Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa
{ ANALISIA }

Eta abar

Garaia ilun dirudien honetan, iluntasun horretaz jabetzea bera bada argitasuna bilatzen dugunaren sintoma. Desio nagusia, eztabaida serioak izateko, munduaren konplexutasunari aurrez aurre begiratzeko eta etorkizuneko herriaren zutarriak zein izango diren erabakitzeko ausardia erakustea, baita arkitekturan ere.

«Aldiri» aldizkariak 2010 eta 2019 urte bitartean izandako azalak
«Aldiri» aldizkariak 2010 eta 2019 urte bitartean izandako azalak (Gilen TXINTXURRETA)

Duela urte gutxira arte “Aldiri” deituriko aldizkari bat argitaratzen zen Euskal Herrian. “Arkitektura eta abar” zuen azpititulu, arkitekturaz ez ezik haren inguruan dantzan dabiltzan gaiez ere jarduten baitzuen. GAUR8n eskaini zaidan txoko honetan, “eta abar” horietan zentratu naiz hilabeteotan. Arkitektura aitzakia izan da gizarte, paisaia, politika edo ekonomiaz hitz egiteko. Finean, denok osatzen dugun Polis sozialaz eta hura gorpuzten duen Urbs fisikoaz jarduteko.

Hormigoi eta harrizko kaleek aldaezinak dirudite denboran, baina haien artean dabiltzan pertsonak baino malguagoak dira gure hiriak. Bost urtean eraiki zen Bilbo eta Bizkai osoaren etorkizuna baldintzatuko zuen Guggenheim, hamar urte eskasean eraitsi zuen Donostiak Urgull mendiaren magalera estu lotzen zuen harresia eta altxatu bere irudi bihurtu den Kortazarren zabalgunea, eta hogei urte eskasean pasatu zen Gasteiz apenas 50.000 biztanle zituen probintzia-hiriburu bat izatetik 150.000 biztanletik gorako hiri industrial dinamikoa izatera. Bost, hamar eta hogei urte besterik ez, hiri eta lurraldeak zeharo aldatzeko.

2025. urtean XXI. mendearen lehen laurdena atzean utzi eta bigarrenean murgilduko gara, eta artikulu honen helburua datorren hamarkadari begira hausnarketa egitea da. Non gaude eta nora goaz?

Aurreko mende amaieran gailendu zen kapitalismo neoliberalaren onartze orokorrak etorkizun utopikoak imajinatzea nekeza egin du azkenaldian eta edonon ageri dira gaur egungo sistemaren akiduraren zantzuak. Krisiari aurre egiteko kudeaketa moduek ere agortuak dirudite erakundeekiko konfiantza minimoetan baitago. Prozesuak geldo doaz, herritarren beharrak ase gabe geratzen dira eta erabaki asko ulertezinak egiten dira. Natura bera ere, gure zaindari eta hornitzaile izan dena, kontra datorkigula dirudi.

Baina kexa eta etsipena gailentzen diren momentu honetan, esan beharra dut kexatzea esperantza galtzearen aurkakoa dela: gauzak hobeto egon daitezkeela jakitea da. Kexu garenok hala egiten dugu ongizate maila zehatz bat espero dugulako, hura lortzea posible dela dakigulako, baina lortzen ez dela ikusten dugulako. Hau da, kolektiboki ia denok partekatzen ditugun eta ukaezinak zaizkigun funtsezko oinarri batzuk lortzen ez ditugula ikustearen aurreneko erantzuna dira protesta eta haserrea.

Azkenaldian etxebizitzaren auziaren inguruan dagoen eztabaida eta harrabotsa horren sintoma argiena da. Hamarkadetan zehar egosten joan den arazoak duela gutxi egin du eztanda eta hari nola aurre egiten ez jakiteak etsitzen gaitu. Etxebizitza eskubidea dela eta gizarte osoarentzako konponbide bat beharrezkoa dela, baina, ia guztiz onartutako printzipioa da. Oinarri horren inguruan indarrak mugitzen hasiak dira jada.

Beste alorretan ere badira onarpen zabala duten tesiak. Garraio modu jasangarrien lehentasuna, ibilgailu partikularraren aurretik; espazio publiko bizigarriak eta hiri atsegin eta seguruak izatearen garrantzia; erabakietan herritarren ahotsa entzun beharra, natura babestu beharra… Beti mahai gainean egon diren gaiak dira, baina horren barneratuta daude, non gaur egun horietako asko arau bihurtu diren. Jasangarritasun planak derrigorrezkoak dira proiektu askotan, baita parte hartze prozesuak ere. Mugikortasun planak edonon ageri dira eta haietatik eratortzen da gure herrietako kaleen eraldaketa

Horrekin ez dut esan nahi gauzak ondo egiten direla, baizik eta egin behar direla dioen kontzientzia orokortu bat dagoela. Askotan gogo gabe eta derrigorturik eramaten dira aurrera prozesu zein plan horiek, eta gaizki egite horrek, normala den bezala, frustrazioa eta mesfidantza sortzen du. Etorkizunean herritarrek gero eta eskari gehiago egingo dituztela jakinda, gauzak beste modu batera egitea beste aukerarik ez da egongo; maiz halabeharrez egiten dena konbentzimenduz egin beharko da.

Datozen hamarkadetako erronka nagusia kontsentsu horietako askok ezinbestean dakartzaten kontraesanekin bizitzen jakitea izango da, orekak bilatuz eta erlatibizatzen ikasiz. Eztabaidak konplexuago bilakatu beharko dira, eslogan eta mezu errazetatik erabaki zailetara pasatuz. Horretarako ezinbestekoa da orain arteko borroka sektorialak modu integralean eztabaidatzeko foroen eraikuntza. Hirien hazkundeak dakartzan baliabideen kontsumoaren eta natura babestu beharraren arteko gatazkak sortuko ditu kontraesan nagusiak. Etxebizitza beharrak, industriaren eskariak, energia berriztagarrientzako instalazioek eta garraio azpiegituren eraikuntzak lurzorua kontsumitzea dakarte. Sektore militante askotan hedatuta badago ere, desazkundearen inguruko eztabaida oso maila apalean ematen ari da gizartean oraindik, eta gutxitan gorpuzten da proiektu jakin baten aurkakotasuna ez den proposamen zehatzetan. Desazkunderantz biratzeak desindustrializatzea eta ekonomia murriztea badakartza, esango nuke inork gutxik planteatuko duela eztabaida hori datorren hamarkadan. Hazkundearen kudeaketa jasangarriaren erretorika gailenduko da.

Bide horretan eta urbs-era itzuliz, hurbiltasunak funtsezko rola du gizarte jasangarriago bat lortzeko. Bizi, lan egin, ikasi, erosketak egin… egunerokotasunerako beharrezkoak diren jarduera guztiak etxetik hurbil egiteak garraio beharren eta energia kontsumoaren murrizketa itzela dakar. Hamabost minutuko hiriaren kontzeptua, azken urteetan ezker eskuin (literalki, helburu politiko antagonikoekin) erabili dena, gero eta barneratuago dago, aipatutako kontsentsu orokor horietako bat bihurtzen ari da. Hala ere, maxima horrek baditu mugak. Ezinezkoa da zerbitzu guztiak beti hurbil edukitzea, are gutxiago gaur egungoa bezalako gizarte hiper-mugikor eta aldakor batean. Horregatik da interesgarria Kataluniako lurralde antolamendurako aurrebaldintza gisa jarri zen oinarri duala: 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldean. Bigarren eskala horrek distantzia arrazoizkoetara eta garraio publikoz ondo loturik dauden herri eta hiri konpaktuen sare baten irudia imajinatzen laguntzen digu. Herri guztiek gaitasuna dute beren baitan behar gehienak asetzeko eta, gauza zehatzetarako, ondo lotuta daude gainerakoekin.

Azken gogoeta horrek ezinbestean narama Abiadura Handiko Trenean pentsatzera. Datorren hamarkadan jarriko da martxan, azkenik, Euskal Herriak ikusi duen azpiegitura proiekturik handiena. Gabeziak gabezia eta akatsak akats, planteatuta dagoen moduan, EAEko biztanleriaren erdia biltzen duten hiriburuak ordu erdi eskasean lotu ahal izango ditu garraio jasangarri bidez, eta oso adi ibili beharko dugu hiperkonektibitate horrek nahitaez ekarriko dituen aukera eta arriskuak aurreikusteko.

Ez dira erronka makalak hamarkada baterako, baina esan bezala, gauzak ilun diruditen honetan, iluntasun horretaz jabetzea bera bada argitasuna bilatzen dugunaren sintoma. Desio nagusia, eztabaida serioak izateko, munduaren konplexutasunari aurrez aurre begiratzeko eta etorkizuneko Euskal Herriaren proiektuaren zutarriak zein izango diren erabakitzeko ausardia erakustea gizarte bezala. Eztabaida horietan arkitektook badugu geure rola, eta paperezko helduleku bat edukitzea ez letorkiguke gaizki. “Aldiri”-k 10 urte egin zituen hazten eta hezten, eta datozen 10 urteetan badago aukera proiektuari jarraipena emateko: saia gaitezen.