Indar handiko ahotsak

Denborak hainbat bidegabekeria eramaten ditu berarekin, beldurragatik, botereak daukan indar zapaltzaileagatik, diruz konpondutako edo gezurretan oinarritutako bertsio berriak zabaltzeko norbaitek egindako esfortzuagatik. Gareth Gore ikerketa kazetari britaniarrak “Opus” liburua argitaratu zuenean, erlijio erakundeari hainbat jokaera aurpegiratu zizkion: ustelkeria, Opus Deiren Banco Popularraren erabilera bere eragin ekonomikoa zabaltzeko, eta erakundeak muturreko eskuinarekin zuen erlazioa, besteak beste. Erakundeak ehun orrialdetik gorako erantzuna eman zuen, Gorek biltzen zituen kontaketei ñabardura guztiekin erantzunez.
Monica Terribas kazetariak idatzi eta zuzendutako “El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei” dokumental saioa ekoitzi du The Mediapro Studiok Max plataformarentzat, eta mundu mailako promozioa egin zuen otsailaren 7an. Opus Deitik ateratako hamahiru emakumeren testigantza biltzen du dokumentalak. Terribasen lanaren indarretako bat hamahiru testigantza hauek beraien artean duten jokabide eredu berdina da: testigantzak munduko lurralde ezberdinetan (Espainia, Latinoamerika, Ingalaterra, Irlanda) bildutakoak dira; hamahiru protagonistek ez zuten elkar ezagutzen dokumentala egin aurretik.
Dokumentalean erakusten diren elkarrizketetan, emakume bakoitzak azaltzen duen arrazionaltasun, hoztasun eta estoizismoak atentzioa ematen du. Jasandako abusu fisiko eta psikologikoen kontaketa egitean, ez dago mendekurako helbururik. Barkamena bilatzen dute, eta barruan dauden eta ausartu ez diren beste milaka emakumeei lagundu nahia.
Lau ataletan egindako kontakizunak barrena astintzen du. Esperientzia pertsonal, ebidentzia eta datu historikoen arteko oreka Terribasek maisutasunez lortzen du. Bere hitzetan, erlijio erakundeak ekonomikoki eta psikologikoki egindako mina ordaintzea eskatzen du.
Opus Deik erantzun motz bat argitaratu du bere web orrian; besteak beste, istorioa partziala dela dio, eta ez dituela biltzen esperientzia positiboa duten hainbat emakumeren erreferentziak. Fede onarekin gauzak egiten ari den jendea ere egongo da, zalantzarik gabe, eta baita dokumentalak kontatzen duen errealitatea ikusi ez dutenak ere; baina horrek ez du bestea konpontzen. Adingabeak galbideratzeak, nerabeen zaurgarritasunaz aprobetxatu izanak eta emakumeak gizartetik ateratzeko erabilitako prozesu manipulatzaileek erantzun bat behar dute. •



