Mikel ZUBIMENDI BERASTEGI
{ ANALISIA }

Gizon ehiztaria, mito eroria

Gezurra ez ezik arriskutsua den narratibak dio prehistorian gizona ehiztaria zela eta emakumea biltzailea. Abangoardiazko ikerketek mito hori eta milurtekoetan izan dugun genero rolen ulermena desafiatu dute.

Gizon ehiztariaren mitoa eraitsiz, prehistoriako genero rolak birpentsatu behar dira.
Gizon ehiztariaren mitoa eraitsiz, prehistoriako genero rolak birpentsatu behar dira. (GAUR8)

Marrazki bizidunetan, natur zientzien museoetan, zineman... kontatu diguten ipuinaren arabera, prehistorian «gizonak ehizatu-emakumeak bildu» lanaren banaketa sortu zen. Milioika urteko historia honek azaltzen du, ustez, gizakien garapena eta naturaren ordena, zergatik den normala eta naturala gizonek lideratzea eta emakumeek atzetik jarraitzea; gizonek zeregin arriskutsu eta heroikoak burutzea eta emakumeek esker txarreko zeregin mundutarrak. Txiklea tiratuz, natural egin du soldataren truke gizonek etxetik kanpo lan egitea eta emakumeak, soldata gabe, kobazuloetan bezala, etxeko lanetara dedikatzea.

Gure iraganaren historiak ez dio bakarrik egiaz ulertzen dugunari forma ematen, orain eta etorkizunean posible denaz pentsatzen dugunari ere ematen dio. Zuzenean edo zeharka, mitoek hainbat politika eta arau kultural babesten dituzte. Gizon ehiztariaren mitoa gure jatorriaren inguruko mito judu-kristauen sokakoa da, Adam eta Evaren ildokoa. Jaungoikoak emakumea gizonaren saihetsetik sortu ez zuen bezala, prehistorian gizon guztiek ez zuten ehizatzen.

Ehiztari (eta gerlari)

Eta dena gezurra balitz? Eta emakumeek ere ehizatzen -eta gerra egiten- bazuten? Hori da hainbat ikerketek erakutsi dutena, genero banaketaren ustezko oinarri naturalarentzat sekulako ondorioak dituena. Lan horietako batean, “The Myth of Man the Hunter: Women’s contribution to the hunt across ethnographic contexts” txostenean, Cara Wall-Scheffler ikertzaileak egungo herri ehiztari-biltzaileak aztertu ondoren, emakumeek beti ehizatu dutela erakusten duten datuak eskaini ditu, adin guztietakoak eta munduko bazter guztietan.

AEBetako Washington eta Seattle Pacific unibertsitateetako antropologoak egungo (edo duela gutxi artekoak, irokesak eta apatxeak bezalako amerindiarrak, kasurako) herri ehiztari-biltzaileei buruz aurreko antropologoek idatzitakoa datu base etnografikoetan arakatu du. Ia 400 kultura hautatu zituen, baina 63ra mugatu behar izan zuen lagina, batik bat ehizarako estrategiak eta jokabideak zehazten zituzten ikerketak bilatzen zituelako.

Aztertutako 63 herrietatik 50etan, hau da, %79an, emakumeek ere ehizatzen dute, eta zenbait kasutan amonak dira ehiztari hoberenak. Horren frogak kontinente guztietan daude, Europan kenduta (aspalditik ez daudelako ehiztari-biltzaileen taldeak). Eta apropos egindako ehiza edo aldizkakoa eta ustekabekoa ezberdinduz, are gehiago mugatu zuen ikerketa. 40 gizatalderen inguruko lan etnografikoak aurkitu zituen ezberdintasun hori bereizten zutenak. Bada, horietatik %85etan, emakumeek ehizatzen dute. Talde honetan daude, adibidez, Afrika erdialdeko aka pigmeoak, Filipinetako Luzon probintziako agtak, edo Peruko Amazonian bizirik geratzen diren matsé tribuko mila emakumeak.

Aurkikuntza hauetan oinarrituta, Wall-Schefflerrek gonbidapena egin digu ebidentziak berriz ebaluatzeko, ehizaren eta bilketaren inguruko erabilera dikotomikoa zalantzan jartzeko, ehiztariaren narratiba deseraikitzeko. Finean, gizonen eta emakumeen ezberdintasunak sostengatzen dituzten suposizio ustez “naturalak” eta komunak eraisteko.

Biak biltzaile-ehiztari

Eta egungo gizatalde ehiztari-biltzaileak ikertu dituen lan hori ez da bakarra. Iaz bakarrik, beste bik desafiatu zuten mito bera. Batek emakumeak gizonezkoak bezain gaituak zirela erakusten zuen, beste batek erregistro arkeologikoek emakume ehiztarien zantzuen berri eman zuen.

Lehen gizakien osasuna ikertu duten antropologo eta biologoak eta erregistro fosilak eta egungoen arteko analogiak egiten dituzten fisiologoak konklusio horretara iritsi dira: kobazuloetako gizakien generoaren araberako lanaren banaketa ez zen predeterminatua, kontrakoa dioten frogak daude. Tresnetan, dietan, artean, ehorzketetan eta antzinako anatomian bi sexuetan berdintasun handia zegoela aurkitu zuten, nahiz eta iraganean aurkitu ziren gauzak automatikoki maskulino bezala sailkatu ziren. Ezin da esan, adibidez, gizonezkoek bakarrik egiten eta erabiltzen zituztela silexko puntak, ebidentziek roletan sexuaren araberako ezberdintasunik ez zegoela erakusten dutelako.

Ikertzaile talde berak gizon eta emakumeen ezberdintasun anatomiko eta fisiologikoak aztertu zituen, egiaz horrek emakumeei ehizatzea galarazten ote zien zehazteko. Eta aurkitu zuten gizonezkoek abantaila zutela abiaduran eta potentzian, korrika egiteko eta jaurtitzeko, baina baita emakumeek, gizonen aldean, erresistentzia eskatzen zuten ekintzetan abantaila zutela ere. Ikerketaren arabera, estrogenoaren hormona, emakumeetan altuagoa dena, abantaila hori emateko oso inportantea zen, gantzaren metabolismoa handitzen du, giharrei energia iturri iraunkorragoa ematen zien, giharren higadura erregulatuz. Eta biak, potentzia eta erresistentzia, zirela ezinbesteko antzinako ehizan. Bestalde, antzinako hezurdurak aztertzean ez dago traumen patroian aldaketa handirik, aktibitate berak egiten zituztelako.

Adam eta Eva

Zaila da prehistoriako ehunka mila urteetan jendeak egiten zuena zehaztea. Eta suposatzekoa da gizatalde batzuetan gizonek eta emakumeek elkarrekin ehizatuko zutela. Beste batzuetan gizonek bakarrik, eta beste batzuetan bakoitzak harrapakin ezberdinak eta teknika ezberdinekin. Ehizan gizonak edo emakumeak beharrezkoagoak ziren galdetzea bizitzeko birikak edo bihotza inportanteagoa den galdetzea da.

Baina ikerketa horiek guztiek gauza bat erakusten dute: patriarkatua ez zela gauzen ordena naturala, ehiztari-biltzaileen komunitateak erlatiboki berdinzaleak zirela. Eta gizonek menderatutako egiturak lurraren jabetzaren eta laborantzako soberakinetik etorritako aberastasunen kontrolarekin lotuta daudela. Hauek, askotan, lerro maskulinoei jarraituta jarauntsitzen zuten, baina ehiztari-biltzaileek ez zuten lurrik, komunitate nomadak ziren, eta ez zeukaten kanpamendu batetik bestera eraman zezaketena baino ondasun gehiagorik.

Ikerketa hauekin ez da gizon ehiztariaren mitoa lehen aldiz desafiatu. Aspaldi, 1960ko eta 1970eko hamarkadatan, gizon ehiztariaren aurkako erantzun feminista egon zen, azkarra, askotarikoa, antropologo asko gudu-zelai honetara batzea ekarri zuena. Gizonek ehizatzen zuten bitartean, emakumeek zer egiten zuten jakin nahi zuten, ehizak behar zuten ahorakin kalorikoaren parte txiki bat bakarrik ematen zuela zioten, bilketa zela benetan komunitateen euskarria.

Garai hartan, aurreiritzi maskulinoek gobernatzen zuten ikerketa antropologikoa eta gizon ehiztariari egiten zioten kritikak argitalpen feministetan erakusten ziren bakarrik, zientzia aldizkarietan sekula ez. Horrek mugatu egin zuen antropologian, oro har, kulturaren korronte nagusian, gizon ehiztariaren mitoa desafiatzeko ahalegina. Akademian kuestionatzen ez zena egia bilakatuta.

Agian mito hau kultura judu-kristauko Adamen nagusitasunaren ezpalekoa delako, genero harreman modernoak argitzeko eredu gisa onartu zen. Azken hamarkadatan, gizon ehiztaria egungo desberdinkeriak natural egiten dituen munduaren eslogan bilakatu da. Aldaketaren aldarrikapenak isilarazten ditu, nolabait lidergo eta biolentzia maskulinoaren inguruan itxura historikoa eta ebolutiboa duen esplikazioa ematen duelako. Nolabait, gu eta gure arbasoen arteko lotura finkatzean, sexua eta generoaren arabera rolak sinesgarri eta justifikagarri bihurtu dira, gure espezieari dagozkio, natural-natural. Ez da batere erraza onarpen zahar hori aldatzea.

Espezie berdinzalea

Gizon ehiztariaren mitoa zalantzan jartzeak aukera arraro bat eskaintzen digu desberdinkeria sostengatzen duten beste mitoak desafiatzeko, duintasuna eta gu guztion gizatasun osoa baieztatuko duten beste aurkikuntza zehatzago batzuekin ordezkatzeko.

Prehistoriako genero rolak birpentsatu behar dira. Asko dago orduko herrien bizitzaz ikertzeko, bereziki emakumeez. Egungo genero rolak ez dira berezkoak, ez zituzten gure arbasoak definitzen. Milioika urtetan, zentzu askotan, espezie nahiko berdinzalea izan ginen, bai.