Maskorraren ipuina

Neguko eguzkiak badu xarma berezi bat. Begiak itxita begiratzen diogu eguzkiari neguan, irribarre xamur eta masail gorriez. Jertsea kendu gabe, hondartzan paseatzen ari da Laura, hondarra oinpean sentitzen du, kresala usaindu, oinatzak ikusi eta poza dastatzen du. Halako batean, itsasertzean maskorra aurkitu eta belarrira eraman du. Bai bitxia, begien aurrean dituen arren, itsasoko olatuak maskorrean sartu direla dirudi!
Entzun arretaz. Ur bazterrean aurkitutako maskorraren antzekoa da Lauraren inplantea, kanpoko soinuak belarrien barruan entzuten laguntzen baitio. Txiki-txikia zela jarri zioten eta dena entzuten du ordutik, adi-adi erreparatzen dio munduari. Goizean, amaren pausoak entzuten ditu bere logelara bidean, esnatzeko ordua dela esaten dionean. Eskolako sarreran, musika jartzen dute goizero. Gelan, irakasleek mikrofono berezi bat jartzen dute paparrean eta, horri esker, primeran entzuten du dena. Arratsaldean, aitona doakio bila eta, ogitartekoa ireki baino lehen, beti esaten dio: «Ezetz asmatu zer duen barruan». Orduan, aitonaren eguneroko esaldia entzun ondoren, biltzeko papera usaindu eta: «Gaur txokolatea!». Berriz ere, asmatu. Parkean jolasean aritzen da lagunekin, sokasaltoan kantu-kantari eta korroan kontu-kontari. Ondoren, Ulertuz-era joateko ordua da.
Piraton bizitza. Aitonari eskutik heldu, eta badoaz Bizkaiko haur eta nerabe gorren familia eta lagunen elkartera, Ulertuz-era. Bertan, berea bezalako inplanteak, audifonoak eta abar dituzten lagunekin jolasten da. Jolastuz, komunikazioan trebatzen dira, adierazi eta elkar ulertzen ikastea baino jolas ederragorik ba al dago? Logopedia, fisioterapia, psikologia, pedagogia eta psikomotrizitatea lantzen dituzte jolasaren bidez. Aitona ere hantxe dago ondoko gelan, bilobarekin hobeto komunikatzeko lagungarriak izango zaizkion bideak deskubritzen. Laurari gehien gustatzen zaiona antzeztea eta ipuinak asmatzea da. Mozorro kutxa erraldoia zabaldu eta edozer bihur daiteke: ipotx, mediku, katu, dinosauro… eta pertsonaia horrek esango lukeena asmatzen du. Pirata jantzia hartu du gaurkoan, eta motxilatik, aurrekoan hondartzan hartutako maskorra atera eta ikuskizun paregabea eskaini du lagunen aurrean. Berriro ere, aitonari eskua eman eta etxera joateko ordua iritsi da. Afalorduan, mahaiaren bueltan, gurasoei eta aitona-amonei egun osoan zehar bizitakoak kontatu dizkie. Abenturaz betetako eguna izan da, eta kroketak afaltzea, hori bai altxorra!
Eta gorrak, nork entzuten ditu? Biharamunean, goizeroko soinuak entzun ditu Laurak, urratsak, musika, azalpenak, aitonaren asmakizuna, lagunen kantu eta kontuak. Belarrian inplantea, ahoan irria eta poltsikoan, itsasoa. Gelara sartu eta borobilean eseri dira haurrak.
- Norbaitek zerbait kontatu nahi al du?- galdetu du irakasleak. Berehala jaso du Laurak irribarrez eskua, eta halaxe erantzun dio irakasleak ere, irribarrez- Ea ba, Laura!
Maskorraren ipuina kontatu die lagunei, hankapalurik ez, baina kokleako inplantea zuen pirataren istorioa. Entzuteko gaitasunik gabe jaio eta inguruari adi-adi egunero aditzen zionarena. Marinelen urratsak, kubiertako kantuak, zazpi itsasoetako kondairak eta sirenen asmakizunak, besteak beste. Itsasoak berak ere bere sekretua kontatu zion piratari, inoiz egondako osoko altxorrik handiena, mundua aldatzeko modukoa.
- Sekretua jakin nahi al duzue?- galdetu die bihurri lagunei.
- Bai!- erantzun dute denek aho batez. Eta maskorra poltsikotik ateraz, esan die:
- Jar ezazue maskor hau belarrian, eta entzun. Elkar entzutea baino altxor baliotsuagorik ez dago zazpi itsasoetan; elkar ulertuz, mundua aldatuko dugu.

