Miren Azkarate
Kazetaria

Zubieta «resort»

2007an Martuteneko espetxe zaharkituan espetxeratu nindutenean, bertako funtzionarioek eta zenbait langilek esan zidaten urtebetean Zubietako espetxe berrian egongo ginela, hau da, 2008. urtean. Hori zen ustea, tira, ustea baino gehiago halaxe ziurtatzen ziguten aldiro denoi.

Ia hogei urte pasa diren honetan, badirudi irekitzera doazela espetxe berria eta sinesgaitza iruditzen ari zait hainbat hedabideetan eta politikarien artean nola “saltzen” ari diren irekiera. Espetxea baino, bost izarreko hotela balitz bezala: «Zubieta Norte III espetxeak ziegan dutxa eta telebista, igerileku klimatizatu bat eta frontoia izango ditu».

Ño! Errepide ertzetan dauden panel handi horietako batean anuntziatzea besterik ez zaie falta, halaxe dioten mezuak gehituz: «Hori dena pension completa-rekin, only adults, naturara bista izugarriak, eta, Euskadi tropikal berri honetan, eguraldi ona aseguratua!»

Nork ez du halako paradisura joan nahi ba? «Zeren zain zaude! Eman izena eta parte hartu zozketan!»

Espetxea beti espetxe. Ez dago bat ona. Eta dudarik ez izan ez dela oporretarako resort bat, ez zahar ez berri. Herri honetan badakigu bai espetxeak zer dakarren. Eskumena Eusko Jaurlaritzarena izanda ere, bizi baldintzek txarrak izaten jarraitzen dute, askatasun ezak hor jarraitzen du eta hildakoak ere urtero mordoxka.

2026an notiziak ez luke izan behar espetxe berri bat irekitzera doazela, baizik eta ez direla gehiago irekiko. •