Jabetzaren afera

Gaztaroaren bukaera solasgaien aldatzearekin ematen da. Azterketei, lige berriei eta jaiei buruzko hizketak lanak, diru kontuek eta ezkontzek ordezkatzen dituzte. Juergak bere esparrua mantentzen du, neke zantzuekin bada ere. Baina hitz gakoa “hipoteka” da. Hipopotamo jatorraren oso bestelakoa den munstro horretaz jarduteak hamar urte zaharkitzen gaitu. Eta normala da, geratzen zaigun bizitzaren erdia baino gehiago banku batekin ezkonduta pasako dugulako. Hori erosteko kapaz garenok.
Euskal gizartea dekantazio fase batean dago, eta honek gaur bertan nabariak diren baina epe ertainera asko areagotuko diren desberdintasun sozialak dakartza. Jabetzan oinarritutako gizartea izan gara beti, baina azken hamarkadatan bizi ohiturek, gaztaroaren luzatzeak, lan merkatuaren egonkortasun ezak eta etorkinen gaitasun ekonomiko urriak besteak beste, EAEko biztanleen %16 alokairuan bizitzea ekarri du. Alokairua emantzipazioaren lehen fasea izatetik behin betiko egoera izatera pasa da, eta haren prezioaren igoerak, emantzipazioa bera izugarri zaildu du. Maizter bizitzen jarraitzearen zergatia ez da erabaki pertsonala, etxe bat erosteko ezintasuna da.
Errealitatea kalez kale aldatzen dela jakinda, EAEn batez besteko alokairua hipoteka baino garestiagoa da, 830€ eta 720€ hurrenez hurren. Erosteak, gainera, etxearen erabileraz gain, honen JABETZA dakar, alokairua erabilera soila den heinean. Gutxiago ordaindu gehiago jasotzeko, inbertsioa vs gastua. Horrek etxejabe eta maizterren arteko errenta arrakala hilabetez hilabete bikoiztea suposatzen du.
Alokairuan bizi direnen bizi gastua murrizte aldera, alokairu babestua sustatzen da azkenaldian. Eusko Jaurlaritzak eraikiko dituen Bizitegi babestu guztiak alokairura bideratuko dira hemendik aurrera. Oso errenta baxuko pertsonentzat oso mesedegarria den arren, erosketa librean sartu ezin duen “klase ertainarentzat” ez da inongo pagotxa. 70 metro karratu eta garajea dituen bizitegi babestu baten errenta 290€ eta 660€ bitartekoa izango da diru sarreren arabera, baina kontuan hartu behar dugu maximo hori ordaintzen dutenek etxebizitza babestuaren eskariaren baldintzak betetzen dituztela, hau da, ez direla dirudunak. Merkatu prezioen azpitik egonda ere, hipoteka preziotik oso hurbil dago maximo hori, epe luzera soldata bera izan dezaketen etxejabe eta maizterraren arteko arrakala izugarri handituz.
Jabetzak ez du soilik maizterrekiko aldea sortzen, jabeen artean ere alde handia dago. Herriz herri izugarrizko aldeak daude, lurralde berberean eremu pribilegiatu eta kondenatuak sortuz. Donostian metro karratua 5.600€-ren bueltan dago; Gasteizen, ordea, 2.700€ inguruan. Hiri bietan soldatak ia berdinak izanik, gasteiztar bati Donostian etxebizitza erostea oso nekeza egingo zaio, haren etxea salduta ere. Donostiarrak, ordea, bi etxe erosi litzake Gasteizera mugituta sosik gastatu gabe. Pertsona askok, gainera, oinordetzan jasotzen du etxe bat, jabe ez direnekiko arrakala are gehiago zabalduz.
Esan bezala, egoera hau are eta nabarmenagoa egingo da urteen poderioz. Etxejabeak gutxituz joango dira klase ertainaren sektore ahulenak jabe izateko aukera galtzen duen heinean, eta alokairua hazi egingo da klase ertain txirotu honek zein etorkin berriek lodituta. Arazoari aurre egiteko modu bakarra prezioak mugatzea da, eta alokairuei dagokienean jada eztabaidatzen hasi bada ere, salmentan hau ez da gertatuko.
Jabetza pribatuari mugak ezartzeak suposatzen dituen arazo legalez gain, arazo nagusia da etxejabe den edo etxejabe izan nahi duen gizarte bat garela, eta hala izango garela beti. Inork ez du 30 urtez ordaintzen egon den etxearen balioa murriztu dadin utziko, eta hori proposatzen duen edonork ibilbide politiko laburra izango du. Etxebizitzak erabilera balioaz gain truke balioa duen heinean, eta truke balioa 30 urteko erabilera balioaren parekoa den heinean, ezinezkoa izango da hau mugatzen saiatzea.
Gizarteen arazo nagusia ez da pobrezia, segregazioa baizik, eta ezer ez egitearen prezioa olioa eta ura bezain bananduta dagoen gizarte baten agerpena izango da. Banaketa hori geografikoa izango da, aberatsak eta txiroak elkarrengandik (are gehiago) urrunduz eta gizarte kohesionatu baterako ezinbestekoa den klase, jatorri eta kultura arteko harremana ezinezko eginez. Bakoitzaren esku uzten dut horrek hezkuntza, hizkuntza, osasun, segurtasun eta antzerako gaietan izango duen eragina imajinatzea. Horra hor burdindegiko hipopotamoa. •


