Magia eta ehiza

Txakurra pasioan dabil, adi. Zeru zabalaren azpian gaude, arte leku batean; naturaren arteak bere magia aditzera ematen duen espazioan. Lasai dabil txakurra, ezer ez egiten ariko balitz bezala, nahiz eta ari den. «¡Busca!», entzun du, eta bizitu egin du gorputza. Halako batean, geratu egin da: sudurra lurrera gerturatu du, arnasaldi azkarrak hartuz. Aldameneko bi pertsonak erne jarri dira. Txakurrak begiratu die begietara; ez dago ezer. Jarraitu egin du...
“Abby” (Cameros, 2019) izena du txakurrak. Arkume baten tankeran, ile kizkurra du. Mutur beltza, eta jarrera jolastia, “ur txakurra” izaki. Uretan erraz ibiltzen dira, eta arrantzaleen lagun onenak izan ziren itsaso zabaletan. Diotenez, itsasontzitik eroritako trasteak errekuperatzeaz gain, barkuen arteko komunikaziorako postari ziren. Ahate ehiztari porrokatuak, ahatea ez bazuten harrapatzen, erabilitako gezia errekuperatzen zuten. Izaera aktibo hori mantentzen dute, eta prest agertzen dira oraindik ekintzarako.
Denbora aurrera doa, presarik ez bada ere. Abby-k aurrera jarraitzen du, gizakiaren aldamenean. Jolasa edo lana izan daiteke; edo, nola bereizi biak? «Non dago? ¿Dónde está?», esaten diote hitz azkarrez, motibatzeko erritmoan. Beste ilara bat igaro dugu. Geldi!... Zrast, egin du oinarekin, lurra markatuz, “hemen duzue” esan nahiko balu bezala. Familia kide dituen pertsonak pozik jarri dira, oso. Zoriondu eta esker ona adierazi diote, hitzez, baita saritxoa emanda ere. Txalekoko patrikatik saltxitxa bat atera eta Abby-ri eman diote. Igurtzi egin dizkiote bizkarra eta bularra, hitz goxoak tartekatuz. Harrotu egin da orduan Abby, eta lan-jolasarekin jarraitu du.
Irribarre batekin daude bi pertsonak, poztasun txut bat hartuta. Txalekoak dituzte jantzita, belaun-babesak eta katiuskak. Bietako bat belauniko jarri da arte zuhaitzaren magalean, lurra gurtu nahiko balu bezala. Sastakaia bat atera du eta lurra mugitzen hasi da, Abby-k eginiko oinatzean. Lur zati bat harrotuta, eskuekin hartu eta sudurrera eraman du: «Usaina du!». Eta segi, usain horren jatorria aurkitu nahian. Sastakaia lurrean sartu, lurra atera, lurra usaindu... Eta hala, hortxe agertu da azala lokazturik duen lur azpiko onddoa: boilurra. Gizakia hortxe, lurrean uxarrean, basurdearen tankeran.
LURRAREN LURRINA
Probatu orduko katigatu zituzten boilurrak Maria Jose Bringas “Jossete” eta Rodolfo Atauri “Txutxo”-k, Abby-ren lagunek. Kanpezuko “Siboney” artadia sortu zuten, hainbat artea zuhaitz landatuta. Orain 16 urte badituzte ere zuhaitzek, 8 urte itxaron behar izan zituzten boilurra biltzen hasteko.
Boilurraren kultura sortzen ari da Kanpezun, usain horrek harrapatu balitu bezala. Duela urte gutxira arte, ezezaguna zen trufa herrian. Edorta Lamo sukaldariak dio sekretuan oinarritu izan dela jarduera, goseak sortzen duen axeri dantzan. Berak kontatu digu Kanpezuko boilurraren istorioa: Huesca inguruetatik, neguan “eskopetarik gabeko ehiztariak” etortzen ziren herrira duela hamarkada batzuk. Bertako kasinoan ostatu hartu, eta goizean ateratzen ziren ehizara, txakurrak lagun zituztela. Eskopetarik gabeko ehiza zen. Ostatua eta inguruak lurrin gogor batek hartzen zituen: ehiztari misteriotsuen zakuetatik zetorren. Kanpezuar batzuek, mendiko izaera horrekin, haien jarduera zelatatzea erabaki zuten. Zaila izaten du axeriak beste axeri bat kuxkuxeatzea, eta laster ohartu ziren zuhaitzen atzean zokomiran zebiltzala. Hala, tratu bat proposatu zieten: trufen ehiza erakutsiko zieten, eurei saltzekotan. Hala hasi zen Kanpezuko boilurraren afizioa.
Hala ere, sekretupeko jarduera izan da, bizilagunen artean ere ia klandestinoa. Bada herrian jendea diru asko egin duena, ia inor ohartu gabe. Eta beste mundura joan dira, sekretua beraiekin batera eramanda.
Gaur egun, bilketa basatia baino gehiago, norbanakoen artadietan burutzen da, eta jendeak errazago konpartitzen du ezagutza, edota usteen suposizioa. Jendeak bere lursailetan trufarekin mikorrizatuak landatzen ditu, hortik urte batzuetara boilurrak biltzeko esperantzan. Hala ere, Txutxok esaten duen moduan, hau ez da patata erein eta jasotzea. Xarma berezia du, eta horrek egiten du berezi. Eta jarduera horretan, txakurra ezinbesteko laguna da: bederatzi egun zituela, ama hilzorian zuela, ekarri zuten etxera Abby, bi eskuen habian sartzen zen “untxitxoa”. Bi hilabete igarotzerako, lehen boilurra topatu zuen, orduan “anai zaharra” zuen Boss txakurraren imitazioan.

Miresmenez oroitzen dute “Boss”, Jossete-k kontatzen digu: «Seinalea egiten zigun oinarekin lurrean. Ez bagenuen aurkitzen, berriro egiten zigun, eta oraindik topatu gabe bagenbiltzan, berak ateratzen zigun ahoarekin», inozo aurpegia geratzen zitzaielarik. Txakurrek super-boterea dute, gizakiekin alderatuz, usaimenaren zentzumenean: txakurrek 220 milioi usaimen zelula omen dituzte, eta gizakiek, aldiz, 5 milioi. Eta umildu egiten dute gizakia, ahalguztidunaren fantasia eraitsiz.
Kume diren garaitik hasten dira txakurrari trufaren usaina erakusten. Batzuetan, trapu bat usainarekin emanez, hura gordez. Besteetan, poto batean sartuta, eta ezkutatuz. Saritxoa eman, zoriondu, eta denborarekin, entrenamendu hori are eta konplexuagoa egin.
Beste toki batzuetan, txerriekin edo etxekotutako basurdeekin ere egiten dute, eta bada beste modu bat ere: makilatxo batekin lurra ukitu, eta gerta liteke eltxo txikito bat altxatzea. Berriro boilurra dagoen lurraren gainera itzuliko da, bere arrautzak han daudelako.
Baina usaimena da protagonista jarduera honetan, txakurraren usaimena nagusi, eta gizakien zaletasuna. Trufaturiko lur hori usaintzearen momentu hori maite du bikoteak, eta trufa behin eta berriz usaintzea, birika luzeko arnasaldian. Lurrin berezi hori, bat harrapatzen duena, erotzen duena.
NATURAREN MAGIA
Usaimenak protagonismoa duen jarduera izateak, ikusmena bigarren planora igarotzeak, ematen dio erakargarritasuna. Bestetik, naturan garaturiko magia izateak ere bai, zientziak kontrolatu ezin duen arnasgunea.
Zuhaitzaren sustraien eta onddoaren arteko sinbiosia gauzatzen da, elkarlana. Kolaborazio hau gabe, ezingo luke bizi. Ikusezin diren ile txiki batzuekin sortuko du harremana sustrai eta lurrarekin, hostoetatik azukre eta aminoazidoak zurrupatuz, eta jasotzeaz gain, eman ere egingo du: elikagai hobea hartzen lagundu, uda beroan hezetu...
Lur azpian egonda, esporak zabaltzeko estrategia da lurrin indartsua jariatzea. Hala, basurdeak hurbilduko zaizkio. Jan egingo dute, baina bere ezpainetan barreiatuko dituzte esporak.
Lurraz gain, ura ere behar dute, baldintza batzuk. Hala, udako euri jasak maite dituzte, eta udako kazkabar ekaitz batek ez dio kalterik egingo. Artea zuhaitza zigortuko du ekaitzak, eta horrek, sustraiek errekuperatzeko lan gehiago egin beharra sortuko du, boilurrei ere indarra emanez.
Jossete eta Abby-rekin artadian goazela, arte zuhaitz bakoitzean dauden zirkunferentzia batzuk erakutsi dizkit. «Seinale bat dira, hor trufak egon daitezkeela esan nahi du. Trufak badu antibiotiko efektua, eta ingurua soiltzen du». “Erreketak” deitzen dira, eta horien intentsitateak trufaren presentzia adierazten du.

Klima, altuera, ura, lurra, airea eta zuhaitzaren baldintzen arabera aterako da boilurra, ia magia bezala. Horregatik esaten da boilurra ehizatu egiten dela, eta noski, baita txakurrarekin harrapatzen delako ere. Sinesmenak daude, eta bakoitzak fedea du bere usteetan, ia erlijioan bezala.
“Horrela da...” esan ordez, “uste dugu...” esaten dela esan dit Jossetek. Ez dago zientzia zehatzik, denak dira usteak, nahiz eta azken urteotan informazio gehiago dagoen. Udan, habiak egiten dituzte lurrean, konpost eta trufa zatiak txigortuta, diotenez, boilurra sortzeko baldintzak laguntzen dituelako.
Eta ezin dugu gizakiek kontrolatu erabat, eta hori gauza bikaina da, beste harreman batean kokatzen gaituelako, eta agian, ona litzateke zientziak gehiegi ez aurreratzea, magia hori ez itzaltzeko.
Magia izateaz gain, afrodisiakoa dela esaten dute, begiak itxi eta bere usainaren irudimenak eramango zaituela sexu lizunera. Behin usaintzen baduzu, itsatsita geratuko zaizu memorian.
BIZIPOZA LUR AZPIAN
Bizia ematen die Jossete eta Txutxori boilur ehizak. Txakurrak hartu eta asteroko itzulia egiten dute denboraldian, azaroan hasi eta martxoa bitarte. Batzuetan, saria jasotzen dute boilur batzuk harrapatuta, lurra usainduta. Besteetan, saria jasotzen dute: naturarekin kontaktuan egonda, mobila ahaztuta, txakurrekin gozatuta...
Txutxo ez omen zen txakurzalea, baina boilur ehizak banaezin bilakatu ditu Abby eta bera. Jada txakurrik gabe ez du ulertzen bizitza, etxeko giroa. Txakurraren eta gizakiaren arteko sinbiosia ere sortu du boilurrak.
Boilurrak hartuta, Kanpezuko “Arabako boilurra” kooperatibara eramaten dituzte. Handik zabaltzen dituzte jatetxeetara. 45 bazkide dira, 200 hektarea kudeatuz eta 1.000 kilotik gora boilur bilduz garaian.
Eta guk gozatzen segiko dugu. Boilur baten usaina estimatuz. Gomendio bezala, jaki soil batekin uztartzeko esan digute, eta guk, txintxo asko, gaurko saria eraman dugu etxera. Tuper batean dozena bat arrautza eta trufa eduki ditugu elkarbizitzan. Arrautzaren poroetatik usaina arrautzan barneratuko da, magia moduan, eta hurrengo arrautza frijituek trufa lurrina izango dute.
