Hamabost urte, hiru ikuspegi
Gaur zortzi helduko da Aieteko Bake Konferentziaren hamabosgarren urteurrena. Urtemuga borobila da, kazetariok gustuko dugun horietarikoa, baina ez dirudi ospakizunik ekarriko duenik, ezta adierazpen politiko berezirik ere. Ikastetxeetan ere ez da egun haren arrastorik, itxuraz: 2011n zer gertatu zen galdetuko diot 16 urteko ikasle bati eta Zapaterok hauteskundeak galdu zituela erantzun dit. Bale ba... Beste batzuen kasuan okerragoa da, jakina: hura ez zela gertatu irudikatu nahi izan dute beti, eta gaur egun ere horrela jarraitzen dute. Eguneroko jardueran errepikatzen dute PPk eta Voxek, edo Auzitegi Nazionalak behin eta berriz auziak berrirekiz, edo Real Madrilek GARAren kontra egin duenean. Ez horiek bakarrik, EAJko zenbait kidek ere Agirre lehendakariari buruz eztabaidatzerakoan atera diote ETAren mamua EH Bilduri. Modako hitza hartuta, beste garaietako “errentistak” dirudite batzuek eta besteek.
Ez dirudi, beraz, ordukoa oso gertaera garrantzitsua izan zenik. Agian bertan adostutakoa ez zelako guztiz bete? Egiaztatze aldera mamia dirudienera jo dut, adierazpenera. Hasteko, beste garai bateko hizkera aurkitu dut, landuagoa eta sakonagoa, Tik-Tok-erako oso desegokia duda barik.
Testuari helduz, lehen puntua, ETAri armak uzteko interpelazioa, lau egun eskasean betea zen. Bigarrenak Madrilgo eta Pariseko gobernuei dei egiten zien, gatazkaren ondorioei heltzeko; alferrik izan zen. Hirugarrenak elkarbizitzan aurrera egiteko urratsak eskatzen zizkion alde orori; Aietera itzuliko zen ezker independentista 2021ean berea emateko, Estatuenaren zain gaude oraindik. Laugarrenak gatazka politikorako elkarrizketa eta galdeketa bidezko konponketa proposatzen zuen; atera kontuak.
Azterketa ezin da erpin horretatik bakarrik egin, ordea, Aieten idatzi ez ziren gauza asko gertatu direlako: elkarbizitza osasuntsu bat sortu da orokorrean eta era naturalean, ETAren armagabetzea eta desegitea gauzatu dira, presoen urruntzea amaitu da, lorpen horiek ekarri dituen herri bultzadak abertzaletasuna nabarmen sendotu du Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, ezker independentistak orduan aurreikusi ezin ziren aurrerapen itzelak eman ditu, estatusaren inguruko eztabaida mahai gainean da zazpi lurraldeetan, ziklo aldaketak eskuina ahuldu du indartu beharrean...
Are gehiago, hirugarren ikuspegi batetik ere egin daiteke bilana. Hau politika-fikzioa izan daiteke, bai... edo egia gordina. Izan ere, Aietetik pasata edo Aieteren berririk izan gabe, munduak bere (gal)bidea egin du. Teknologiaren eztandak goitik beherako aldaketak ekarri ditu, arlo humanoan zein politikoan: indibidualismoak goia jo du, krudelkeriak ere bai, kontrol polizial-militarrak zer esanik ez, gezurra gailendu da, autoritarismoari bidea erraztu zaio edozein barrabaskeria baimentzeraino, eta adimen artifizialak hori guztia larriagotuko du, larriagotzen ari da jada. Ez dut “NAZA” pelikula ikusi, guztiz gomendagarria eta aldi berean aztoragarria dela esan didate, baina 2011ko egun hura gertatu gabe, 2026ko Euskal Herria NAZA gisako baten pean irudikatzen dut, barrutik sakabanatua eta kanpotik gogor kolpatua. •



