Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Harritu nazazu, faborez

Zer moduz Firentzen? Gustatu zaizu?». «Bai, ez dago gaizki, harritu ez banintzen ere». «Ez zintuen harritu?». «Harritzeko gaitasuna galdu dut. Argazkietan eta bideoetan ikusia nuen. Espero nuena da».

Stendhal Florentziako Santa Croce elizan sartu zen, zorabioaren mugan aterako zela jakin gabe. Aurrez, Erroma eta Napoli. «Arte ederrek eta sentimendu kartsuek sortzen dituzten sentsazio zerutiarrek topo egiten duten emozio-puntu horretara iritsia zen». Bihotza taupaka ari zitzaion; zorabioa, taupadak sentitzen zituen, erortzeko beldurrez zebilen. Basilikaren edertasunak zeharo aztoratu zuen.

«Eh! Kaki! Enteratu al haiz? Ez al duk irakurri egunkariak dakarrena? Jada ez nau ezerk harritzen, jada ez». Halaxe gabiltza hogeita hamar urteren ostean, irratia piztu edo egunkaria goizero zabaltzen dugunean.

Urtetan izan naiz epaimahaiko kide bertsopaper lehiaketa batean, atzo telefonoan mezu bat jaso nuen arte. Aurten pixka bat eraberritzea erabaki dugu… epaimahaikideak ere aldatzea erabaki dugu, belaunaldi gazteagoei bide emateko. Ez naiz harritzen. Ez gazte, ez promesa, ez zahar, ez gloria, bizi-aro horretan nago: libre, erranen luke jakintsuak.

Hain da erranguratsua harritzeko gaitasunaren galera, ezen gizakiaren esperientziarik nabarmenenak nahieran aukera baitaitezke. Zer unetan biziko edo esperimentatuko diren kontrolatu daiteke, gailu baten bidez bada ere. Berehalako saria lortzea hain erraza izanik, itxaronaldiaren, bidearen beraren edertasuna galdu dugu.

Basileako Unibertsitatean saguekin egindako esperimentu batek erakutsi zuen garuna denboraren poderioz giroaren estimuluetara egokitzen dela, gertaera harrigarriak prozesatzeaz arduratzen diren burumuinaren zonaldeak toleranteago bihurtuz. Azala uzkurtu zigun hori, intziri haiek, errutina bihurtzen dira. Ohiko, ordenatu, sosegatu, eskerrak; harridura etengabekoaren intentsitatea jasangaitza litzateke, harridura eza bezainbertze.

Psikologiaren arloko egungo ikerketek agerian uzten dute harridura dela giza ongizatearekin eta honen hazkundearekin korrelazioan dagoen emozio positiboetako bat. Harridurak une batez gelditu eta txiki sentiarazten gaitu, apal. Harridura, esker onarekin eta inspirazioarekin batera, emozio transzendentetzat hartzen dute, geure niaz haratago ikustera garamatzalako. Albert Einsteinek errana da, betikotasunaren, bizitzaren, errealitatearen misterioak hautematen ditugunean, harriturik geratzen garela, nahikoa dela egunero misterio hauek pixka bat ulertzen saiatzea, jakin-min funtsezko hori inoiz ez galtzeko.

Harridura kontenplatiboa eta inkisitiboa omen daude. Lehenak, eragiten digun inpresioagatik, gatibu hartzen gaitu, eta sorginduta uzten, solasik egin gabe. Bigarrenak ez digu gustua sortzen soilik, galderaz betetzen digu burua.

Ustekabeko igurtzi bat eskuan, esaldi jenial bat, zuri idaztera atrebitzen ez den horren mezua, 15.20an etxera iritsi eta mahaia jarrita eta txitxirioak heltzean bero topatzea, lankidearen begirada konplize bat, Bilboko Erriberako merkatuaren inguruan pasealdi bat, kaleko solasaldi bat, aspaldi dastatu gabeko ardoaren arrastoa ahosabaian, oroitzapen bat, irudipen bat, kantu bat… •