Santa Luzia
Santa luzi, gaua moztu eta eguna hazi. Azokazaleentzat, jai handia. Eta baita emakume askorentzat ere. Jostunen zaindaria da Santa Luzia, jostunen bista zaintzen duelako. Umetan sumatzen genuen egun handia zela inguruko emakume askorentzat. Bazkaltzeko elkartu, kontuak esan, etxeko lanak eta josteko makina aparte utzi, barre egin, bizitza ospatu. Eta gure ume begietan, arreta ematen ziguten juntadizo horiek. Ohituta ginen gizon kuadrillak txikiteoan ikusten. Emakumeena exotikoagoa zen.
Santuetan ere, emakumeak gutxiengo dira. Santa Agedari kantatzen zaion kopla bakoitza barruraino sartzen zait, ziztada forman. Garaiko sistemak agintzen zion bidetik atera zen Ageda eta bularrak ebaki zizkioten, zigor krudela merezi zuelakoan.
Santa Luziak bista zaintzen omen du. Luzia ere ez zen izan agindu zioten emakume esaneko eta neurritsua. Amak bere borondatearen kontra ezkonarazi nahi zuen. Bertsio desberdinak daudenez, libretik aukeratuko dut bat. Luziak ez zuen ezkondu nahi, ezkongai inposatu zioten gizonezkoak, amorratuta, salatu egin zuen auskalo zergatik. Beti izan da erraza emakume bat salatzeko motiboak eraikitzea. Jarri omen zen Luzia gizon haren aurrean eta galdetu ea zer gustatzen zitzaion beregandik. «Begiak», erantzun zion. Luziak ezpata bat hartu, (bere) begiak atera eta eskura eman zizkion. Kondairak dio, epaiketa egin ziotenean, nahiz eta begirik ez izan, Luziak ikusi egiten zuela. Hortik ikusmenaren zaindaria izatea.
Kondairak, kontuak eta zikinak aparte, garbi dagoena da garai bakoitzean agintari izan direnek zer-nolako obsesioa izan duten emakumearen gorputzeko parteak ebaki, erre, erauzi behar horrekin. Amorruak nola topatu ohi duen bakea pareko emakumearen gorputzaren gainean. Agian kolpatu, erre, erauzi, jipoitu edo erretzeko joera duten beso horiek dira sokaz estu lotu beharrekoak.
Santa Luzia egun ederra opa diet Agedaren eta Luziaren ondorengoei, jostunei eta josten ez dakitenei. Eta egunak eta gauak izan dezatela gogoak ematen dien luzera. •


