Musker bat
Segundo gutxi batzuk behar izan zituen narrasti trebeenen moduan armairuaren gibelean ezkutatzeko. Bere bi begi txikiak zeharka begira irudikatu nituen, gordeleku berritik zelatan. Erratza hartu nuen eskuan, estu-estu, irteera-bidea zein zen erakusteko baliagarria izanen balitzait bezala. Nintzen lekutik oin baten punta bat ikusten nion, eta hari so nintzela errepaso mental azkar bat egiten ahalegindu nintzen geunden tokiraino nola iritsi ginen ulertu ahal izateko. Egiari zor, nire akatsa izan zen. Ikarazko oihu eskas hura egin bitartean atea zabal-zabalik utzi nion sukalderaino sartu zedin. Beraz, alferrik zen ezertan saiatzea; musker bat sartu zitzaigun etxean, eta ez zuen ateratzeko asmorik.
Sekula ez nuen lehenago halako muskerrik ikusi. Buztan luze bezain fina zuen eta ibili ahala alde batera eta bertzera mugitzen zituen gorputz eta buru sendoak. Ohikoagoa zitzaidan gure baserri-inguru edo mendietako animaliatxo berdea, eta (sustoa justifikatzeko), aitortuko dut nire muskerren iruditerian gure zelaien eta larreen berdetasunarekin bat egiten zuen hura soilik zegoela ordura arte. Baina, parean nuena musker balear bat zen, anitz baitzeuden inguru horietan. Ez zen Euskal Herriko landareen artean udaberriaren goxotasunera iratzartzen diren horien modukoa. Handiagoa zen, marroia berdea baino gehiago, nahiz eta azala kolore-nahasizko orbanez betea izan. Zinez, erraldoia iruditu zitzaidan nire begietan momentu hartan.
Herri-kondairak tresna baliotsuak dira herri baten nortasuna eta izaera eraikitzeko, sendotzeko eta ulertzeko. Nik ikaragarri maite ditut belaunaldiz belaunaldi transmititu eta kontaturiko istorio edo ipuinak, eta nik ere gustura aditu eta kontatzen ditut. Hala ere, etxekide berriaren oin-errestoari tentuz begiratzen nion minutu luze horietan damutu egin nintzen muskerraren kondaira ezagutzeaz. Lehengo zaharrek aholkatzen omen zuten belardi eta soroetan ez zela komeni lorik egitea, belarri zulotik sartuta muskerrak burmuina jateko arriskua izaten delako. Hori nahikoa ez eta muskerrak kopetara salto egin dezakeela ere aditu izan dut. Bertan itsatsita gelditzen omen da, kopetan geldi-geldi, zazpi herrietako ezkilek jo eta libratzen den arte. Institutu denboran “Obabakoak” irakurri nuenean berretsi nuen zabalduak eta orokorrak zirela aspaldiko sinesmen horiek, baita muskerra edukitakoa betirako ergeldu ohi zela baieztatu ere. Segur aski, oroimen kolektiboan sustraitutako asmakizun fantastikoak bertzerik ez dira horiek guztiak, baina, nire alderdi inozenteenaren alerta piztu zuen lagun berriak.
Pixka bat lasaitu eta berak agintzen zuela onartu nuenean (denboratxo bat pasa zen ordurako), kanpora atera eta nire martxan segitzea deliberatu nuen. Atea irekia utzi nuen, muskerrari berak hala nahi izanez gero sartu zen leku beretik ateratzeko gonbita eginez. Goiz hartan, egun batzuetan atsedenleku izanen genuen izebaren etxeko mahaiaren gainean topatu nuen aldizkaria magalean hartu eta irakurtzen hasi nintzen. Inguruko uharteetako etxebizitzaren arazoaren eta espekulazioaren inguruko erreportaje luze batean iltzatu nituen begiak. Ongi antzeman nituela baieztatzeko birritan leitu behar izan nituen zifrak: hiru etxetik bat bigarren etxebizitza zen uharte hartan, bertze hainbertze ziren lizentzia turistikodun etxeak eta zazpi etxetik bat hutsik zegoen.
Paseo baten premiaz eskailerak jaisten hasterako bizilaguna landare ihartuak berpiztu nahian topatu nuen. Ataka ongi ixteko aholkatu zidan, «badaezpada; badakizu gauza nola dagoen». Azkenik erranarazi nion iradoki zidana, eta baieztatu zidan nire ustea: «...okupak sar ez daitezen». Buelta erdia emanez sartu zen etxean eskuan zuen landarearekin borrokan jarraitzeko. Ezin izan nuen bere iruzkinaren aukera baliatu okupazioa difamatzeko kanpaina zer zen azaltzen saiatzeko. «Lasai», pentsatu nuen. «Muskerrik ez, baina bertze zerbait sarrarazi diote honi belarri zulotik». •

