Satira epaitu
Heldu den asteazkenean epaituko dituzte Raimundo el Canastero Lizarrako musika taldeko kideak herriko jaietan txosnen kokapenaren aldaketarekin sortu zen ika-mikaren inguruan Marta Ruiz de Alda UPNko alkateari joan den uztailean egindako abestiagatik. “Beef d’Alba” du izena, eta egun gutxira burututako urgentziazko plenoak udalari eta alkateari zuzendutako irainak eta mehatxuak salatu zituen, UPN, PP eta PSNko zinegotzien babesarekin.
Dozena inguru taldekide dira, eta atxilotu zituzten unetik bertatik abestian umorea eta satira biltzeko adierazpen askatasuna aldarrikatu zuten. Abestian esandako batzuk ez dira goxoak: “Perra amargada en la poltrona”, “vamos a quemar el ayuntamiento”, “deshazte de ella, mátala”. Kontestutik atera, letraz letra hartu, eta errealitatea bortxatzeko tentazioa izaten dute izendatuek, baina abeslariek gobernatuen umorea eta satira erabiltzeko eskubide eta ohitura historikoan kokatzen dute kantua.
Nonbait, akusazioak epaiketarako nahikoa oinarri ezin bilduta, azkenik tituluan aurkitu dute aitzakia, hizkuntzak nahieran erabilita. “Beef d’Alba”. “Beef” deitu izana alkatearen ezaugarri fisikoak mespretxatzea dela argudiatu dute, ingelesezko esanahi literala baliatuta, hots, “behi haragia” litzatekeena. Taldeak kontrara dio beef termino bat dela protesta eta kritika adierazteko, eta #BeefEzDaHaragia hasthaga zabaldu dute sarean. Kasua barregarri, azkenerako.
Nonbait norbait presaka dabil kontu honekin. Denborak aurrera egin ahala abestiak inolako ondoriorik eragiten ez duela ikusirik, “kasua” ezdeus bihurtzeko kezkak jota, antza.
Lizarrako herritik dator notizia, musika taldea dutela epai bidean jarria, konta(tu)tzera noa nire iritzia, alegratzeko tristea den injustizia.
Betitik eta betiko, gora gobernatuen arma umorea eta satira!
[https://youtu.be/UgiHL_NG5yY?si=B1QBR6Dw2ugRlrht]. •
