Betiereko izan ez dadin
Umetan errazagoa da denbora ulertzea eta antolatzea: iragandako guztia atzo da, eta etortzeko den oro, berriz, bihar. Argi eta sinple. Ez du axola sei hamarkada luze igaro diren, edo udako gau labur bat. Berdin dio “lo bat” barru izango den, ala belaunaldi baten buruan. Guztia da atzo eta bihar. Betiereko bihurtzen dira bi denbora-tarte horiek. Eta bi aldi horien artean, berriz, gaurko eguna.
«Tortura ez da atzo. Tortura atzo, gaur eta bihar da». Duela hilabete gutxi entzun nuen lehenengoz esaldi hori, ustez iraganeko mamu hura arinduta nuenean, eta Euskal Herrian ere torturaren itzala arinduta dugunean -gatazka politikoari lotutakoa; ezen, gurean ere, oraindik orain, tortura martxan baita zapaldutako hainbat herritarren aurka-. Ordutik, pixkanaka, tokia hartzen joan da gehiegirentzat zama eta askorentzat ikusezin izan den urte luzetako errealitate hura: bertsotako oholtzan, egunkarietan, irratian, batzarretan...
Euskal Herrian milaka lagunek jasan dute tortura, helburu politikoekin eta ondo baino hobeto pentsatuta, hainbat hamarkadaz sistematikoki erabilitako tresna gisa. Zenbaki ofizialek bost milatik gora kontatzen dituzte, eta beste asko ere badira oraindik kontatzeko daudenak. Eta zenbaki horiek izen-abizenak dituzte, bizipenak, orbainak. Baina, jasandakoek ez ezik, hura eragin dutenek ere badituzte izen-abizenak, ardurak, erantzukizunak. Eragin zutenek, eta baita hori egitea ahalbidetu zuen sareak ere: medikuak, epaileak, politikariak, komunikabideak...
Ordea, eta zorionez, torturaren inguruan eraikitako sarea bestelakoa da jadanik. Egun, torturatuak eurak dira sarea ehuntzen ari direnak. Behinola jasan zuten hari tokia eginez, ahotsa hartu eta Euskal Herriaren etorkizunari begira jarri dira. Badira urte batzuk Nafarroan bide horri ekin ziotenetik. Eta bideak eman ditu fruituak, tartean, ikerketak eta aitortza ofizialak. Torturatuetako asko prest egon dira bizi izandako hura berriro kontatzeko, iraganeko zauriak berriz irekitzeko, zenbakiei izena, aurpegia eta gorputza jartzeko. Eta haietako bakoitzaren ekarpenak ireki du arrakala, osatu du bide kolektibo oparoa. Elkarri eutsiz urratutako bidea.
Eta, bide horretan, erakutsi digute torturak ertz eta dimentsio ugari dituela: poltsa, elektrodo eta bainera baino askoz gehiago izan dela, eta ikusezina den horrek ere zama handia duela. Hala, ulertu dugu garai batzuetan eusteko balio izan duten irudi eta abesti hainbatek ito ere egin gaituztela, eta iruditeria berria behar dugula. Eta onartu dugu torturak, euren azalean jasandakoei ez ezik, haren beldurrez bizitako belaunaldioi ere eragin digula. Eta ikasi dugu, halaber, tortura ere matxista dela, emakumeen gorputzetan forma propioa hartzen duela, eta horretaz ere hitz egiteko garaia badela.
Gaur, Euskal Herriko Torturatuen Sarea eratu eta aurkeztu(ko) dute Donostian, hilabeteetako lanaren ondotik. Torturak eurengan eta Euskal Herriarengan eragindakoa ikusaraztera datoz, aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean. Honela adierazi dute: «Garrantzitsuena ez da egin ziguten hura, ezpada egin ziguten harekin egiteko gai garen hori». Bai, tortura atzo, gaur eta bihar da. Luze egin zaigu “atzo” hura, luzeegi. Baina gaur ezinbesteko ahotsa hartu dute torturatuek, “bihar” hori betiereko bihur ez dadin. •

