«Esku hartze» biolentoak
Harridurak eragiten duen sentsazioa zail da hitzetara ekartzen, harridura amorru bihurtu daiteke eta erantzun batean har dezake lur onenean; tartean, etsipenarekiko bidegurutzean, bide hori hartzen ez badu. Bide horretan kezkak lanbrotzen du begirada eta beldurra sartzen da hezurretan. Sentsazio horren antzeko zerbait izan dut aste honetako albiste batekin: «Udaltzaingoak gizon bat hil du Hondarribian tiroz».
Babacar Welle izena duela jakin zen gero, osasun mentaleko arazoak zituela eta Hondarribiko gizarte zerbitzuak jakinaren gainean zeudela. Wellek ostatu batean zeudenei mehatxu egin omen zien, eta ertzainak hura geratzeko ahalegina egiten hasitakoan udaltzainak tiro egin omen zion, hiru tiro. Biharamunean herriko senegaldar komunitatea kalera atera zen, baieztapen bat bota zuten: «Bere koloreagatik hil dute Babacar». Eta aldarri garbi bat plazaratu zuten: «Beste modu batek egon behar zuen Babacar gelditzeko». Tartean izan dira kontakizun desitxuratuak, zurrumurruak eta zenbait hedabideren titular pozoituak. Babacarren gertukoenek, egindako elkarretaratzean zalantzan jarri zuten Lakuako Segurtasun Sailaren bertsioa, eta errepikatu zuten: «Poliziak arazo bat zuen Babacarren kolorearekin eta arrazarekin».
Izoztuta utzi beharko gintuzke horrelako gertakari batek, edo kontrara, akaso sutan egon beharko lukete kaleek. Hainbat adierazpen egin dira hilketa horren ondotik. SOS Arrazakeriak zalantzan jarri ditu poliziaren jarduna eta osasun mentaleko politikak, eta eskaera argi bat egin du: «Welleren heriotzak izan beharreko erantzun judiziala ez dadila lausotu haren heriotzaren erantzulea polizia izateagatik». Zoritxarrez Euskal Herrian asko dakigu inpunitateaz.
Ertzaintzako ERNE sindikatuak «babes osoa» adierazi die atxiloketan esku hartu zuten agenteei, eta bere aspaldiko aldarria gogorarazteko ere baliatu du: «Taser pistolak eraman behar ditugu, horrelako bitartekoek atzera-bueltarik ez duten gertaerak eragotz ditzaten». Badirudi azkar ahaztu zaiela Ander Saenz Tortajadaren kasua, joan den ekainean Santurtzin hura atxilotzen ari zirela taser pistolak erabili eta ondorengo egunetan ospitalean hil baitzen, hain zuzen, udaltzainen taser pistolaren eraginez.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak gertatutakoa ikertzeaz gain -ikerketa «inpartziala» eskatu du-, «hausnarketa» egiteko deia egin zuen. «Aurrez ere neurri batzuk hartzen saiatzen ari ginen, baina ez gara gai izan gizarte bezala pertsona horren egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoa emateko. Erakundeen artean koordinazio handiagoa behar dugu». Eta tiro egin zion udaltzaina lanpostutik kendu dute. Zer gutxiago, gertatutakoa deitoratzea eta langile hori kanporatzea, baina hori egiteak ere ia harritzen gaitu.
Zupiria argi mintzatu zen: «Udaltzainak beren formazioak esaten duen bezala jokatu zuten». Uau. Zer erakusten dute Arkautin? Segurtasun zibilaz bere zabalean eta polizia ereduaz bere zehatzean eztabaidatu beharra azpimarratzen dugun garaiotan, oinarriak eta zutabeak ere argi jarri behar dira, herritarrok erdigunean egongo garen ereduak, baliabideak eta politikak aldarrikatzen ditugu. Eta orduan gogoratzen naiz Iñigo Cabacasez, Xuhar Pazosez, Aritz Ibarraz, Amaya Zabartez, Iker Aranaz… eta auskalo zenbat izengabekoz.
Txikitatik, gure herrian beti bereizi izan ditugu ertzainak eta udaltzainak, modu sinplista batean, umeen logikan: batzuk gaiztoak ziren eta besteak zintzoak. Baina agerian geratu da: udaltzain guztiak ez dira zintzoak eta zaintzaileak, eta, hemen, bizitza guztiek ez dute balio bera. •
