Alaitz AIZPURU JOARISTI
Txillardegiren lanaren ikertzailea
{ ANALISIA }

Txillardegi eta modak

Txillardegiren lana euskaltzaleontzat erreferentziazkoa da jasaten dugun alienazio linguistiko, kultural eta nazionalaz jabetzeko. Aurreko astean Pruden Gartziak zioenez, euskal kulturaren barruan gertatu zen bihurgune nagusia -gure kulturaren definizioa erdaratik euskarara pasatzea- Txillardegik markatu zuen. Ez ote gaude berriro ere antzeko kinka batean?

Txillardegi, bere bulegoan, 2010ean egindako elkarrizketa batean.
Txillardegi, bere bulegoan, 2010ean egindako elkarrizketa batean. (Jon URBE | FOKU)

Txillardegi ez zen batere moda zalea. Modako aisialdiak, modako turismoak, modako pornoak, modako jan-edanaren euskal tripazaletasunak, modako teknologiarekiko itsutasunak, modako erdalkeriak, modako burgeskeriak eta beste moda batzuek zer pentsa ematen zioten, ez zituen gustuko.

Garaian garaiko moda eta berrikerien alde baino, haien kontra egiten zuen arraun, azken dernier cri-ek sorturiko lilurak gesaltzeko eta itzaletan geratzen ziren ifrentzuak argira ekartzeko. Gogoetak, galderak eta erabakimenak pizteko. Normalean, askatasunaren bideak hortik ez, baizik eta beste norabide batzuetatik zetozela argudiatzeko. Moden ustezko berezko arrakastaren atzean, gehiegitan, sugarrei haizea ematen indar zanpatzaileen hauspo erraldoiak zeudela gogorarazteko. Berritasunez eta dirdiraz jantzitako gizarte joera zenbait, burujabetzarako bidean norabide baino alienatzaile gehiago zirela esateko. Txillardegik usaimen zorrotza eta zaildua zuen, libertate usainez lurrindutako kiratsak antzemateko.

Hala ere, doitu dezadan goiko esaldia. Txillardegi ez zela batere moda zalea esan dut. Ez da egia, ez zen guztiz hala. Ez zen moda batzuen batere zalea, baina beste moda batzuen oso alde lan handia egin zuen.

Gizarte joerei adi eta haietaz arduratuta bizi zen norbaiten eite guztiz, Txillardegiren idatzietan moda hitza askotan agertzen da. Garaiaren parte, 60ko eta 70eko hamarkadetan, giza eta gizarte zientzien gorakadek, gizarte aldaketa esanguratsuek, nazioarteko komunikabideen zabaltzeek… giza joera, giza harreman, gizarte mugimendu, gertaera sozial, eta aldaketa zein eraldaketa sozialekiko arreta, jakin-min, azalpen eta ulertu nahi agerikoa piztu zuten. Txillardegiren kasuan, beste askorenean bezala, jakin-minaz gain, azalpen eta ulermenean geratzeaz haratago, gizarte eragiletzan jarraitzea zen asmoa, bere ibilbide osoan bezala, eragiten asmatzea.

Moda hitzak esanahi edo izaera bikoitza du Txillardegiren lanean. Batzuetan, konnotazio ezkorrez, gaurkokeria, berrikeria, azalkeria, batere gogoetatu gabeko korrontearen berezko jaidura, alienaziorako azken joera edo jukutria esan nahi du. Besteetan, aldiz, aldeko haizea da, askatasuneranzko kemen batuketarako aukera, hartu eta jokatu beharreko txanpa, olatu indargarria.

Txanpak egiteko balio zuten olatuak ondo aukeratzen eta olatu haien indarrari probetxu ateratzen saiatu zen. Eginahalak eta bi egin zituen banako zein kolektibo gisa askatasun eta burujabetasunaren aldeko ahaleginari aupada eta sostengua emango zioten fenomeno eta ideia sozialak ezagutarazten eta aberasten.

Bazekien gizakiok modazaleak garela, gutxien jarraitzen dituela uste duenak ere berak uste baino gehiago segitzen dituela, elkarri eragiten diogula, baten joerak besteengan baduela isla. Eta modak ere, beste guztia bezalaxe, egunero berritzen eta bazkatzen ditugula hautatzen ditugun erabaki eta ekintzen bidez. Alegia, tantarik txikiena ur-jauzi bihur daitekeela, eta ur-jauzirik handiena hasieran ur tanta zela.

Bazekien helburu komun baten aldeko talde gogoari eragin egin behar zaiola eta eutsiko badio elikatu egin behar dela. Eta horretarako argudioak eta helduleku emozionalak, sozialak eta intelektualak ematea lanketaren parte zela.

Pertsonaletik politikorako saltoa nahitaezkoa, pertsonala politikoa, banakoarena kolektiboa, herri bati gertatzen zaiona nazioartekoa, eta euskaldunon auzia mundu mailako herri zapalduen parekoa zela eta dela, ez gehiago eta ez gutxiago, bazekien.

Bazekien euskaldunak horretaz jabetzea eta bide horretan euren egoeraz ahalduntzea prozesuaren ezinbesteko atala zela eta dela.

Lanketa horretan badaude bi moda antiguarraren urte luzeetako idatzietan beti modan egon zirenak, beti modan daudenak: nazio-askapena eta hizkuntza/kultura eta politikaren arteko lotura.

“Etnien esnatzea, nazio-askapena, herrien askapen-olatua, burujabetzarako deia, autodeterminazio nahia… modan dago!” zioen. Hamarkadaz hamarkada, 60ak, 70ak, 80ak, 90ak 2000k, idatziz idatzi, beti modan omen. Eta euskaldunok zer? Euskaldunak beti gero, beti bego.

Hizkuntza eta politikaren arteko loturarekin beste horrenbeste gertatzen zen. Nazioartean modan zegoenak, munduko leku desberdinetan ebidentetzat jotzen zenak, gurean lanketa eta pedagogia eskerga eskatzen zuen. Hamarkadaz hamarkada, 60ak, 70ak, 80ak, 90ak 2000k, idatziz idatzi, beti modan. Eta euskaldunok zer? Euskaldunok beti epel.

Txillardegi gizarte eragilea zen osoki, euskaltzaletasunaren eta euskal abertzaletasunaren eragile nekagaitza. Herri formatuan, ezagutza partekatuan, ikasketa kolektiboan sinesten zuen. Internazionalismo kulturala bere luman funtsezko premisa izan zen. Munduko, han eta hemengo, gertu eta urrutiko, herri askapen mugimenduen eta hizkuntzaren bueltako gorabeheren borroka, erabaki, aldarrikapen, zapalkuntza, sarraski eta borondateen berri jakin nahi zuenak iturri ezin oparoagoa zuen eta du bere idatzietan.

Bob EDME
Txillardegi, «Lagun giroan» liburuaren aurkezpenean. (Bob EDME)

Txillardegiren lana euskaltzaleontzat erreferentziazkoa da jasaten dugun alienazio linguistiko, kultural eta nazionalaz jabetzeko. Gure autore postkolonial garrantzitsuenetariko bat da. Hemengo akademian modan jarri aurretik, hemen, euskaraz, teoria postkoloniala, egun dekoloniala deitzen duguna nahiago bada, euskaraz komunikabide herritarretan garatzen eta lantzen aritu zen, etengabe. Dekolonialitateaz ikasteko eta gogoetatzeko ez daukagu beti, konplexuz eta ezezagutzaz beteta, atzerrira eta autore atzerritarrengana jo beharrik. Jabekuntza eta ahalduntze herritarraren ahaleginak bide luzea du euskaraz. Euskaldunentzako jabetze eta ahalduntze eskolak, gaur egun oraindik horren beharrezkoak, atzo ere, zorionez, izan ziren, eta horri esker iritsi gara honaino.

Pruden Gartziak pasa den asteko “Zer dugu Txillardegiren alde” artikuluan, euskal kulturaren barruan gertatu zen bihurgune nagusia, hots, gure kulturaren definizioa erdaratik euskarara pasatzea, Txillardegik markatu zuela zioen. Beragatik ez balitz, gaur egun euskal kulturatzat hartzen dugun gehiena gaztelaniaz edo frantsesez gauzatuko litzatekeela. Ez ote gaude berriro ere antzeko kinka batean?

Gaur, euskalgintzako ahots ugarik diote, orain eta hemen, gaur eta epe motzean, euskara eta euskal kulturaren beste bihurgune garrantzitsu eta zail, oso zail, batean gaudela. Aldagai zahar ugari eta aldagai berri batzuk dituen bihurgune ezezagun batean.

Eta berriz, euskara eta euskal kulturaren aldeko haize, olatu, txanpa eta gizarte mugimendu guztiak beharko direla eutsiko bazaio, eutsiko badiogu.

Egun, kultura modan dago. Baina zein moda? Moda ala moda?

Zer kultura? Errotzen gaituena ala deserrotzen gaituena? Askatzen gaituena ala besteratzen gaituena? Ala biak?

Kultura hitza hitzetik hortzera darabilgu, kultura hitzarekin ahoa betetzen zaigu, orriak eta orriak, minutuak eta minutuak. Eta ez dakigu oso ondo zertaz ari ote garen, zuk buruan duzuna nik dudana ote den. Kulturaz ulertzen duzun horrek herri kultura aintzat hartzen ote duen, edota aitortu gabe, oraindik, ni, nagusiki, kultura europar hegemoniko eta kapitalistaren kultur parametro zapaltzaileetan ote nabilen. Esanahiz hustu dugu, eta zernahiz bete. Gaur A eta bihar B.

Kultura hitzaren zer adiera eta ulerkera darabiltzagu? Nondik jaso ditugu? Zeren amore?

Zer zaigu baleko eta zer ez, zer da bale eta zer kale?

Osterantzean, han eta hemen entzuten dugun kulturartekotasun hori nondik eta nola eraikiko dugu? Bihurgune berri honetan, sortu beharreko olatu berri horretan, besteak beste, euskara eta euskal kulturan ardaztutako kulturartekotasuna dugu asmatzeko. Ez da nolanahiko ariketa, alajaina, aldeko modak alboan izanda ere. Baina haize on batzuk modan daude! Igarri ditzagun, lehenbailehen, norabidean lagun gaitzaten! Eta identifikatu ditzagun, berandu baino lehen, azkar, norabidean nahastu eta galdu nahi gaituztenak! Aspalditik ditugu eta ezagun, aspaldikoak dira moda horiek. Atzo bezala gaur arrisku bizian dagoen kultura batean, politikaz ezer jakin nahi gabe kulturan eta kulturaz aritzea egoera ez ulertzea edo oso ondo ulertu eta iruzur egitea da. Pobre jokatzea edo, okerragoa dena, modaren izenean besteak pobretu nahi izatea. Kiratsa libertate usainez disimulatu nahi izatea.