenako brigadetan parte hartzeko izena emateko epea apirilaren 9ra artekoa da, baina bidaia prozesu baten hasiera baino ez da. Eta abiatu baino lehen, formakuntza saioen bidez, egungo koiuntura aztertzeko eta borrokarako beharrak identifikatzeko aukera izango dute.

«Behin interesa duen horrek izena ematen duenean, berarekin harremanetan jartzen gara eta formakuntza zikloarekin hasten gara. Behar-beharrezkoa ikusten dugu brigadan joango diren kideek gai ezberdinen inguruko formakuntza maila altua garatzea. Hori dela eta, lehenik eta behin sistema kapitalista-inperialistaren inguruko formakuntzarekin hasten gara, eta horrekin batera internazionalismoaren oinarriak lantzen ditugu», azaltzen dute erakunde internazionalistatik.

Iaz Venezuelara joan zen brigadak hainbat eragile komunal eta sozial elkartzen dituen Union Comuneraren esperientzia ezagutu zuen. (ASKAPENA)

Bigarren saioan nazioarteko egoerari buruzko formakuntza prestatzen dute: «Alde batetik, potentzia inperialisten ofentsiba aztertzeko, eta bestetik, ofentsiba horren aurka antolatzen diren erresistentziak ezagutzeko». Halaber, oso garrantzitsutzat jotzen dute Europako Batasunaren inguruko hausnarketa egitea eta «bere izaera inperialistan sakontzea. Aurten, arreta berezia jarriko dugu Ekialde Hurbilean eta Sahelen ematen ari den egoeran; hamarkadatan zehar inperialismoaren esku egon diren herriak erresistentzian altxatu baitira».

Azkenik, brigada bakoitzaren inguruko formakuntza espezifikoa egingo dute, brigadistek ezagutuko duten herrialdearen edota prozesuaren nolakotasun zehatzak barneratzeko.

Euskal Herrira itzultzean

Brigadak uztailean eta abuztuan izaten dira eta, bakoitzak bere berezitasunak izan arren, oro har, 15 eta 20 egun bitarteko egonaldiak izaten dira. Baldintza ezberdinen arabera erabakitzen da kide kopurua. Herrialdean zehar asko mugituko direnez, mugatu egiten da. Hori dela eta, lauzpabost kideko taldeak izaten dira.

Baina Askapenak azpimarratzen du bidaiaren ondoren brigadistek Euskal Herrian egiten den lan politikoarekin jarraitzen dutela, bestelako prozesuetan ezagututako borroka moldeak gurera ekarriz «eta amankomunean dugun etsai berdinaren aurka martxan jarriz». «Brigadan zehar Euskal Herriaren askapen borrokaren oihartzuna zabaltzen dute, baina itzultzean, jasotakoarekin hemen lan egiten dute eta elkartasun praktiketan parte hartzen dute. Horregatik, brigadistek Euskal Herrian aktibo egon behar dute», azaltzen du.

«Brigadetan beste herri langileen borrokak ezagutzen dira, ikasi egiten da, baina hori guztia bueltara begira egiten da; hau da, han jasotakoa hemen aplikatzen da; izan hango berri emanez eta elkartasuna adieraziz, izan hemen baliagarri izan dakizkigukeenak aplikatuz», gaineratzen du.

Aurtengo Askapenaren brigaden helmugen artean eskuina erasoaldi gogorra egiten ari den herrialdeak daude.

Grezian, Mitsotakisen Gobernuaren neurri ultraliberalek, aurreko herstura ekonomikoko urteen ondoren, suntsitu egin dute langileen egoera, eta ustelkeria eta autoritarismoa hedatu dira. Ez da gutxiago izan Argentinako kasua, Javier Milei boterera iritsi ondoren. Uruguain Luis Lacalle Pouren Gobernuak errepresiorako, grebalariak jazartzeko eta Polizien ekintzak babesteko legeak abian jarri ditu.

Askapenaren manifestazio baten irudia (ASKAPENA).

«Diktadura eta Gobernu faxisten garaitik, erresistentziarako indar batasun handia izan da herrialde horietan. Oraindik ere asko dira garai horietako memoria historikoa landu eta erresistentziaren alde lan egiten jarraitzen dutenak, horren adibide garbiena Uruguaiko Montevideo hirian dago; izan ere, aurten 30 urte beteko dira euskal errefuxiatuen alde Uruguaiko herritarrak kalera irten eta Poliziak horietako bi gazte erail zituenetik. Urtero-urtero milaka dira abuztuaren 24an kalera irten eta gertakari horien memoria aldarrikatzen dutenak», nabarmentzen dute.

Hiru herrialde horietan eskuin muturreko gobernuek aspalditik aplikatzen ari ziren langile klasearen aurkako neurri politiko, sozial eta ekonomikoak azkartu besterik ez dutela egin uste dute. «Argentina eta Grezia bezalako kasuetan, FMI eta potentzia inperialisten egiturek herrialdeen egoera ekonomiko eta politikoak baldintzatzeko zer-nolako pisua duten», gaineratzen dute.

«Horren guztiaren aurrean, aspaldi hasi ziren burgesiari aurre egiteko egitura herrikoiak sortzen, herri boteretik instituzio eta alderdi burgesen aurka antolatuz. Gobernu berri horiek hamarkadatan zehar lortutako herri borrokak errepresio eta jazarpenaren bidez desegiten saiatzen ari dira, baina berriro ere langileria ofentsiba berri honen aurka antolatzen ari da, eta hori izango da brigadetan ikusiko duguna».

Venezuelako brigadak esperientzia sozialistak, bereziki borroka komunala, eta Estatu Batuen esku hartzearen aurkako erresistentzia izango ditu oinarri.

Brasilen kasuan, Jair Bolsonaroren ultraeskuinaren Gobernuaren ondoren, Luiz Inazio Lula Da Silvarena iritsi da. Hala ere, Askapenak azpimarratzen du internazionalismoak gobernuen kolorearekin ez duela zerikusirik eta elkartasuna «herri boterea dagoen egituretara» bideratzen duela.

«Argi adierazi izan dugu beti elkartasuna herrion artekoa izan behar dela, herritik eta herriarentzat sortutakoa, egitura herrikoietatik abiatua eta soilik langileriaren askapenera eramango gaituena». Prozesu iraultzaileekiko elkartasuna «adierazi dugunean, herri antolatua kokatu izan dugu zentroan beti, hori baita iraultza ororen oinarria. Elkartasuna gobernuen kolorearen arabera kokatzen dutenek elkartasunaren oinarri iraultzailea baztertu eta bestelako interesetara murrizten dute».