Bibendum


Bada usain bat, Gasteizen bizi izan den edonork daki, denborarekin hiriaren bereizgarri bihurtu dena. Haizeak erdialderaino ekartzen du lantzean behin eta hemengo kale-kantoietan zehar hedatu, irizpide zehatzik gabe, boladaka, aurrez abisua pasatzea ahaztu izan balitzaie legez. Kanpoaldeko kafe fabrikatik datorrela diote batzuek, Michelin lantegiaren kontua dela besteek, larruzko sofa fabrika ere aipatu didate inoiz. Oraindik, behin baino gehiagotan galdetu badut ere, ez dut misterioa argitzerik lortu. Egia deskubritzea, izan ere, konplikatua da beti. Nork bere bertsioari eusten dio honetan ere. Eta zalantzak hor dirau, erre usainak bezala, iraunkor.
Etxea aireztatzeko leihoak zabaldu eta gosaltzen ari nintzen bitarte hunkigarrian, lozorrotik kolpean esnatu ninduen azken orduko albiste batek aurrekoan; Frantzia erdialdeko hiri batean bizi zen Francois Michelin enpresaria hil zela aipatzen zuen titularrak. Izen bereko pneumatikoak mundu osoan famatu egin zituen aitaren aitonaren birraitonaren ondorengoa, argitu zuen albistea zehetzeko ardura zeukan esatariak jarraian –leinuko emakumeek ez zuten zerikusirik izan ezertan, antza denez–. Frantziako enpresari handi eta kristau porrokatua. Gasteizko sinbolo bihurtutako abizena oparitu zigun ekintza gizon eskuzabala. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakituriaren ohorezko eroale izandako pneumatikoen patriarka. XX. mendea ondoen laburbiltzen duen (logo)tipoa. Langileen lanari ateratako etekinetatik dirua egitearen artea. Behin puztuz gero, airerik galtzen ez duten gurpilak. Hiritar eredugarriaren totema. Bekatuak elizan aitortuz erredimitzen den salbatzailea. Errespetuz jagon beharreko izen-abizenak. Albiste eta albiste arteko iragarkiak.
Kazetariak ez zuen argitu gizona inoiz Gasteizera etorri bazen, mezaren bat entzutera edo, ez dakit ba. Apika, bere jabetzapeko lantegian buelta bat eman eta langileak diskurtso ponpoxoren batekin motibatu ondoren, katedrala bisitatzeko aprobetxatu zuen noizbait. Dena dela, etorrita ere, ez dut uste airean dabilen erre usain hau nabarituko zukeenik. Hemen ere, egia esan, inork ez du haren falta handirik sumatu egunotan. Edo ni ez naiz enteratu behinik behin. Neguko gurpilak kendu eta udakoak jarri behar ditudala, hori bai, horrekin akordatu nintzen berria entzundakoan. Inportantea delako sasoian sasoiko pneumatikoak erabiltzea. Errepidera ondo itsatsiko direnak, asfaltoari helduko diotenak gose denak ogi lehorrari nola. Segurtasunaren izenean egin beharreko ahalegin txiki horietako bat gehiago da. Etxetik irtetean sarrailari lau buelta ematea bezala, gogoratu beharrekoen zerrendan apuntatzen diren gauza inportanteak. Iragarki eta iragarki arteko albisteak.
Harritzen nau, gertaera inork hauteskunde kanpainarako baliatu ez izana honezkero. Hau hasi baino egin ez denean, entzundakoak entzunda eta ikusitakoak ikusita, emango luke kontuak zirkurako. Irudika dezaket; Bibendum, Michelinen panpina irribarretsua, Dato kalean hautagairen baten aldeko kanpaina betean. Edo zepelin baten pare, hiri gaineko zerua egunean lau aldiz zeharkatzen. Arabako hiriburuan aurreikusten den berdinketa hirukoitza apurtzeko giltzetako bat izan daiteke. Diotenez, boto gutxi batzuek erabakiko baitute partida. Azken bihurguneraino ez dugu jakingo nor irtengo den garaile. Pneumatikoek zerikusi handia eduki dezakete horretan. Derrapatzeak neurtu beharra baitago. Haizeak nondik jotzen duen ere bai. Hegoaldetik aldaketa datorrela dirudi. Erre usain honekin bukatzeko nahikoa izango den ikusteko dago.
Bizitzak iragarki baten gero eta antz handiagoa du. Publizitatea zena, politika da egun. Merke saltzen da dena, eta merkeegi erosi. Kasu batzuetan, hala ere, ondo pentsatu beharra dago zein produktu aukeratuko duzun. Gustatu ezean, lau urte barrura arte ez duzulako aldatzerik izango. Eta lau urte, panorama zein den ikusita, denbora tarte luzea da eguratsari darion erre usain honekin iraun behar izateko. Aire berrien premia larria dugu. •

