«Infiltratutak»

Bizi dira izaki asko, zutabe estu honetan sartzen ahal direnak baino askoz gehiago; Telleriaren ordubeteko saioan ere ez lirateke sartuko denak. Katalunia aldean harrabots handia sortu du gaiak, 2020 hastapenetatik Herrialde Katalanetako mugimendu sozial eta politiko anitzetan (gutxienez) lau polizia nazional infiltratu direnean. Directa-k egin ikerketaren ondorioz, agerian utzi zen lehena 2022an, eta hari beretik tiraka erori dira besteak (denak promozio berekoak, garai bateko “sekretek” matrikula jarraituak zituzten gisara, antza). Duela hilabete eskas, Directa eta TV3 kateak osaturiko “Infiltrats” dokumentala estreinatu zenean, samina eta nazka zabaldu ziren Kataluniako jendartean; ez zen beste mintzagairik egun horietan, ez eta inor poliziaren lana defendatzeko. Orain, berriz, Goya saria eraman berri duen “La infiltrada”-rentzat loreak besterik ez dira izan (errematerako “47”-ren pare jarrita!). Loreak filmari, eta pertsonaiari; emakume ausarta, borrokalaria... ezinbestekoa terrorismoaren aurkako borrokan. Bi filmek sari bera eramatea baino sinestezinagoa da ikustea nola, izena berbera izanda ere, bi fenomenoak ukitu ere ez diren egin, eta are, antipodetan kokatu diren, polizia onaren eta gaiztoaren gisan.
Inolako balorazio politikotatik at, bestelako «infiltratuak» izan dira asteon mintzagai hedabide katalanetan; termiten artean kukuarena egiten duen euli urdinaren larba! Bartzelonako ikerlari taldeak aurkikuntza egin du Maroko hegoaldeko Anti-Atlas mendilerroan, eta zientzian ohikoa denez, nahigabe topatu zituzten irudira ekarritako euli larbak termiten habi batean, mozorrotuta. Larbak, ipurdi aldean, termitaren begi eta antenak irudikatzen dituen mozorroa du, eta garrantzitsuagoa dena, usaina ere kopiatzen dio termitari, elkarren arteko komunikazioarentzat funtsezkoa dena. Hala, euli larba hauek termiten eskutik estalpea eta zaintza lortzen dituztela behatu dute, nahiz eta ezin izan duten ikusi elikadura ere hauen eskutik jasotzen dutenik, bestelako harreman bizkarroietan ematen den gisara.
Polizia infiltratuaren onura, agerikoa denez, informazioa da, baina bide batez militanteak kikildu eta azpiratzea lortzen dute, torturarekin bezalaxe. Infiltrazioa bera hala izendatu duenik bada, eta ez nuke ahaztu nahi pasa den osteguna Torturaren Aurkako Eguna izan denik, Joseba Arregiren hilketa lazgarritik 44 urtera. Eta pasa berri da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ere, emakume zientzialarien erreferentziak lantzeko erabili ohi dena. Infiltratuek erakusten digutenez, gizonen munduan arrakasta duten emakumeak agerian jartzeak ere badu, nolabait, loturarik maskulinitatearen aztarna zenbait positibo egitearekin. Hots, emakumeak izan ahal direla zientzialariak, infiltratuak, eta torturatzaileak. Argi dago batzuk oso ondo ari direla etxerako lanak egiten “guda kulturalaren” eremuan... Guk, berriz, ez dakit “errelatoaren bataila” terminoa bera ere galdu ez ote dugun. Zer esan, filmik izango ez dugunez, eskerrak gutxienez “nekatutak” gaudela argi esatera heltzen garen!

