Intimitatea

Asko ezagutzen ez duzun beste pertsona batekin sexu gau bat igaro ondoren, sentsazio arraro batekin esnatu zara. Asko gozatu duzu, baina zerbait falta da. Ez zaude guztiz ondo zeure buruarekin, hutsune bat sentitzen duzu. Sentipen hori, gehienetan, afektu bila zabiltzalako gertatzen da, maitatua sentitu nahi duzulako. Oso sexu esperientzia atsegina izan dezakegu norbaitekin maitasun harremanik izan gabe. Baina ez da harritzekoa topaketa horiek errepikatu ondoren pertsonen arteko lotura eta konplizitatea pixkanaka sortzea.
Intimus hitzak latinez “sakonena” esan nahi du. Hau da, gure barne munduaz ari da, besteei erakusten ez diegunaz. Gure beldurrak gordetzen ditugu, gure ametsak, ilusionatzen gaituena eta lotsatzen gaituena. Gorde egiten dugu, pertsona desegokiari ematen badiogu, zauri sakonak jasan ditzakegulako.
Intimitatea da afektua lehenesten duen edozein harreman sakonen zutabeetako bat. Maila pertsonalean, pertsona batek gure bizitzetan balioa duela iruditzen zaigu, pertsona horrekin kaltebera izateko konfiantza nahikoa dugunean. Intimitatea, fisikotasuna zeharkatzen denean eta beste pertsonaren sakonenarekin konektatzen denean sortzen da.
Intimitatea izango da gu garen bezala agertzera bultzatuko gaituena. Gugandik hurbilen dauden pertsonak, konfiantzazko zirkulu horren parte izatea behar dugu. Beste pertsona batekiko intimitateak gure barne mundua ezagutaraztea eta besteak berea ezagutaraztea eskatzen du, konplizitatea, pertsona hori nor den jakiteko jakin-mina izatea. Sexua ere intimitate adierazpen bat da, baina ez da bakarra. Intimitatea, oro har, bai sexuan, bai sexutik kanpo, eroso eta seguru sentitzen garen egoera bat da. Gu geu garen eta beldurrik ez dugun espazio bat.
Harremanen alderdirik erabakigarrienetako bat emozionalki seguru sentitzea da. Hori da intimitate mota ezberdinen sarrera. Konfiantza emozionalak lotura psikologikoa eraikitzen du, eta orduan hasten gara intimitatea eraikitzen. Intimitateari esker, hurbiltasunean eta konplizitatean irabazten dugu, eta babesleku seguruak eraikitzen ditugu gu geu izateko beste pertsona batzuekin.
Batzuetan norbaitekin maitemintzen gara, eta norbait horrek, benetan, lokarri horretan interesik ez balu bezala jokatzen du. Ez du zaintzen, bere jokabidea anbiguoa da, batzuetan hurbil sentitzen dugu, eta berehala, izotz bat bezalakoa da. Intimitatearekiko beldurra harreman-antsietate gisa ere ezagutzen da, eta beste figura batzuekiko benetako lotura eraikitzeko ezintasunean datza. Horrela, eta nahiz eta hori bereziki kaltegarria izan eremu afektiboan, adiskidetasun bat eraikitzeko orduan ere ager daiteke.
Intimitatea sortzen da, beste pertsona batek zure akatsak ikusteko eta bereak erakusteko beldurra galtzen duzunean, eta horrek denbora eta pazientzia eskatzen ditu. Hilabeteak eta urteak ere eskatzen dituen elkar ezagutzeko prozesuaz ari gara. Konfiantza aurkitzeko eta bestearekin hainbeste desiratzen dugun intimitate hori noizbait sortzeko, “mozorroa” kendu eta, azken batean, arriskatu egin behar da. Hori egiten ez badugu, inoiz ez dugu izango aukera harreman sendo eta benetakoak sortzeko eta besteekin intimitateaz gozatzeko. •



