Ez naiz arrazista, baina...
Marroia itsusia dela barneratu duen hiru urteko haurra. Barraren gibeletik eskuaz eta irri zabalez agur egin arren, bezeroek ikusten ez duten zerbitzaria. Ba al da ikusezinarena baino bakardade handiagorik? Nahiago dute ilara egin serio demonio ageri den bertze zerbitzariaren aitzinean.
Seme-alaba ttikiak jaioterrian utzita ozeanoa gurutzatu eta Europako umetxo bat besoetan eramaten duen emakumearen mina. Gure herriko adinekoren bat zainduko du bertzela, ikasketaz arkitektoa den arren.
Irakasleak zaintzailetzat hartu du bileran, ez gurasotzat, alabarekin batera bere aurrean eseri denean. Eta irakasle gelan, “nire ijitoa” deitzen dio andereñoak lau urteko Cristiani, Cristian izeneko ikasle bakarra bada ere. Cristian erranda denek ulertuko lukete nori buruz ari den.
Berarekin diruagatik eta paperengatik ezkondu dela aditu behar du behin eta berriz. Gainera, sabelean hazten ari zaion haurra nongoa izanen ote den galderak atximur samin bat eragiten dio.
Paperik gabe ez du ez lanik ez etxebizitzarik, eta etxerik eta lanik gabe ez du paperik lortzerik.
Anitz zaindu behar du itxura, orrazkera, jantziak, bertzela ere kontrol guztietan gelditzen baitu poliziak.
Euskara da bere ama hizkuntza, gaztelaniaz ez da hain ongi moldatzen, eta hala ere, gaztelaniaz saiatzen da patioan.
Hainbertze aditu dugu “gu eta bertzeak” banaketa hori. Baina nor gara gu eta nor dira bertzeak? Non dago marra? Berriz jaiotzeko aukera izanen bazenu, zein herri aukeratuko zenuke sortzeko? Zer ikusiko zenuke lehenengo? Zer azal kolore eta etnia hautatuko zenuke? Zein egoera sozioekonomiko?
Miresmenaren eta errukiaren arteko balantza horretan mugitzen da kulpa ere. Zer eragiten dizu erruak? Eta zer pizten dizute harrotasunak eta itxaropenak? Zer duintasunak? Gogoetatu duzu inoiz zer misio egitera etorri zaren mundu honetara?
Ez miresmenik ez errukirik ez kulparik; erranen nuke ez dagoela parean jartzea bezain gauza ederrik. •

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik
