Raque Ogandori esker
Aurreikuspenak betetzekotan, aste honen hondarrean joango da Errejon epaitegira deklaratzera. Munduan ez da egongo auzi horretaz nik baino gutxiago dakienik, baina egokitu zait, prentsa begiratzen ari nintzela eta batez ere familiako solasaldietan, zerbait entzutea, eta arazoa kaleratu zuen Cristina Fallaras sumatu dut bazter guztietan ia ahots bakarreko korua zuzentzen. Egunkari honetan bertan elkarrizketa egin zitzaion, bere salaketen liburua zela-eta.
Istorio luze eta nahasi honetan izan dudan aurkikuntza atsegin bakanetakoa Raque Ogando feminista galiziarraren diskurtsoa ezagutzea izan da. Etxekoen aholkuari esker Twitterren hiruzpalau elkarrizketa aurkitu nizkion, horietatik luzeena Carlos Fernandez Liriak “Filosofía en canal” saioan egindakoa. Egia da ordurako “El País”-eko Tribuna atalean Ogandok “Linchamiento” izeneko artikulu bat argitaratua zuela, Santiago Alba Rico eta Itziar Zigarekin batean, Errejonen auziaren harira, eta Catalunia Radiok ere buruz buruko bat antolatua zuela Ogando eta Fallarasen artean.
Kontua da Ogandok egiten duen feminismoaren gaurko egoerari buruzko diagnostikoa argigarria egin zaidala eta Podemosek feminismoaz egiten duen erabileraz ere oso kontu jakingarriak esaten dituela. Eta gauza guztien gainetik, niri galdera batzuk egiteko balio izan dit: zer albo kalte ekar liezazkioke salaketa anonimo eta masiboen kanpainak feminismoari? Badakigu biktimak oso zaila duela abusu eta indarkeriaren frogak biltzea, batez ere salaketak aspaldikoak direnean, baina zer gertatzen da hamar salatutatik bederatzi errudunak izanik ere, gelditzen dena errugabea bada? Ez al du feminismoak indarkeria matxistaren aurka lerro gorririk? Salaketa foroak interesgarriak izan daitezke beharbada enpresa handietan edo erakundeetan barne erabilera bat egiteko, ondorioz arazoak ikertzeko baliatzen badira. Salaketa horiek ikertu gabe egiten badira, errugabetasun presuntzioa albo batera uzten bada, justizia paralelo bat bultzatzen ari gara. Horiek eta beste hainbat galdera egiteko balio izan dit Ogando entzuteak. Harrigarria egin zait ikustea zergatik diskurtso batzuei halako kantxa ematen zaien komunikabideetan, beste batzuk bazterrean gelditzen diren bitartean, nahiz eta bigarren hauek argudio eta egituraketa aldetik pisu handiagokoa izan. •

