Usoaren logika
Pasa den asteburuan bi ospakizun sakrosantu lotzen dituen zubiaz gozatu genuen, Konstituzioa eta Sortze Garbiaren Eguna. Lehenak aita asko izan omen zituen, baina birjintasunaren gorazarreko datak bakarra, Aita Santu batek asmatu baitzuen, Pio IX.k, 1854. urtean, bi mila urteko ibilbidean kasik herenegun. Nonok asmatu zuen Aita Santuaren hutsezintasunaren dogma ezarri zuen lehenik, gerora xisteratik aterako zuenari bermea emateko, orbanik gabeko sorkundearena. Aitortu behar dizuet beti kezkatu nauela ernalketaren eguna abenduaren 8an izateak eta jaiotzarena 25ean. Atera kontuak, hamazazpi eguneko haurdunaldia. Horregatik, ezinegonak bultzatuta, aurten internetera jo dut susmatzen nuena egiaztatzeko, alegia, hamazazpi egun direla, hain zuzen ere, uso arruntaren ernaldiaren denbora. Pio kabroi hark egutegiko edozein egun aukera zezakeen bere asmakizunari data jartzeko, baina ez, usoaren ernaldia hartu zuen erreferentziatzat ospakizuna kalkulatzeko. Benetan, jende hau ez da serioa. Hain sinesgarritasun gutxi daukate, non oraindik ulertu ezinik nabilen nola den posible XXI. mendean oraindik ere erakunde publikoak mendean dituen botere faktikoa izatea.
Gasteizen polemika piztu da aste honetan gotzaingoak ukatu egin diolako zinema ekoiztetxe bati katedral zaharreko esparrua erabiltzeko baimena. Egunotan “Sacamantecas” filma grabatzen ari da hiriburuan, eta zenbait eszena tenplu barruan grabatzeko eskabidea egin zuten zinemagileek, baina apezpikutzak ez die utzi. Gatazka horren haritik jakin dugu erakunde publikoek 50 milioi euroko dirulaguntza eman diotela elizari eraikinaren zaharberritze lanetarako, eta finantzaketa publikoa izanik, lekuaren erabilerak ere halakoxea beharko lukeela. Baina ez, hori logikaren arabera litzateke, eta ezin zaio logika eskatu hegaztien eta pertsonen arteko harreman interespezistak dogma bilakatu dituztenei. Eskatu dakieke, akaso, dauzkaten ondare higiezinengatik dagozkien zergak ordaintzea, hasiera ona litzateke. Baina ez, logika ezin zaie eskatu. •

