Pruden Gartzia
Euskaltzain urgazlea
[TXILLARDEGIRI BURUZKO BI GOGOETA]

Zer dugun Txillardegiren alde (I)

Txillardegi 2010eko urrian egindako erretratu batean.
Txillardegi 2010eko urrian egindako erretratu batean. (Jon URBE | FOKU)

Txillardegi da XX. mendeko euskal intelektual garrantzitsuena, horra artikulu honetan aurkeztu nahi dudan tesia. Eta soberan dakit gure tradizio kulturalean ez dela batere dotorea pertsona bat, bat bakarrik, beste guztien gainetik horrela nabarmentzea, baina kasu honetan, honetan bereziki, beharrezkoa da mezua argi eta garbi paratzea: Txillardegi ez dago bakarrik, dozenaka izen jarri daitezke haren aldamenean, eta guztiek meritu handiak dituzte aipatuak izateko, baina hura beste guztiak baino garrantzitsuagoa da Euskal Herriaren historian. Zergatik? Horra azpiko lerroetan azaldu nahi nukeena.

Intelektualak

Herri eta nazio guzti-guztien historian agertzen dira intelektualak; ez da erraza hori zehazki zer den definitzea, baina zer ez diren esanda agian asko hurbilduko gara: intelektualak ez dira politikariak, kulturaren alorrean ari dira funtsean, liburuak eta artikuluak idazten dituzte, eta, sarritan politikan esku hartzeko joera handia izaten badute ere, oso gutxitan dira politikari profesionalak; aitzitik, politikariei egindako kritikak izaten dira, sarri, haien testurik ezagunenak, eta herritar xeheek ez dituzte politikari bezala identifikatzen, idazle bezala baizik, aldian-aldian politikan esku hartzen duten idazleak, zuzen edo zeharka, gehiago edo gutxiago, normalki ekarpen positiboak kritika latzekin tartekatuz. Herritar arruntarentzat intelektualak nazioaren ezaugarri eta nondik norako nagusiak definitzen dituzten idazleak dira, betiere kulturaren alorrean jardunez eta, tarteka, politikan ere esku hartuz. Tarteka.

Europan nazio bakoitzak dauka bere tradizio intelektual propioa, bere estiloa, nolabait esanda. Horrela, Frantzian, adibidez, intelektualak bereziki iskanbilatsuak izan ohi dira, bereziki emanak politikan danborra jotzera; Ingalaterran, ordea, gaizki ikusia dago burrunbaka ibiltzea eta, politikan nabarmentzen direnak falta ez badira ere, gutxiengoa izan ohi dira, eta bide hori hautatzen dutenek ere pianistaren manerak hobetsi ohi dituzte. Bi tradizio horien desberdintasunez jabetzeko, aski da Jean-Paul Sartre (1905-1980) Bertrand Rusellekin (1872-1970) konparatzea. Espainia kulturalki frantseszalea izan da azken mendeotan, baina moderatuagoa: aski da Jose Ortega y Gasseten (1883-1955) tronpeta-solo etengabeak Ramon Menendez Pidalen (1869-1968) noizbehinkako prentsa-artikulu moderatu eta neurtuekin erkatzea: unibertsitateko ikasgela eta mintegietan bake-bakean aritzea izaten zen haren asmo nagusia, gutxitan apurtua.

Euskal Herrian, oro har, modelo frantsesari segitu ohi diogu, gertutasunagatik eta kultura frantsesaren itzal handiagatik ziur aski, baina baita ere gure azken mendeotako historiak ia-ia ezinbestekoa bihurtu zuelako intelektualek beren buruak politikoki definitzea, etengabe definitzea. Zeren hiltzen ari den herri batean kulturan aritzea politikaz ezer jakin nahi gabe Ingalaterran edo Alemanian erraza eta ongi ikusia da, baina gurean ia ezinezkoa dugu.

Intelektualen azken ezaugarri nagusia beren ingurugiroari dagokio: inoiz ez dabiltza bakarrik, beti, ia-ia definizioz, giro kultural sendo bat behar dute sortu eta garatzeko, elkarren arteko komunikazioa da intelektualak sortzeko aurrebaldintza ezinbestekoa. Soilik elkar laudatuz, sendotuz edo kritikatuz lortzen du idazle batek bere burua nabarmentzea, aitortua izatea. Eta horrela, baratzean porruak, letxugak, tomateak eta piperrak ditugun bezala, sailka landatuak, kulturaren ortuan ezkerreko eta eskuineko jendea agertzen zaigu, progresistak eta kontserbadoreak, danborra-joleak eta unibertsitateko giro barea maite dutenak, koruan abesten dutenak eta tenoreak, eta azken horiek ezagunenak izaten badira ere, ahots baxuak dira, sarri, doinuaren gidaritza daramatenak, hemen eta edonon.

Euskal Herriko intelektualak

Irakurle bipila honezkero jabetua dago intelektualak beti sailka agertzen badira ere, normalean gutxi-gutxi batzuk izaten direla beste guztien gainetik nabarmentzen direnak. Aipatu ditugu izen batzuk gorago, inork pentsatzen ote du horiek baino ez zirela dedikatzen idaztera beren garaian eta nazioan? Ez zituztela aldamenean dozenaka eta dozenaka lagun, adiskide, lehiakide, etsai edo dena-delako, antzeko alorrean aitzurrean zebiltzanak? Baina gutxi-gutxi batzuk baino ez dira aipatzen, usu. Bada, Euskal Herrian berdin da.

Hauek dira, nire uste apalean, Euskal Herriko intelektual garrantzitsuenak XX. mendean: Arturo Campion, Resurreccion Maria Azkue, Miguel Unamuno, Pio Baroja, Lizardi, Jose Migel Barandiaran, Piarres Lafitte, Koldo Mitxelena, Txillardegi, Joxe Azurmendi eta Bernardo Atxaga. Gehiago jarri daitezke? Bai horixe! Dozenaka gehiago! Baina futbol partida batean hamaikak baino jokatzen ez duten bezala, nik neuk hamaika baino ez ditut hautatu hemen, hori da nire hautua.

Eta hamaika horietatik nor da gure Pele, gure Maradona? Nik ez daukat dudarik: Txillardegi. Esan dezadan zergatik.

Euskal kulturaren bihurgune nagusia

Kulturaren alorrean, Euskal Herriko XX. mendeko gertakari nagusia hauxe da: mende hasieran euskal kultura, gaur egun kulturatzat nagusiki ulertzen duguna, erdaraz gauzatzen zen ia-ia esklusiboki. Hain zuzen ere, mende berriarekin hasi ziren ameslari batzuk euskaraz ere idazten kultura urbano modernoari zegozkion liburuak, prentsa-artikuluak, lan akademikoak, zarzuelak, operak... Campion eta Azkue izan ziren lehenak, bereziki Azkue, eta izan zuten segida nabarmena, bereziki Lizardi bat. Baina ez zuten lortu, ezta urrunetik ere, frantsesaren eta gaztelaniaren monopolioa apurtzea: ezaguna da, gainera, beren idazlan gehienak gaztelaniaz edo frantsesez egiteaz gain, belaunaldi horretakoek hitz egin ere beren artean nagusiki erdaraz hitz egiten zutela. Tristea da, baina hala da. Bitartean, euskal kultura zer zen definitzea Baroja eta Unamuno bezalako idazleen esku geratu zen de facto, hots, euskararen garapen kulturalaren guztiz kontrakoak zirenen eskuetan.

Etorri ziren Gerra Zibila eta II. Mundu Gerra, eta ondoko urteetan gauzak ez ziren funtsean aldatu: Barandiaranek, Lafittek, Mitxelenak, nagusiki erdaraz egin zituzten beren idazlanak. Egia da ziur aski orduan gertatu zela lehen aldaketa handia: beraien artean euskaraz hitz egiten hasi ziren, aurreko garaietan ez bezala, baina idatzi, batez ere gaztelaniaz edo frantsesez, bereziki goi-kulturatzat jo zitekeen edozer gauza.

Eta orduan Txillardegi agertu zen, eta argi eta garbi aldarrikatu zuen printzipio bat, ordura arte inoiz edo beste aipatzen zena, baina beti ahapeka eta etorkizun urrun batera proiektatuz; euskaraz egin behar dugu guztia, guzti-guztia, bereziki goi-kultura edo kultura urbanotzat jotzen dena. Den-dena euskaraz, eta den-dena oraintxe bertan hasita, partidaren lehen minutuan. Eta euskal kultura osorik iraultzea lortu zuen.

Hau ez da lekua xehetasunetan sartzeko, baina facto nagusia, egitatea, argi dago: Txillardegik markatzen du, beste inork baino gehiago, argi, garbi eta nabarmen, euskal kulturaren barruan gertatu zen bihurgune nagusia, hots, gure kulturaren definizioa erdaratik euskarara pasatzea. Berarengatik ez balitz, aurreko inertziak segitu izan balu aldaketarik gabe, gaur egun euskal kulturatzat hartzen dugun gehiena gaztelaniaz edo frantsesez gauzatuko litzateke. Unibertsitatean eskola gehienak erdaraz izango lirateke, euskararekin zuzenean lotutako atal txiki batzuk salbu, eta euskal literaturatzat nagusiki gaztelaniaz edo frantsesez egindakoa ulertuko litzateke, ameslari edo folklorezale zenbaiten ekina gorabehera. Bazterrekoak eta menpekoak. Ezaguna da, adibidez, Joxe Azurmendi edo Bernardo Atxaga gaztelaniaz idatziz hasi zirela beren lehen hasi-masietan; tira, ez da batere zentzugabea pentsatzea horrela segituko zutela, Barojaren eta Unamunoren lorratzean.

Txillardegiri zor diogu, beste inori baino gehiago, galtzen ari ginen partida iraultzea.