Polizia gu salbatzera etorri zen

Espainiak gerran jarraitzen du. Nahiz eta etengabe ukatu duten hemen gatazkarik, arrakala politiko-sozial sakonik egon dela. Batez ere, ongi barneratuta dute poliziak eta guardia zibilak 1959tik gerran egon direla. Eta orain gerra horren kontakizuna egitea haiei bakarrik dagokiela. Zergatik nator hain sakon? “La infiltrada” ikusi nuelako aurrekoan.
Arantxa Echevarriak esan du, “La infiltrada” egiteko, Euskal Herrian jaio izana oso garrantzitsua izan dela. Jatorrien eta abizenen kontu zikin hori salatzen duten berberak izaten baitira, normalean, haien euskalduntasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenak kontakizun zehatz bat azpimarratu nahi dutenean: «Nik kontatuko dizut benetan paisvascoan zer gertatu zen, ez sasiezkertiar zikin horiek». “La infiltrada” filmak kontatzen du nola polizia emakume super-konprometitu bat nahasten den «erailketak ospatzen dituzten» horiekin. Bidean, gogorarazten diote «polizia bat hiltzeko desio duten abenturazale ergelak» direla, kontuz enpatia izatearekin. Ondoren, super-etakide famatu bat ezagutzeak zalantza oro argitzen dio, psikopata matxirulo nazkagarria baita. Eta listo, hori da pertsonaiek ematen duten joko guztia. Hamahiru izendapen Goya sarietan!
Zuzendari baten filmak aztertzeko eta haren pertsonaien arketipoak ulertzeko, lagungarri izaten da haren beste film batzuk ere ikustea, patroi ideologikorik ote dagoen identifikatzeko. Duela urte batzuk egin zen ezagun Arantxa Echevarria, “Carmen y Lola” filmarekin. Bertan maitaleak diren bi emakume ijito gaztek aukera bakarra dute elkar maitatzeko: ijito izateari uztea. Ijitoen komunitateak eskaintzen diena gizon zakarren agintea baita. Berriro ere estereotipoak bata bestearen atzetik. “La infiltrada”-n polizia euskalduntasun matxiruloa desaktibatzera doan bezala, “Carmen y Lola”-n gidoiak ijitotasunetik askatzen ditu emakumeak. Ez dago ijitoen arteko elkarrizketa interesgarririk, ez dago kontraesanik, ez dago hausnarketarik, ez dago pertsonaien sakontasunik. Maitasun erromantikoa ukatzen duten egitura zurrun eta aldagaitzak besterik ez.
Zuzendariaren beste bi filmetan ere gidoiak patroi bera du. Aurten aurkeztu duen beste filma, “Políticamente incorrectos”, estereotipo hutsez osatuta dago: fatxalekoa, ezkertiarren rastak, eskuindar ustelak, titi handiak, zakila ukitzen dizun masajista... Kasu horretan, protagonistek maitasuna politikaren gainetik jartzen dute eta horixe da txiste txarrak bata bestearen atzetik kateatzen dituen filmak ematen digun bakarra. Baina, agian, zuzendariaren filmik adierazgarriena da hori. Bestalde, duela hiru urteko “Chinas” filmean neskatxak txinotasunetik askatu beharra irudikatu zuen, ijitoei buruzko filmeko estereotipo azalekoak errepikatuta, kasu horretan txinatar jatorriko dendarien inguruan.
Zuzendariak, behin eta berriro, arrazismoari eta bazterketari aurre egiteko aukera bakar bezala espainiar zuri izatea eskaintzen digu, alternatiba iluntasuna eta emakumeen zapalketa baita. Eta espainiar nazionalismo inplizitu horrek asetzen du, hain zuzen, iritzi publikoa. Euskal herritarrontzat mezu askatzailea errepikatzen duena: gora polizia espainiarra, gu salbatzera iritsi zena! •

Itsasoaren ardora begietan

«Zarauzko Ikastolak ez dizkio ateak inoiz inori itxi, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu»

Ikasleak Saharan: Elkartasun balioetatik hasita, ikaspenak dituen esperientzia baten kontakizuna
