Urtzi URRUTIKOETXEA

Kendrick Lamar, berbagina, atzera begira eta aurrera deika Super Bowl-ean

Futbol amerikarreko Super Bowl finalean Lamar musikariak egindako emanaldiak zaparrada luzea ekarri du. Rap-eko xextrak alde batetik, Donald Trump bertan egotea bestetik, eta ikuskizunaren ñabardurak azkenik. Milioika lagunen aurrean, mezu sakon eta korapilatuenetakoa helarazi zuen egungo hitz zorrotzenetakoak josteko gai den artistak.

Kendrick Lamar hip hop abeslaria, Super Bowl-eko finalean eman zuen ikuskizunean.
Kendrick Lamar hip hop abeslaria, Super Bowl-eko finalean eman zuen ikuskizunean. (Michael OWENS | GETTY IMAGES)

Estatu Batuetan egun garrantzitsua da Super Bowl futbol amerikarreko txapelketako finala. Kirolaren zaleentzat, bistan da, baina askoz haratago doan fenomeno soziala ere bada. Egia da horretarako ez dela zertan AEBetara begiratu, etxean bertan oso egun bereziak dira derbiak, edo pilota, futbol eta saskibaloiko finalak. Masa-kultura hori telebistarekin batera orokortu zen XX. mendean, eta indartsu iritsi da gaur egunera arte. Bai, Euskal Herrian zein Estatu Batuetan oinarria berbera da, baina merkatua eta, ondorioz, ikuskizuna biderkatu egiten da Ipar Amerikan. Eta hor, final batetik haratago doan fenomeno horretan, garrantzi berezia hartzen du atsedenaldiko ikuskizunak. Aurten, Kendrick Lamar hip-hop-eko artistaren esku egon da. Emanaldi labur bezain intentsoa izan behar da, minutu gutxitan arrasto luzea utzi behar du. Azken urteotan izan direnen zerrenda sinestezina da: Rihanna, Beyoncé, Coldplay, Madonna, Bruce Springsteen, Prince, Rolling Stones... eta joko-zelaitik haratago, zuzenean ehun milioi lagun baino gehiago egon ohi dira ikusten. Lamar 2022an ere egon zen, baina ez bakarrik: Dr. Dre, Eminem, Snoop Dogg eta Mary J. Blige eta 50 Cent-ekin batera aritu zen Los Angelesen, Tupac Shakur-i omen egiten zion “California Love”-rekin.

Baina aurten izan da hip-hop-eko artista batek bakarkakoa egin duen lehen aldia. Artista zerrenda ikusgarri horretan zeinek utzi duen arrastoa eta aurten Kendrick Lamar-ek egindako emanaldia non geratuko den asmatzea ez da erraza. Oraindik ere, duela 21 urte Janet Jacksonek bularra segundo erdiz erakutsi izana da askok gehien gogoratuko dutena, herrialde honen puritanismoaren eta memoria hautakorraren adibide, une zailetan, esaterako (Irakeko gerraren testuinguruan etorri zen Jacksonena).

Aurten, berriz, Donald Trumpek agintea hartu berritan etorri da Super Bowla, eta presidentea bera egon da New Orleanseko Caesar’s Superdome-n ikusle.

Kendrick Lamar bost Grammy irabazi berritan iritsi zen New Orleansera. Iazko kantarik entzunenarekin zetorren, ezinbestean jo beharra zeukan “Not Like Us”, Drake kanadar kantari eta Lamar-en etsai porrokatuak kanta debekatzeko auzitara jo duen arren, “pedofilotzat” aurkezten baitu. Hitz hori kendu zuen Lamar-ek emanalditik, baina kantaren arrakasta izan den “a minor” hitz-jokoa bere horretan kantatu zuen: “Akorde bat jo nahi eta ziur aski la minorea (adingabea) izango da”. Ingelesez “la” “a” nota da, beraz, “a minorea”, adingabe bat da.

Serena Williams tenislariak ere, dantzan, cameo-rako tartea izan zuen saioaren amaieran. Lamar-en xake matea zen batzuentzat, Drake-ren bikote ohia taula gainean ikustea. Baina bi artisten arteko xextraz gaindiko zerbait zen. Teniseko gona urdina eta jaka zeramatzan Williamsek, eta ez ziren edozein dantza-urrats. “Crip Walk” izena hartu ohi duten urratsak ziren, Kalifornia hegoaldean diharduen “The Crips gang” edo bandan jatorria daukan dantza-mugimendua. Serena Williams Comptonekoa da, Kendrick Lamar bezala. Los Angelesen barneko udalerri horretan sustrai sakonak ditu hip-hop-ak, eta banden kultura, bere kontraesan guztiekin, ezin da hortik bereizi. Hori ez du mundu guztiak ulertzen, ordea. Izan musikan zein kirolean, mainstream-ean diharduenak bazterrekoa arrotz ez eze are bazterrekoago bihurtu ohi du, ezezagutzatik sarritan.

Halaxe gertatu zitzaion Serena Williamsi 2012ko Olinpiar Jokoetan Londresen, Maria Xarapovari gailendu zitzaionean. Garaipenaren unean egindako dantza-urrats horiek kritika ugari ekarri zizkioten; gustu txarrekoa izatea egotzi zioten batzuek, eta beste batzuek bandak eta indarkeria hauspotzea. Williamsen aldekoek adierazpen arrazistak zirela salatu zuten. Baina tenislariari barruraino sartu zitzaion arantza, eta poza adierazi zuen sare sozialetan, berriz ere “crip walk” hori egiteagatik New Orleansen.

Dozena bat minutuko emanaldian, detaile bakoitza zorrotz zaindu zuen Lamar-ek. Kevin MAZUR | GETTY IMAGES

Osaba Sam

Bistan da bi rap musikarien xextrak eta morboak puztu dutela kanta. Baina emanaldi amaierako apoteosia izan zen hori. Aurretik, lerroz lerro eta segundoz segundo estadioan eta telebista aurrean begira zeudenentzako ikuskizun zorrotza prestatu zuen Lamar-ek.

Wordker edo, Igor Elortzak euskaratu bezala, “berbagin” handia da Lamar. Pulitzer saria lortu zuen 2017an DAMN albumarekin, «berezko autentikotasuna eta dinamismo erritmikoa» aitortu zizkion, afro-amerikar modernoaren bizitzaren konplexutasunak indarrez jasotzeagatik, bere kontakizun korapilatuetan eta sakontasun lirikoaren bidez. Oso une esanguratsua izan zen hip-hop musikan horrelako sari prestigiotsu baten aitortza izatea lehen aldiz.

Super Bowl-eko ikuskizunerako, Estatu Batuetako sinbolo garrantzitsuenetakoa eraman zuen Lamar-ek: Osaba Sam. Herrialdearen sinbolo patriotiko hori gizon zuri zahar eta bizardun batek gorpuztu ohi du, banderaren koloreak kapelan dituela. Sam osaba gorpuzteko, baina, Samuel beltz famatuena gonbidatu zuen: Samuel L. Jackson New Orleanseko etenaldiko ikuskizuneko MC edo zeremonia-maisu bihurtuta, dantzaz, argiz, suz eta artista gonbidatuz betetako emanaldia antolatu zuten, Play Station bideojoko baten X-k eta O-ak zituen taula batean. Barne-agerraldiak lehenetan, ikuskizuneko eta zaleen bozkario-uneak bigarrenetan. «Amerikar joko handia», esan zuen Jacksonek, eta hala har liteke Super Bowl-a, baina jendaurrean bideojoko baten irudia zegoen.

Are gehiago, sarkasmoari beste ukitu bat emateko: dena batuta, eta artista guztiak beltzak izanik, espetxe bateko patioaren itxura zeukan. Preso guztiak beltzak ziren espetxe bat, zehazki. Nola jokatu egun AEBetan bizirik irteteko. Ez da Lamar-ek beltz espetxeratuen desproportzioa salatzen duen lehen aldia. Besteak beste, Beyonce-ren “Freedom” kantan ere (Kamala Harrisen kanpainarako hautatutako doinua, hain zuzen ere), «espetxeetako ateak basamortu garaiagoetan ireki» beharra kantatzen da. 2016ko Grammyetan ere espetxe-uniforme batekin jantzi zen, eta berarekin batera aritu ziren dantzariak elkarri katez lotuta egon ziren, espetxeko ziegetan dantzan baleude legez.

Black Panther-eko “All The Stars” kantatu zuen Lamar-ek SZA rhythm and blues-eko kantariarekin. «Horixe nahi du Amerikak (Estatu Batuek), atsegina eta lasaia», esan zion Sam osabak. Pantera bezatua goraipatzen zion “Amerikak”, telebistako ikusleen gozagarri. Sam osaba zen, baina Tom osaba ere izan zitekeen. Harriet Beecher Stoweren “Osaba Tomen etxola” 1852ko nobelak beren komunitateari eta kulturari bizkar ematen dioten beltzez dihardu; gogotsu da estatubatuar zurien zerbitzura itzultzeko.

Karikatura zoragarri horretan lehen ere aritua zen Samuel L. Jackson, Quentin Tarantinok 2012an zuzendutako “Django Unchained” western filmean (Black Power mugimenduan buru-belarri ibilitakoa da, bestalde). Sam/Tom osabaren pozak gutxi iraun zuen New Orleansen, ordea, eta jarraian, «ozenegi, axolagabe, gehiegi ghetto-an», leporatu zion “osabak”. Lekua ez ezik, adjektiboa ere bada “ghetto” ingelesez, oso bazterrekoa den horretarako erabiltzen da: izan liteke hizkera, janzkera, mugimendua, hitz bat, keinu bat, baina ikusi gabe ere pertsona beltz bat ageri da iruditerian (edo latinoa, gaur egun). New Orleans edo Louisiana bera AEBetan beltz gehien dauden lekuetakoak izan arren, estadioan zuriak ziren gehienak. Telebistan eta sare sozialetan ere batek baino gehiagok bat egin zuten Jacksonen pertsonaiarekin: Lamar-en hitzak “ghettokoegi” dira sarritan, baita ingelesez bizi diren askorentzat ere. Spike Lee-ren “Do The Right Thing”-en, mundu guztiari altxatzera dei egiten zion MC izan eta 45 urtera (bidenabar, Euskal Herrian ere arrasto luzea utzi duen filma, Negu Gorriak-en “Egin zazu behar duzuna”-ren bidez), Jackson gidari zorrotz zebilen berriz ere.

Lamar ez zegoen isilik egoteko, zurien gozagarri otzandutako artista gisa. «Iraultza telebistan ematear dago. Une egokia hautatu zuten, baina tipo okerra», entzun zen estadioan. Donald Trump bertan zen. Eskuineko hedabideak sutan daude ordutik. NFL Futbol Amerikarreko Liga ere damututa omen dago, iturri zehatzik aipatu gabe, “US Sun”-ek dioenez. Are gehiago, Lil Wayne rapeko musikariari barkamen-gutuna bidali diola dio hedabideak. New Orleansekoa da, eta bere hirian Super Bowleko emanaldia egiteko aukera galdu zuen. Trumpen jarraitzailea ere bada. Lamar-ek lehen ere kritikatu du AEBetako presidentea, “The Heart Part 4” eta “XXX” kantetan, esaterako.

Emanaldiko dantzari beltzen jantzi urdin, zuri eta gorriek AEBetako bandera osatu zuten. Kevin SABITUS | GETTY IMAGES

Giza-bandera

Emanaldiko dantzari beltzen jantzi urdin, zuri eta gorriek ez zuten irudimenerako tarte handirik uzten. Baina are argiago geratu zen “Humble” kantan, dantzariak elkartu eta makurtuta AEBko bandera osatu zutenean. Denak aurrera makurtuta, bizkarra goian. Afro-amerikarren bizkarrean eraikitako herrialdearen sinboloa dantza-mugimendu bakarrean.

Segidan, Lamar bera erdian, dantzariak bereizi ziren. Bandera urratuta, jarraitzaileak erdibituta, alde banatan tiraka. «Zatiketa kulturala da», dio Lamar-en lerroak. Zatitutako nazio baten arrakala sakona. Eta nazio hori Estatu Batuena da, baina bere txokoa ere badu Lamar-ek: Serena Williams (eta DJ Mustard) urdinez jantzarazi zuen legez, SZA gorriz zihoan, Los Angelesen elkarren etsai izan diren bi banden koloreak azalduz. Joan den udan, biak elkartu zituen Lamar-ek “The Pop Out” kontzertuan.

AEBetako zatiketa horren sustraiak non diren azaltzeko, Louisiana da lekurik egokienetakoa ziurrenik. Emanaldia “Not Like Us” kantarekin bururatu baino lehen, «40 akre eta mando bat, hau musika baino handiagoa da», bota zien Lamar-ek bere koroetako kantariei. 160 urte lehenago, Gerra Zibila amaitzeko hilabete gutxi falta zirela, William T. Sherman jeneralak agindua eman zuen, esklabo egondako familia bakoitzak mando bat eta 40 akre (hamasei hektarea) jaso zitzan.

Gerra amaitu osteko urteei “Berreraikuntza” deitu ohi zaie. Dozena bat urteko epea da, eta lehenengoetan izan zen itxaropenik bestelako herrialde bat eraikitzeko, harik eta Hegoaldeko indarrek eta Iparreko interes politikoek bat egin eta gatazka ia beste mende batera atzeratu zuten arte. Jim Crow legeak iritsi ziren, segregazioa legeztatuz AEBetako hegoaldean; 1960ko eskubide zibilen mugimendura arte iraun zuen bazterketak. Eta mandorik eta 40 akrerik sekula ez zitzaien iritsi beste pertsona batzuen jabetzan egon ziren familia afro-amerikar haiei.

Super Bowl-eko atsedenaldiko emanaldia mundu guztian ematen den minutu gutxiko ikuskizuna da. Epaileak jokoaren etena adierazi ostean, zazpi minututan prestatu zuten, eta beste seitan jaso guztia, joko-zelaiari kalterik egin gabe. Bien artean, dozena bat minutuko ikuskizuna. Mike Carson zuzendari kreatiboak eta Shelley Rodgers arte zuzendariak prestatua.

Emanaldia “Not Like Us” eta Drakerekiko xextra eta morboarekin amaituta, arrakasta erraz eta berehalakoa zukeen. Azken zatirako utzi zuen, noski. Baina amaierarako GNX albumeko “TV off” hautatu zuen, GAME OVER ikurrak ilunpetan zegoen estadioa argitzen zuela. Milioika estatubatuarrentzako mezua zen hedabide handietatik bereizita antolatzeko. Eskuetan telebistako aginte batekin, dena itzali zuen, AEBetako presidente berria aurrean zeukala, herriari zuzendutako iratzartzeko dei baten gisan har litekeen muturreko baten modura.