Ander Izagirre
Kazetaria

Dinosauroen paseoak deskubritu zituen afizionatua?

Klaus Pedro Schüttek aurkikuntza itzela egin zuen 1994an eta inork ez zion jaramonik egin: Sucreko harrobi batean (Bolivia) ehunka dinosauro aztarna ikusi zituen. Baina paleontologia zale hutsa zen eta inork ez zituen bere abisuak serio hartu. Duela gutxi, 2015eko apirilaren 22an, nazioarteko aditu talde batek adierazi du Cal Orck’o izeneko hormatzar horretan hamar mila dinosauro oinatz baino gehiago daudela: munduko aztarnategirik handiena, dinosauroen bizitza hobekien erakusten duena.

Jatorri alemaniarreko boliviarra da Schütt, 63 urtekoa, garaia, argala, ile zuri nahasia eta azal arrosakoa, mantso mugitzen dena. Dinosauroei buruz hizketan hasten den arte: orduan bizitu egiten da, keinuka hasten da, bere etxeko salan liburuak, argazkiak, objektu bereziak bilatzen hasten da. Etxeko sarreran harri pikordun handi bat dauka. «Ba al dakizu harri hau zer den», galdetu dit. «Ideiarik ez. Fosilen bat?». «Koprolito bat», eta irribarrea luzatu du azalpena osatu aurretik. «Dinosauro baten kakatzarra fosilizatuta». Salan iratzeak eta araukariak dauzka, dinosauroen garaiko landaredia. Giro kretaziko horretan, harrobiko aurkikuntza dakar gogora.

«Eskola Alemaneko ikasle ohiak Sucreko harrobi batera joan ginen bisitan, gutako batek han egiten zuelako lan. Ebakitako mendi batean, marka mordoa ikusi nituen: dinosauro aztarnak!».

 

Schütt, lanbidez, zinegilea da. Baina paleontologia zalea ere bai, Boliviako jakintsuenekin ibilitakoa. La Pazera deitu zuen, Historia Naturaleko Museora, aurkikuntzaren berria emateko. «Zenbat dinosauro oinatz daudela esan duzu?», galdetu zioten. «Mila inguru». Schüttek ez zekien, baina munduko aztarnategi handienak 220 oinatz zeuzkan, Alemanian. La Pazetik ez zioten inoiz bueltan deitu.

Aztarnategiaren pelikula labur bat grabatu eta Boliviako eta Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate, museo eta zientzia-aldizkarietara bidali zuen. Steven Spielberg berari ere bidali zion, “Jurassic Park” pelikula Cal Orck’oko horman proiekta zezan proposatuz.

Hiru urte geroago, bideoa Christian Meyer paleontologo suitzarraren eskuetara iritsi zen. Aditu handienetako bat da Meyer, dinosauro baten paseorik luzeena aurkitu zuena, 120 metrokoa, Gobiko basamortuan. Meyer txundituta gelditu zen Schütten bideoan tiranosauro baten 581 metroko paseoa ikusi zuenean. Abioi bat hartu eta Sucrera joan zen.

«Harrobira eraman nuen», kontatzen du Schüttek, «eta zur eta lur gelditu zen: ‘paleontologiaren Grial Santua daukazue hemen!’, esan zuen».

Ordutik, Meyerrek hamabost urte eman ditu horma aztertzen. Aurreko apirilaren 22an, prentsaurreko batean adierazi zuen hamar mila aztarna baino gehiago zenbatu dituztela jada, ehunka dinosaurorenak, Hego Amerikan bizi ziren espezie guztietakoak eta orain arte ezagutzen ez ziren beste hiru espezietakoak ere bai. Eta gunea Gizateriaren Ondare izendatzeko eskaera bidaliko diotela Unescori. «Duela 66 milioi urte dinosauroen mundua nolakoa zen jakiteko, inoiz ezagutu dugun eszenarik argiena ikusten da hemen», dio Schüttek.

Bostehun metroko paseo horri erreparatuta, adibidez, tiranosauro txiki bat irudikatu dezakegu, bost metro luzekoa, bi hankaren gainean dabilena laku baten ertzetik. Ehizara etorri da: saurio belarjale handiak lakura hurbildu ohi dira, ura edan eta algak jatera, adibidez titanosauro ikaragarriak, 25 metro luzekoak. Aztarnei esker badakigu titanosauroak taldean mugitzen zirela eta taldearen erdian kumeak babesten zituztela, aztarna txikiagoak daudelako. Tiranosauro txikia urduri ibiliko zen lakuaren ertzean, krokodiloen bat-bateko erasoen beldur. Arrainak, dortokak eta saurio hegalariak ere han zebiltzan: bizitza puri-purian, sumendi bat lehertu baino bi edo hiru egun lehenago.

Sumendia lehertu zenean, errautsek dinosauroen oinatzak estali eta gorde zituzten, 66 milioi urte geroago Klaus Pedro Schütt harrobi batera hurbildu zen egunera arte. •

www.anderiza.com