Afrikako Adarra, eskualderik desiratuenetakoa

Ez da Etiopia Somaliaren eta Somalilandiaren arteko gatazkan muturra sartzen ari den eskualdeko potentzia bakarra. Izan ere, Golkoko petrolio monarkia indartsuenak lehian ari dira nor lehenago iritsi Afrikako Adarrera.

Urtarrilaren amaieran Muqudishora hainbat laguntza-proiektu patrikan iritsi zen Saudi Arabiako ordezkaritzari zapi gorria jarri zion Somaliak, non Golkoko pisu astunak lehian ari diren.

Eskola materialarekin eta abeltzaintzarako ur putzuekin hornitzea helburu duten proiektuok txalotzearekin batera, Somaliako arduradunek petrolio monarkiari inplikazio sakonagoa eskatu zioten.

Hainbat hamarkadatako gerrak eta matxinada islamistak suntsituta, Somalia «Estatuaren eraikuntza prozesu batean dago», adierazi zuen Abdifatah Mohamed Somaliako Osasun Ministerioko Politika eta Plangintza zuzendariak.

«Indar armatuak indartzen ari gara gure babesa bermatzeko eta gure ekonomia berreraikitzeko. Alde horretatik, (saudiarabiarrek) gehiago egin dezakete», eskatu zuen.

Saudi Arabiak aspalditik erakutsi du azken hilabeteetan Afrikako Adarrean «gehiago egiteko» borondatea, Itsaso Gorriarekin muga egiten baitu, berarentzat berebiziko bide estrategikoa.

Joan den apirilean Sudanen gerra zibila piztu zenean, Ryadek berehala bidali zituen gerraontziak zibilak ebakuatzera, eta bake elkarrizketak bultzatu zituen Jeddahn.

Eskualdearekiko interes horrek agerian uzten du Saudi Arabiarentzat garrantzitsua dela Itsaso Gorrian zehar egonkortasuna zaintzea, ez bakarrik bertan bainuetxe batzuk egiten dituelako, baizik eta batez ere Arabiar Emirerri Batuen eraginari aurre egiten diolako, Golkoan auzokide izateaz gain, lehiakide anbiziotsua baita.

«Katuaren eta saguaren joko moduko bat dago emirerritarren eta saudiarabiarren artean» Afrikako Adarrean, dio Cameron Hudson Washingtongo Ikerketa Estrategikoen eta Internazionalen Zentroko kideak.

Somaliak garrantzi estrategikoa du Golkoko herrialdeen eragin-borrokan, «atzeko patioa» dela uste baitute.

KSRelief Saudi Arabiako Gobernuaren beso humanitarioko arduradunek Muqdishora egin duten bisita Etiopia eta Somalilandia eskualde separatistaren arteko itsas akordio polemiko bat sinatu eta aste batzuetara izan zen.

Arabiar Emirerri Batuek Etiopiarekin eta Somalilandiarekin duten lotura estuak Golkoko herrialde horrek Afrikako Adarrean muturra sartzeko dituen asmoen susmoak elikatzen ditu, Cameron Hudsonek azpimarratu duenez.

Abu Dhabik ez dio erantzun AFPren iruzkin eskaera bati, eta duela gutxi Sudanen egindako lanagatik seinalatu dute. NBEko adituek Armadaren aurka borrokatzen ari diren Laguntza Azkarreko Indarretako paramilitarrak armatzea leporatzen diote Abu Dhabiri. Emirerrietako agintariek ez dute formalki gezurtatu, ezta baieztatu ere.

Omar Mahmood International Crisis Group-eko ikertzaileak zalantzan jartzen du Emirerriak Etiopiarekin egindako hitzarmenaren atzean ote dauden. Izan ere, horrek eragina izan lezake Somalilandiako Berbera hirian Abu Dhabi bultzatzen ari den inbertsioetan, Dubai DP World konpainiak kudeatzen baitu portua.

«Hala ere, egoerak aukera eman die kanpoko eragileei, hala nola Saudi Arabiari, baina baita Egiptori, Qatarri eta Turkiari ere, Muqdishorekin loturak sendotzeko», gaineratu du.

Ryadek Somaliaren «batasunarekin» eta «subiranotasunarekin» duen «kezka handia» adierazi zuen, Hamza Abdi Barre lehen ministroak Saudi Arabiako ordezkaritza agurtu zuenean.

Gertakari honen aurretik, Arabiak Afrikako herrialdearekin harremanak estutu zituen, 2021ean bere lehen enbaxadorea izendatuz.

Hassan Sheikh Mohamoud Somaliako presidenteak, berriz, Owais Haji Yusuf Ahmed bere gertu-gertuko aholkularia aukeratu zuen iaz Ryadeko misio diplomatikoa zuzentzeko.

Afrikako Batasunak Somalian (Atmis) duen indarrak urte amaierarako erretiratzea amaitu behar badu ere, Somaliak Golkoko herrialdeetara jo beharko luke 22.000 soldadu trebatzen laguntzeko.

Emirerriek urtarrilean sinatu zuten lankidetza militarrerako hitzarmena Somaliarekin. Otsailaren 11n iragarri zuten shebab islamistek egindako eraso batean lau soldadu eta Bahraineko ofizial bat hil zituztela, Muqdishon prestakuntza misio bat egiten ari zirenak.

ICGko Omar Mahmooden arabera, «Somalia ere arma berriak erosten saiatzen ari da, abenduan NBEk ezarritako arma enbargoa kendu ostean, eta Golkoko herrialdeetara jo lezake laguntza lortzeko».

Azken asteetan, Somaliako Gobernuak eta Parlamentuak Turkiarekin defentsa akordio bat onartu dute.

10 urteko iraupena duen akordio horren arabera, Turkiak, NATOko kide eta Somaliaren gertuko aliatuak, Somaliako itsasertz luzea defendatzen eta Afrikako Adarreko herrialde ezegonkor horretako itsas indarrak berreraikitzen lagunduko du.

«Somaliak argi utzi du bere jarrera: Somaliaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna ezin izango dira inoiz negoziatu, eta horrek ekarri du gaur akordio historiko hori», pozik agertu zen Abdifatah Kassim Defentsa ministrordea.

«Akordio honekin, Turkiak Somaliako kostaldea babestuko du piratengandik, terroristengandik (...) gure itsas mugak urratzen dituzten guztiengandik, Etiopia kasu», jarraitu zuen.

Ankarak harreman estua du Somaliarekin, eta haren bazkide ekonomiko nagusia da, batez ere eraikuntza, hezkuntza eta osasun sektoreetan eta lankidetza militarrean.

Somalian dago, halaber, Turkiak atzerrian duen base militar eta formazio zentrorik handiena, Turkiako hedabideen arabera.