Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Solasaldi betegarriak

Emakumeek, «kristalezko sabaia» deituriko trabaz aparte, igotzea merezi duela sinistu behar dute.
Emakumeek, «kristalezko sabaia» deituriko trabaz aparte, igotzea merezi duela sinistu behar dute. (GETTY)

Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildotik, martxoan zehar ekitaldi ezberdinak antolatu genituen hilabete osoan zehar. Bost emakume inspiratzaile, norbere arloan gailentzen direnak, elkarrizketatzeko zortea izan nuen nik, bi saio ezberdinetan.

Emakumeon eskubideen eta berdintasunaren aldarrikapenerako etenbako elkarrizketa bat sortzea da gure helburua (alegia, ez martxoan bakarrik), eta, besteak beste, perspektiba ezberdinak ekarri eta estimulu berriak sortzen saiatzen gara. Hala ere, kontaketa positibo bat sortzea da helburu nagusia, dagoeneko badakigu-eta zein diren arazo nagusiak. Solasalditik helburu edo egiteko konkretu batekin ateratzeko erronka jartzen diegu partaide guztiei. Denok gauza bakar bat ezberdin egiten badugu, eragin kolektiboaren indarra handia izango da-eta. Urrats txikiek balio handia dutela sinesten dugu.

Solasaldietan jasotako gogoeta batzuk bilduko ditut gaur hemen.

Kristalezko sabaia gainditzeko ditugun traben artean, sugeak aipatu zituen batek, “sugeak eta eskailerak“ jokoa erabiliz analogia moduan. Eskaileretan gora igotzeko, igotzea merezi duela sinestea beharrezkoa zela zioen batek. Motibazioa sortzen dizun eta pasioa duzun horretan eskailera jartzeaz aritu zen beste bat. Gizonezkoen eskailera igotzen errazagoa dela hainbatetan irakurri dut, igotzeko duten eskubideaz ez dutelako inoiz zalantzarik egin. Kazetari entzutetsu bat zen elkarrizketatu nuen emakumeetako bat, eta Tony Blair Erresuma Batuko Lehenengo Ministro ohiari buruzko pasadizo bat kontatu zuen: ingelesez “imposter syndrom” deritzon esamoldea -alegia, norberak bere arrakasta merezi duenik ez sinestea- inoiz entzun gabe zegoela onartu zuen Blair-ek elkarrizketa batean. Gizonezkoek ez badute inoiz eragozpenik sentitu haien ibilbidean, enpatia eta inteligentzia emozionalaren faltan, gauza bera aplikatzen diete emakumeei. Ignorantzia dela zioten batzuek, axolagabekeria diot nik.

Sugeetatik alde egiteko teknikez ere aritu ginen. Kaliforniako unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, goi mailako postuetan dauden emakumeetatik %75ek emakumeak ditu bidelagun edo gertu, konfiantzako zirkuluan. Laguntza behar denean eraginkorragoak eta fidagarriagoak dira-eta emakumeak.

Auto-inposatutako presio eta zalantzek jartzen dizkiguten trabak eta kezkak izaten dira sarritan eskaileran gora egitean geldiarazten gaituztenak. Horregatik, bai edo ez erantzun azkarra eskatzen duten abaguneak izaten dira emakumeentzat efikazagoak gora egiteko: ez dago-eta denborarik zalantza egiteko.

Beste batek armiarma sarearen analogia erabili zuen testuinguru berdinean; izan ere, askotan emakumeok ez daukagu gora joateko aukerarik, gure bidea egiteko zeharkako mugimendu asko egin behar dira. Sare bat osatzen dugu, eskailera bat izan beharrean.

Saioan zegoen idazle batek horrela amaitzen zuen argitaratu berri duen liburu bat: «Emakume guztiontzat, hor daukagu eskailera gure zain. Behin gora iristean, mesedez, disfrutatu bistaz». •