Miren Azkarate
Kazetaria

Sinetsarazi nahi digute, baina...

Sinetsarazi digute dena bukatu dela. Jada ez da hangoaz hitz egiten. Isiltasun ia absolutua eta kito, ezer pasa ez balitz bezala jarraitzen dugu aurrera.

Bai, Gazaz ari naiz. Bi urtez genozidio bat bizi izan dugu gure begien aurrean; gosaldu, bazkaldu eta afaldu dugu inoiz gure begiek imajinatu ere egingo ez lituzketen irudiak ikusiz. Eta bat-batean, “bakea” sinatu omen da, eta geroztik, oso noizean behin aipamenen bat besterik ez da ailegatzen gure belarrietara. Orain beste albiste batzuk dira garrantzitsuagoak edo hori sinetsarazi nahi digute. Baina beraiek erabakitzen dute zertan pentsatu behar dugun edo zertaz kexatu behar garen, eta guk onartu.

Kazetaritzako lehen urtean irakasle batek esan zigun: «‘Ke gortina’ da mass mediek erabiltzen duten arma boteretsuena, alegia, momentuan nahi dutena erakutsi eta jendartea distraitu, atzetik beste gertakari garrantzitsuago bat ezkutatzen den bitartean. Lehen lerro hori da dakiguna, atzekoaz, ezkutatu nahi dutenaz, normalean ez gara enteratzen». Egunero gertatzen dira horrelakoak, hau da, une batean badirudi besterik ez dagoela munduan eta erabakitzen dutenean aski dela, bat-batean gertatzen arituko ez balitz bezala da. Ikaragarria! Eta gainera berehala ahazteko kapazitatea dugu. Hori ere ikaragarria!

Baina ez, Gazako sarraskia ez da amaitu eta ez da amaituko. Orain, gainera, herri deuseztatu baten gainean negua bere alderik gordinena erakusten ari da han. Euria, hotza eta hori dena hondakinen, gosetearen eta gaixotasunen artean.

Bitartean, munduaren alde honetan “belenak” muntatzen gabiltza. Gazatik 73 kilometrotara dagoen Betleem herriaren izenean. Bertan jaio zen ahalguztidunaren etxea. Baina kristauak isilik bertan bizi den izugarrikeriaren aurrean. Gu ere isilik eta errepresentazio horiek ikusten. Izan daiteke zekenagoa? Haien Jainkoak burua altxatuko balu… •