Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
HAMARKADA BAT PRESO

Hamar urte Milagro Sala buruzagi sozial argentinarra espetxeratu zutenetik

Duela hamar urte, Milagro Sala buruzagi komunitarioa atxilotu zuten Jujuyn. Ordutik, auzi judizialen kate batek markatu du Tupac Amaru erakundeko buruzagiaren ibilbidea. Egun ospitalean dago 62 urteko Sala, osasun egoera larrian. Bere kasuak herri mugimendua diziplinatzeko saiakeraren ikur izaten jarraitzen du Argentinan.

Milagro Sala, 2016an atxilotu aurretik.
Milagro Sala, 2016an atxilotu aurretik. (Romina SANTARELLI | MINISTERIO DE CULTURA DE LA NACION)

D uela hamar urte, 2015eko urtarrilaren 16an, Milagro Sala buruzagi sozial argentinarra, Organización Barrial Tupac Amaru erakunde komunitarioko idazkari nagusia, atxilotu zuten. Hasiera batean, Gerardo Morales Jujuy probintziako gobernadore ohiaren aurkako escrache bat bultzatu izana leporatu zioten. Une horretatik aurrera, baina, auzi judizialen uholde bat jasan zuen; urteak eman zituen espetxean, eta, ondoren, etxean atxilotuta. Gaur egun, Sala Gonnet ospitalean dago, La Plata hirian, osasun egoera larrian eta orkatilan jarritako gailu elektroniko baten bidez kontrolatuta. «Batzuetan ez du gehiago bizi nahi», kontatu zuen Claudia alabak “Página 12” hedabidean.

Salaren historia militantziaren eta borrokaren historia da, baina baita Argentinako eskuinak herri mugimendua diziplinatzeko baliatu nahi izan duen pagaburu baten historia ere. Sala Argentinako Justizia Gorte Gorenak berretsitako hamabost urteko espetxe zigorra betetzen ari da, “Pibes Villeros” bezala ezagutzen den auziagatik. Zehazki, etxebizitza sozialen eraikuntzarekin lotutako «estortsioa, iruzurra eta legez kanpoko elkarketa» egotzi zizkioten. Defentsaren arabera, baina, errefusatze eta irregulartasunek guztiz markatutako prozesua izan zen.

Zigor horri beste auzi bat ere gehitu behar zaio, 2014an Alto Comedero auzoko polizia-etxe batek telefonoz jasotako ustezko mehatxuekin lotutakoa. Nazio Batuen Erakundeak «arbitrariotzat» jo zuen Salaren atxiloketa, eta erakunde horrek zein Amerikako Estatuen Erakundeak behin eta berriz eskatu diote buruzagi komunitarioa askatzeko Argentinako Gobernuari. Alferrik. Salaren abokatu Elizabeth Gomez Alcortarentzat, «emakume izateagatik eta indigena izateagatik dago preso» aktibista argentinarra.

Txile eta Boliviarekin muga egiten duen Jujuy, Argentinako probintzia txikienetakoa da. “Milagro: Historia urgente” lanaren egile Alicia Dujovne Ortiz kazetariak nabarmendu bezala, «ia boliviarra» da probintzia porteño-en arabera. Bertako ekonomia Estatuak diruz lagundutako monolaborantzetan oinarritzen da, azukrea kasu. Hala ere, Jujuyn daude munduko litio aztarnategi handienak, eta horiek erauzteko ur kantitate handiak behar dira. Hain justu, hor kokatzen da agintariek komunitate indigenekin izandako liskarren jatorria.

Jujuy probintziako hiriburuan, San Salvador de Jujuyn, kartoizko kutxa batean abandonatu zuten Sala, ospitale baten aurrean, jaio eta berehala. Klase ertaineko familia batek adoptatu zuen Sala, baina, 14 urte zituela, adoptatua zela jakitean, etxetik alde egin zuen. «Orduan ezagutu zituen auzo baxuak, droga, kale-indarkeria eta kartzela. Jatorrietara itzultzeak auzo pobreetan gauzak aldatzeko gogoa piztu zuen Salaren barnean», laburbiltzen du Alicia Dujovne Ortiz kazetariak.

Jujuyn, 18 urte zituela, lapurreta batengatik atxilotu zuten Sala. Espetxean zela, gose greba bat antolatu eta presoei janaria prestatzen uztea lortu zuen, kostu berean elikadura hobea lortzeko. Hor jaio zen Sala militantea.

BIZI OSOA BORROKAN

Espetxetik irtendakoan, Argentina Autonomoko Langileen Zentrala konfederazioko parte den Estatuko Langileen Elkartea sindikatuaren ordezkari gisa hasi zen militatzen. 1999tik aurrera, ordea, erakunde berria sortu zuen: auzoen antolakuntzan oinarritutako Tupac Amaru. Nola ez, izenak argi uzten duen bezala, XVIII. mendean Amerikan kolonialismoaren aurkako indigenen altxamendu handienaren burua izan zen Tupac Amaruren figura historikoarekin identifikatzen da erakundea. Hain justu, Peruko Erregeordetzan agintari espainolen gehiegikerien aurkako matxinada gidatu zuen Tupac Amaruk. Hori bai, Ernesto Che Guevara eta Eva Peronekin ere identifikatzen da erakundea, eta euren sinbologia erabiltzen du.

Tupac Amaru erakundearen egoitza, Buenos Airesen. (SILVIAANAC / WIKIPEDIA)

Proiektu komunitarioak garatzen zituen bitartean, Milagro Salak bi seme-alaba biologiko izan zituen Raul Noro idazle eta kazetariarekin, eta kalean bizi ziren hamabi haur adoptatu zituen. 2004an, Salasen proiektuek, gero eta anbiziotsuagoak, Nestor Kirchner presidente peronista hautatu berriaren arreta piztu zuten. Kirchnerrek 150 etxebizitza popular eraikitzeko finantzaketa eskaini zion. Salak dirua kontatu, irribarre egin eta pentsatu zuen: «Diru honekin etxebizitza kopuru bikoitza egin dezaket denbora erdian!». Azkenean, 8.000 eraiki zituen.

Salaren gidaritzapean, ehungintzako eta etxebizitzak eraikitzeko blokeak fabrikatzeko lantegiak ere sortu zituen Tupac Amaru erakundeak, baita lehen mailako arretako zentroak, farmaziak eta kontsultategiak ere. Sala Jujuyko diputatu probintziala eta Mercosurreko parlamentaria ere izan zen. Kargu horiek, baina, ezin izan zituen normaltasunez bete 2016an atxilotu ondoren.

«ESTATU PARALELOA»

Gobernu kirchneristaren garaiaren ondoren, Salari Jujuyn «Estatu paralelo bat» sortzea leporatu zioten. Gerardo Morales Jujuyko gobernadore gisa hautatu eta egun gutxira atxilotu zuten, 2015eko abenduan, gatazka politiko eta sozial handiko giroan. Programa sozialen murrizketaren aurka protesta egiteko Gobernu Etxearen aurrean kanpaldia egin ondoren, Moralesek Tupac Amaru erakunde komunitarioaren aurkako erantzuna gogortu zuen, eta erakundeari pertsonalitate juridikoa eta onura sozialak kentzeko dekretuak bultzatzen hasi zen. Azkenean, 2016ko urtarrilaren 16an, Sala atxilotu zuten, eta, ordutik, inputazio-kate bat, berraktibatutako kausak eta atxiloketa berriak etorri dira, aktibista kartzelatik ateratzea eragotzi dutenak, baita lehen akusazioetako batzuk bertan behera geratu ostean ere.

Nazio Batuek eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Salari neurri ez hain murriztaileak ezartzeko eskatu zuen 2016an. Hala ere, aktibista komunitarioaren aurkako sare judizialak aurrera egin zuen eta azkenean hamabost urteko espetxe zigor bateratua ezarri zioten. Espetxe zigor hori 2025ean berretsi zuten behin betiko, lawfare salaketek, interferentzia politikoek eta berme-gabezia larriek markatutako prozesu batean.

Claudia alabak “Pagina 12” hedabideari azaldu bezala, egun «negar egiteaz nekatuta» dago Sala. «Ez du merezi egin diotena». Elkarrizketa horretan jakinarazi zuenez, «La Platan dago ospitalean, larri, eta horrek desegonkortasun emozional sakona eragin dio». Duela ia hiru urte Salaren seme Sergio Chorolque hil zen, 37 urterekin, eta, hilabete batzuk geroago, senarra, Raul Noro.

«Barkamena eskatzen diot Moralesi beltza eta coya izateagatik», adierazi zuen Salak bere aurkako epaiketan. Ordutik, Tupac Amaru erakundeko buruzagiaren aurkako ankerkeriaren itzala Jujuy osoan zehar hedatu da. Izan ere, Tupac Amaru erakundeko kide asko atxilotu dituzte Milagroren antzeko salaketekin, preso jarraitzen duen bakarra Sala bada ere. Oztopoak oztopo, Salaren askatasunaren aldeko aldarriak tinko dirau Jujuyn hamar urte eta gero.