M ama* eme* ume*
Maiatzaren 5ean izanen dira hiru urte “M ama* eme* ume*” liburua aurkeztu genuela Estitxu Fernandezek eta biok, Donostian goizez, arratsaldez Deban, eta atzo egin genuen liburuaren gaineko azken jendaurreko solasaldia, Soraluzen, “Plaentxian”. Hogeitik gora solasalditan izan gara euskal herri-hirietan, eta hamaika elkarrizketetan hedabideetan. Idatzi digute, kontatu digute, kontatu dugu. Zirkuluak ixten jakin behar da, hasten, bukatzen, askatzen. Nire koadernoa denez hau, atzera begira jartzeko lizentzia hartu dut.
Mamu: feminismoarentzat mamu izaten jarraitzen du amatasunak, ez kultura guztietan eta ez feminista guztientzat, baina deserosoa da, bistan da. Momentuz giza espeziea ez da gurekin bukatuko, feminista asko ama gara. Gaiari heltzea besterik ez dago, dogmatismorik gabe, amatasun feministak izatekotan, pluralean deklinatuko direlako ezinbestean. Pluralean deklinatuko diren bezala (ez)amatasunak eta (ezin)amatasunak.
Mintz: gure gorputzak adina mintz ditu amatasunak, kapaz kapa begiratu daitezkeenak. Eta ez amatasunak bakarrik. Zaintzaz ari gara, pertsonen arteko harremanez, harremantzeko moduez nahi baduzue. Mintzak dituen bezala bizi gaituen sistemak, eta mintz bakoitza arrakalatu behar da, mintz bakoitzak egon behar du agenda politikoan.
Muin: ez dakit zein den muina, baina topalekuak behar ditugu, elkarri zaurietatik hitz eginda ez dugu lortuko. Zauri batzuek amorru forma hartzen dute, eta amorrua begirada mesfidatia bihurtzen da. Oihua baino disimulatuagoa da, hala ere, sentitzen da berdin-berdin. Eremu horretan ezin da ipar bateraturik eraiki.
Menu: hamahiru platereko menua da M, hamahiru plater konkretu, 13 bizipen, inportanteak denak, bertze hamahiru izan balira, berdin inportanteak. Ez genekien zer kontatuko ziguten, ez genuen tesirik plazaratu nahi, entzun egin nahi genuen, entzun epaitu barik. Etiketarik ez, faborez.
Matrioxka: bizipen bakoitza da matrioxka bat, bere barruan bertze bat, eta bertze bat, eta bertze bat gordetzen duena. Horrelakoak izan dira liburua oinarri duten elkarrizketak, hari mutur berri etengabeko bat matazan. Eta halakoak lirateke gutariko bakoitzarenak ere. Eskuzabala da benetan norberarena mahai gainean jartzea bertzeok geure buruari begiratu diezaiogun, geure buruak usaindu ditzagun, zintzo jokatzeko guk gurekin, eta onartzeko zein esaldik eman digun min, zeinekin egin dugun negar, zeinekin berretsi dugun gure ideologia.
Mami: “Gai honek badu mamia” erran zuen bertsolariak, eta jarraituko du izaten. Ez da gurea izan gaiari euskaraz begiratu dion lehena, baina egiari zor ez dira anitz egon. Paretsu eta ondoren etorri dira bertze batzuk, ez bakarrik liburu forman, erakusketak, dantza emanaldiak, podcastak, bertsoak… katebegi bat izan da M, izanen dira osteratzean ere.
Damu: damurik ez, zertarako? Eta kulparik ere ez.
Errua, epaia eta bakardadea dira amatasunari lotuta etengabean entzun ditugun hiru hitz. Ez gara kortse estuetan kabitzen, ez dugu kabitu nahi. M epairik gabeko lurraldea da, erruak astintzeko balio dezakeena, eta batez ere, bakardade sentipena uxatu nahi duena. Ez da mantra bat, pertsonala politikoa da.
Liburuak jarraituko du bere bidea, eta nik nirea. •

