Aldaketak, ahanzturak eta aukerak
Euskal Herria etengabe aldatuz doa. Ez dut esango hobera edo txarrera den, hau delako dagoena eta honi egin behar zaiolako aurre. Asaldatu edo nostalgia hutsaletan ataskatu beharrean, egin behar duguna da zertan aldatzen den ondo behatu; eta, ondoren, egoera berri honetara ahalik eta ondoen egokitzen saiatu.
Aspaldi aipatu zidaten Gasteizko lagunek post-Aiete garaian bizi garela, eta hala da. Luzaroan bizi izandako borroka eta konflikto handienak lausotuta, horren guztiaren errelatoarena da orain guda zelai preziatuena, borrokatuena. Eta badaukagu nahikoa lan eremu horretan; izan ere, historia irabazleek kontatzen dutenaren maxima muturreraino eraman nahi dute batzuek, betikoek, irabazi dutenaren uste begibakarra besteoi sinetsarazteko. Eta dituzten baliabide guztiekin -beti bezala- ahalegin sutsua egiten dabiltza.
Eta esango nuke lantzen eta zabaltzen dabiltzan alde bakarreko errelato horrek baduela gizartean eragina. Hala, bada gazteria zati bat egunero bizi duen prekaritatearen eta bizi baldintza txarren sustraiak aztertu eta hori egunerokoan nork sostengatzen duen behatu nahi ez duena, eta, gainera, herri honek luzaroan bizi izandako sufrikarioaren ezjakin edo axolagabe, bere ongizate pertsonalari bakarrik erreparatzen diona: bizitzako helburu du ertzaina izatea hilabete oro soldata handia izateko. Lehen oso gutxi ziren pauso hori ematen zutenak, eta orain normalizatuz doa. Hala ere, horiei galdetuz gero, zirkulazioa zaintzen lan egingo dutela esango dute, lotsagabeak!
Eta, paradoxikoki, bada beste gazteria zati bat, azalean bizi duen ezintasun eta amorrazioa motor eta adinak berorrekin dakarren errebeldia ikur dutena, baina euskal gizarteak sufrimendu luzeen ostean hausnartutakoa bizi izan ez duena. Agian horregatik, bizkarra eman dio asko luzatutako gatazkaren espresio gogorrenetarikoaren osteko pauso horri, eta orain konfrontazio guneak bilatu nahi ditu berriro; gainera, iraganeko hierarkia eta bertikaltasun patroiak errepikatzen ditu.
Errealitate soziolinguistikoan eta demografikoan ere badira aldaketak eta ahanzturak. Luzaroan euskarari eusteko eta hizkuntza biziberritzeko egindako izerdiaren ostean, gaur egungo ume eta gaztetxoek kale hizkera eta guayismo-aren bila gaztelaniara jotzen dute, pantailetan ikusten dutenarekin itsu. Horri gehitu geniezaioke, mendebaldeak munduan mendeetan sorrarazitako sarraski, lapurreta eta desberdinkeria horren guztiaren erruz, milioika pertsona direla haien jaioterrietan intseguru, deseroso eta gutxieneko beharrak ase gabe bizi direnak. Hala, beste herrialde batzuetara jo behar izaten dute ongizatea bermatzeko, eta Euskal Herria, hain zuzen, horietako bat da, jakina. Hortaz, badira gure artean soldata eta bizitzeko baldintza egokiak lehenbailehen bermatzeko lehentasun gorria duten kanpotik etorritako pertsona asko.
Batzuei zein besteei, guztiei, erakutsi behar diegu Euskal Herriak inbasio eta globalizazio askori egin diela aurre, hitzean sinisten dugun jendea garela, komunitate abegikorra dela, gure arbasoek ere gose eta gerra garaietan bizitza berri baten bila deserrira jo behar izan zutela, gure herriak betidanik txikia, antzinakoa eta propioa den kulturaren alde gogor borrokatu izan duela, egungo olatu kontserbadore eta harrapakariek ez dutela lekurik gurean, pertsonen duintasuna ardatz sufrimendua alboratzea erabaki duela, genero eta kulturen arteko berdintasunean sinisten dugula, euskara dela gehien batzen gaituena eta gurea dela guztiondako lekua eta kabida egiten duen komunitatea. •

