Giza eskubideen defendatzaile afrikarren erronkak ezagutuz eta babesa pentsatuz
Bi egunez, Afrikako zenbait giza eskubideen defendatzaileri beren borrokak eta esperientziak partekatzeko gune bat eskaini zien duela bi aste eta erdi eLankidetzak Gasteizen. Haien erronkak ikusarazteko eta irtenbide zehatzak emateko, babesteko, eta aldaketarako eragile gisa haien legitimitatea handitzeko gune ere izan zen.

Giza eskubideak urratzen diren lekuetan bizitzea arriskutsua izaten da, eta are arriskutsuagoa haien defentsan jardutea. Afrika gatazka askoren agertokia izaki, urraketa horietarako baldintza asko ditu. Gerraren, gosearen eta gaixotasunen biktimak milaka zenbatzen dira. Baina badira egoera hori aldatzeko lan handia egiten dutenak, giza eskubideen defendatzaileak, hain zuzen. Nork babesten ditu, baina, eskubideen defendatzaileak?
Afrikako defendatzaileen lana ezinbestekoa da; hala ere, bai haiek, bai haien erakundeek mehatxuak eta jazarpena jasaten dituzte, haien bizia etengabeko arriskuan dela.
«Egoera horren aurrean, funtsezkoa da Afrikako kontinentean dauden errealitate anitzei erantzuten dieten babes estrategia eta mekanismoei buruzko gure ezagutza sendotzea, bai eta euskal gizarteak aktibista hauen babes integrala bermatzen nola lagun dezakeen hausnartzea ere». Horixe izan zen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak hil honen 6an eta 7an Gasteizko Europa Jauregian egin zituen jardunaldien xedea, bi egunez Afrikako giza eskubideen defendatzaileekin eta erakundeekin erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko eta haien babeserako estrategiak partekatzeko aukera emanda. Halaber, aldaketarako eragile gisa duten zilegitasuna aitortzeko eta haien beharrak hobeto islatuko dituzten politikak antolatzeko baliagarriak izan zitezen antolatu zituzten jardunaldiok, baita EAEren eta Afrikaren arteko lankidetza eta elkartasun eragileen arteko lotura sendotzeko asmoz ere.
Afrikako hainbat herrialdetako giza eskubideen defendatzaileek parte hartu zuten topaketetan. Izan ziren eztabaidetan, Afrikako defendatzaileek dituzten erronka nagusien testuingurua jorratu zuten: balio sozial ultrakontserbadoreen inposaketatik gatazka armatuetaraino, baliabide naturalen ustiapen arduragabea eta giza eskubideen emakumezko defendatzaileek eta sexu orientazioa eta genero identitate aniztasuna defendatzen dituztenek aurre egin behar izaten dieten arrisku handiagoak.
Eskualde mailako, nazio mailako eta herri mailako babes-mekanismoak ere aztertu zituzten, haien eraginkortasuna baloratzeko eta hobetzeko arloak identifikatzeko.
MAHAI INGURUA
«Banaka edo beste pertsona batzuekin batera giza eskubideak sustatzeko eta babesteko neurriak hartzen dituzten pertsonak deskribatzeko erabiltzen da ‘giza eskubideen defendatzaile’ terminoa. [...] zer egiten duten eta zer testuingurutan lan egiten duten deskribatzea da terminoa azaltzeko modurik onena», dio eLankidetzak, eta horren inguruan aritu ziren William Amanzuru, Ugandako Friends of Zoka erakundearen koordinatzailea eta ingurumenaren eskubideen defendatzailea; Caddy Adzuba, Kongoko Errepublika Demokratikoko abokatu, kazetari eta emakumeen, haurren eta prentsa askatasunaren aldeko eskubideen defendatzailea; eta Aminatou Haidar, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzailea “Giza eskubideen defendatzaileen autopertzepzioa, legezko izaera eta zilegitasuna” mahai inguruan.
«Ez nion bidaia honi giza eskubideen defendatzaile gisa ekin, herritar gisa baizik», esan zuen Amanzuruk, eta eskubide horiek ez direla agintariek ematen duten zerbait, errespetatu behar den zerbait baizik; beraz, «ez dira eztabaidatu behar agintariek eman ditzaten, baina bai uler dezaten gobernantza aukeretarako, demokraziarako eta zuzenbide estaturako hartzen diren erabakien artean giza eskubideak bermatu behar direla».
Caddy Adzubak esan zuenez, giza eskubideen defendatzailearen zeregina zoragarria eta oso zaila da. «Hori bizi egin behar da, grina sentitu, DNAn eraman». Bera ez zen jardun horretan sartu hala nahi zuelako, «beharrez sartu nintzen».
Kongoko Errepublika Demokratikoan meatze baliabide asko daude eta pertsonen biziaren eta materialen artean aukeratu behar dela dio. «Gela honetan denok erabiltzen dugun telefonoa egiteko, kongoarrak hil behar dira, ibilgailu bateriak egiteko eta adimen artifiziala izateko, berdin. Ez dut zerikusirik bilakaera teknologikoarekin. Zergatik sakrifikatu behar dut nire bizia norbaitek arazo hori izan dezan? Zertarako? Orduan, galdera horiek guztiak eraman ninduten borroka honetan parte hartzera. Ulertu egin nahi nuen».

Aminatu Haidar ere bere herriko egoerak eraman zuen giza eskubideen aldeko jardunera: «Nire konpromiso aberkoia zela eta, era guztietako ankerkeriak jasan nituen okupazio agintari marokoarren aldetik. 20 urterekin inteligentzia zerbitzu sekretuek bahitu ninduten, eta lau urte eman nituen haien zaintzapean». Askatu zutenean, «aire zabaleko espetxe handi batean preso» aurkitu zuen bere burua, Marokok kontrolatuta eta jazarrita. Egoera horretan bizi izan dira sahararrak lurralde okupatuan; «beraz, giza eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu gara urteetan zehar. Horrela ezagutzen gaitu gure jendeak, giza eskubideen aldeko aktibista gisa. Marokorentzat traidoreak gara, etsaiak gara. Baina gure jendea harro dago gutaz. Eta urteetan zehar, nazioartean giza eskubideen defendatzaile gisa ezagunak bihurtu gara».
Adzubak ere kontatu zuen nola gobernuek etsaitzat hartzen dituzten: «Gure gobernuari esaten diogunean zein den gerraren egoera, Kongoko armadak egiten duena, etsai bihurtzen gara». Eta, dioenez, errebeldeentzat, giza eskubideen defendatzaileek ez dute bizitzeko eskubiderik. Eta emakumezko defendatzaileen egoera are larriagoa azpimarratu zuen: «Bitan gara biktima: giza eskubideen defendatzaile gisa eta emakume gisa».
LEGEDIAK ETA JENDARTEA
Ugandako legeek LGBT komunitateko kideak ez dituzte gizakitzat hartzen, Amanzuruk esan zuenez. «Jarrera penala da ez direla gizakiak, bizitzaren salbuespen bat bizi dutelako». Hala, ikuspegi zabalago baten beharra jarri zuen mahai gainean: «LGBT komunitateko pertsonak jaio ziren; orduan, jaiotzeagatik, beren jaiotza eskubideagatik, errespeta ditzakegu?». Jaiotza eskubideen aldeko aldarri horrek legegileei eta botere judizialari bidalitako mezu bat zeraman: «Ez dut zuen gizaki definiziorik behar».
Giza eskubideen defendatzaileen lana legezkoa da, eta ordezkatzen duten jendarte zibilak legitimatzen du lan hori. Bigarren horretan bat etorri ziren hirurak. «Legitimitatea dugu, komunitatearen babesa dugulako», esan zuen Adzubak. Hala ere, giza eskubideen defendatzaileak babesteko legeak indarrean egon arren, «aplikazioa oso mugatua da, eta bereziki gatazka guneetan, ez dago halakorik. Giza eskubideen defendatzaile bati erraz leporatuko zaio Estatuaren segurtasunaren aurkako atentatua, eta delitu hori heriotzarekin zigortzen da».
Sahararen kasuan, «gaur egun, dozenaka giza eskubideen defendatzaile ditugu Marokoko espetxeetan», kontatu zuen Haidarrek.
Adzubak gaztetatik bizi izan duen esperientziatik, iheslariak ekarri zituen gogora: «Nire bizitza bakean bizi nahi dut, baina etxea uztera behartuta nago, basoak oinez gurutzatzera, errefuxiatu bihurtzeko. Eta Europara etortzen naizenean asilo eske, ukatu egiten didate. Baina zergatik botatzen naute nire etxetik?».


