Lekua zeri eman?
Igaro da urtarrileko euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko Bilboko urteroko manifestazioa. Beste behin, lekua hartu dugu milaka lagunek, azkenengoz izango den esperantzarekin, eta behin betiko konponbideari lekua egiteko garaia delakoan. Eta kito, pasa den larunbateko mobilizazioa igarota, hasi da benetan urtea. Orain bai, hasi da; aurrekoa erabat bukatu ote den oso argi ez daukadan arren...
Izan ere, bada 2024aren hondarretatik buruan bueltaka dabilkidan esaldi bat: “Lekua eman nahi diogun horri, jar diezazkiogun hitzak”. Aner Peritzek iragan abenduaren 14an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko bukaerako agurrean kantatu zuen, eta nire buruan oihartzun egiten jarraitzen du oraindik. Eta, behin 2025a benetan hasita, pentsatu dut aurtengoa urte ona izan daitekeela lekua eman nahi diogun horri hitzak jartzen hasteko; edo, bederen, lekua zeri eman nahi diogun hausnartzen eta erabakitzen hasteko. 2025. urteak 347 egun ditu aurretik oraindik horretarako. Badugu nahikoa denbora, ez ala?
Lehen aldiz, munduko tenperaturak 1,5 graduko igoeraren langa gainditu zuen 2024an. Israelek Gazako gune humanitario bat bonbardatu eta dozenaka palestinar hil ditu, su etenerako hotsak behar baino beranduago eta ahulago datozen egunon bezperetan. EAEko Auzitegi Nagusiak euskara eskakizunen aurkako hamaikagarren epaia eman du. 84 urteko emakume bat hil du haren semeak Barakaldon; 2025eko lehenbiziko hilketa matxista Euskal Herrian. Abian da Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa, akusatuaren ukazioekin abiatu ere.
18 egun besterik ez dira igaro 2025a hasi genuenetik. Ordutik hona titular horiek hartu dute tokia albistegietan. Antza, ilun dator ilbeltza. Baina honako hauek ere izan dira albiste urtea hasi denetik -euren kontraesan eta gorabehera guztiekin-: milaka lagun bildu dira euskara eta euskal kultura ardatz dituen Mitoaroan. Euskal Herri osoa barnebilduko duen Euskal Pilota Selekzioaren bidea urratzen hasia da. Sindikatu abertzaleek bat egin dute Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata propio baten alde. Ahetzen Ramuntxo Labat hautagai abertzaleak irabazi ditu herriko etxeko bozak.
Antza, beltzetik ez ezik, argitik ere ekarriko du aurtengo urteak ere. Hala dirudi, bi aste pasatxotan egunkarietan lekua eman eta hitzak jarri dizkieten albisteak irakurrita -lekurik eta hitzik eman ez dietenek ere gauza bera iragarriko ote lukete?-. Eta, titular horiei bueltaka, berriro ere lekua emateaz eta hitzak jartzeaz pentsatzen ari naizela, gogoratu naiz Peritzek honako galdera hauek ere aireratu zituela bertso haren hasieran: “Nor diogu gu diogunean? Zer dugu Euskal Herritzat? Zer aldaketa pozgarritzat, zer zahartzat, eta zer berritzat?”.
Eta nago galdera horiei erantzuteko ere urte ona dela hasi berri dugun 2025 hau. Edo, bederen, galdera horien erantzunez hausnartzen eta eztabaidatzen hasteko. 347 egun ditugu oraindik aurretik, eta herri gisa erantzun beharreko erronka erraldoi ugari parez pare. Zein toki eta begiradatatik ekin nahi diogu? Nola marraztuko dugu Euskal Herria? Nork eta nola osatuko dugu Gu-a? Zer aldaketa irudikatu eta eragin nahi ditugu? Badugu geure buruei zer galdetua, lekua nori emana, eta hitzak zeri jarria. •
