Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Beldurra zen

Asteon 50 urte bete dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskitik. Memoria bizirik dago.
Asteon 50 urte bete dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskitik. Memoria bizirik dago. (Gorka RUBIO | FOKU)

Monarkiarekin konplazienteak diren historialariek erraz kontatzen dituzte gauzak. Hala gertatu behar zutelako, ez baitzegoen beste aukerarik. Espainiarren neurritasuna nabarmentzen dute. Jendeak ez zuen aldaketa handirik nahi. Finean, herritarrek elite monarkikoak nahi zuen gauza bera espero omen zuten. Gertaerak zerrendatzera mugatzen dira: Franco hil zen, Suarez agertu zen, hauteskundeak egin ziren eta Konstituzioa idatzi zen. Neutroa izan nahi duen kontakizun horretan narratiba handia sortzen dute. Hark horrela gertatu behar zuen. Beste aukera guztiak bide zuzena oztopatzeko bakarrik zeuden. Zaku berean sartzen dituzte bunker frankista zeritzona, hauteskundeak onartzeko arazoak zituzten militarrak zein talde iraultzaileak.

Finean, ez dute egin nahi historialari batek beti mahai gainean paratu behar duen galdera: zergatik gertatu ziren gauzak horrela eta ez beste modu batean? Espainiako trantsizioaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa beldurra izan zen. Gerrak eta gerraosteak belaunaldi oso baten hezurretan iltzatu zuena. Diktadurak etengabe erabili zuena, mugitu nahi zuena geldiarazteko. «Ez sartu politikan», esaten zieten gazteei. Bazekiten zer gertatu zitzaien lehenagokoei. Beldurrak disidentzia ixil batetik oposizio aktibora jauzia egitea ekiditen zuen jende askorentzat.

Suarez frankismoko elitera iritsi zen eta ederki barneratu zuen diktaduraren funtzionamendua. Gakoa beldurra hedatzea zen. Hala planteatu zuen erreforma politikorako erreferendum famatu hura. Baietz bozkatu, bestela orain bezala jarraituko dugu eta. 1977ko hasieran, oposizioko hamarnaka pertsona atxilotzen zituzten egunero: manifestazioak egiteagatik, propaganda banatzeagatik, biltzeagatik... Suarezen hauteskundeen aurreko hilabeteetan, batez ere ezker iraultzaileko alderdiak zigortu zituzten. Ez ziren aukera onargarriak. Are gehiago, hauteskundeetara haien izenarekin aurkeztea ere debekatu zieten eta ofizialki legez kanpo mantendu zituzten -independentistak, karlistak eta errepublikazaleak ere bai-.

Aurten berrogeita hamargarren urteurrena bete den martxoaren 3an ere, beldurra. Luzerako eragin zuen. 1980ko hamarkadan sindikatu eta alderdi politiko gehienek atzean utzi beharreko zerbait bezala ikusten zuten. Ez zen halakorik gogoratu behar, ez ote zen berriro ere gertatuko! Oroimen erreprimitu bezala nahi zuten eta urte askoko lanak eta borrokak ekarri du berriro lehen lerrora. Gogoratu beharrean ahaztu behar zela ziotenak dira, orain, gogoratu dutenei ideologia okerra aurpegiratzen dietenak. Entzun behar, hori ere.

Beldurra izan zen baita 23-F. Itzuli zitekeenari beldurra. Kontuz, hemen gaude eta. Hori ez dago paperetan idatzita. Kontuz, berriz ere tankeak aterako ditugula. Trantsizioa honaino izan da. Hori zen mezu argia. Ez zuen demokrazia inork salbatu egun hartan. Demokrazia, izatekotan, mugatu egin zuten. Ongi mugatu ere. •