Iparraren bila

Otsailaren hasieran onartu zen Gasteizen Plan Orokor berria. Zortzi urtero eguneratu beharreko dokumentu hau indarrean zegoen 2001. urtetik, eta, haren berrikuspena 2011n hasi bazen ere, orain eman zaio behin behineko onarpena, 14 urte geroago. Palazio kontuak, despazio. Plan Orokorrak bezalako tresnen beharraz eta berauek egokitzeko mekanismoez beste batean hitz egingo dut, gaurkoan onarpen honek mahai gainean jarri duen kontu bat jorratu nahiko nuke: Iparraldea txarra omen da.
Arazoa berez ez da Plan Orokorrarena. Onartutako dokumentuak lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea eta etxe handiak bitan banatzea ahalbidetuko du azkenik. Hori egin ahal izateko Planak ezartzen dituen baldintzez gain, obra berrien, erabilera aldaketen eta banaketen ondorioz sortzen den etxe orok 2022an onartu zen “EAEko gutxieneko bizigarritasun-baldintzen Dekretua” bete behar du, eta hemen dago gakoa. Gertatu ohi den bezala, dekretu honen helburuak goresgarriak dira oso, bizi kalitate minimo bat betetzen duten etxebizitzak sortzea bilatzen baitu: irisgarriak, zabalak, argitsuak… Kontua da gutxieneko baldintza batzuk bermatzea helburu zuen dekretu honek kasu askotan betetzen oso zailak diren minimo batzuk ezartzen dituela. Baldintza askoren artean (pasilloen zabalera, gelen gutxieneko tamaina, espazioen arteko komunikazioa…), etxebizitzaren “lehentasunezko orientazio” deritzenak daude. Etxe berri orotako espazio komunek ekialde, mendebalde edo hegoaldera begiratu behar dute, eta egunean gutxienez bi orduz eduki behar dute eguzki argi zuzena. Bestela esanda: bizitoki berriak ezin dira iparraldera begira egon.
Zentzu orokorrak pentsarazi dezake arrazoizko neurri bat dela, iparraldean ez dago eguzkirik, haize hotza bertatik dator eta hezetasuna nabariagoa da, baina hori ez da guztiz horrela. Argi zuzena ez da beti ona. Fabrikek, esaterako, lan eremuak argiztatzeko beirateak iparraldera irekitzen zituzten, bertako argia uniformeagoa baita, eta hegoaldera begira dauden etxe askotan udan sargoria pairatzen dute. Hezetasuna eta hotza gaur egun leiho eta fatxaden isolamendu egokiarekin gainditu daitezkeen arazoak dira; are gehiago, legediak isolamendu eta eraginkortasun energetiko minimo batzuk betetzera derrigortzen du oro. Eta azkenik, tabula rasa eginez zentzu puntu bat izan dezakeen neurri honek ez dio munduaren errealitate irregularrari erantzuten. Donostiako Kontxako etxerik onenak iparraldera begira daude, edo Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazaren ikuspegi onena iparraldean dago… honela milaka eredu.
Gure hirien formak, klimari erantzuteaz gain, testuinguru geografikoari eta eraikiari erantzun dion moduan, bertan egiten diren interbentzioek, demagun, etxe handi bat bitan banatzeak, testuinguru honi erantzun behar diote, eta modu abstraktuan planteatutako arau hauek askotan hori galarazten dute. Arkitekturaren eta Hirigintzaren ulerkera normatibo eta kuantitatibo honek kalitatea diseinuaren bidez lortu daitekeela ahazten du sarri. Gaur8-ko atal honetan behin eta berriro idatzi dudan moduan, kontua ez da ZENBAT, baizik eta NOLA. Bizigarritasun dekretu hau betetzea ezinezkoa da eraikin askotan, zaharberritzeetan nagusiki, dela iparraldera begira daudelako, dela leihoak txikiegiak direlako, dela orubearen forma konplexuak neurriren bat betetzea ahalbidetzen ez duelako; baina horrek ez du esan nahi bertan egin daitezkeen etxeak txarrak direnik. Are gehiago, historiak utzi dizkigun etxebizitza zoragarrienetako askok seguruenik ez lukete dekretu hau beteko. Horra hor arauaren kontraesana: kalitate minimo bat ezartzera bideratuta egonda, kalitatea bermatu ez eta salbuespen edo berezitasuna ere ez baimentzea.
Dekretu honen modura, beste lege askok kolokan jartzen dute zentzu ona. Egungo kosta legeak ez luke utziko Zarautz, Pasaia edo Bermeo bezalako porturik egiten, irisgarritasun legeek Gasteizko arkupeak edo Bilboko Unamuno plaza egitea debekatuko lukete, eta lurzoru legearen estandarrek gure herri eta hiri guztien erdigune eta zabalgune trinkoak eraikitzea ezinezko egingo luke. Gure iraganeko gabeziak konpentsatzeko garatu ditugun araudiek iragan hartan edukitako arrakasta errepikatzea galarazten digute orain.
Horregatik, gure herri, auzo eta hirien oraina eta geroa baldintzatzen duen diziplina honek estandarren izaera kuantitatibo teknikoa apur bat alderatu eta proiektuen ezaugarri kualitatiboak baloratzeko tresnak garatu behar ditu. Hiri justu, eder eta konplexuago baten bilaketan, arkitekturak eta hirigintzak hegoaldeko eguzki dirdiratsuari alboz begiratu eta zentzu onaren iparra berreskuratu behar dute. Bidea luzea da oraindik, baina hasiak gara ibiltzen. •


